Miren Azkarate Badiola

Isidroren irribarrearen indarra

Berri txarrak eta pozgarriak jasotzen ditugu maiz, bizitzaren legea da, heriotzak eta jaiotzak bezala. Gaurkoan lehen horietako bat ekarri nahi dut hona, berri triste bat. Heriotza bat bada ere aipatuko dudana, ezin dut irri txikia ahotik kendu, horrela oroitzen baitut beti Isidro Murga. Beti, beti irribarrea ahoan.

Bere heriotzak sorpresaz hartu nau. Egia esan, aspaldian ez nuen bere berri zuzenik, baina estimu handian nuen pertsona zen. Leongo espetxean ezagutu nuen: bera, bere anaia Patxo eta Josu Uribetxeberria ondoko moduluan bainituen. Ez genuen aukera handirik elkarrekin hitz egiteko; noizean behin haien patioa eta geurea banatzen zituen murruaren alde banatara izaten genituen solasaldiak (motzak, txakurrek ez baitzituzten gogoko) edota gu bisitetara ateratzen gineneko momentua baliatzen genuen elkarri hitzak airean bidaltzeko. Minutu horretantxe edo akaso asko jota bost minutu horietan izaten genuen elkar aurpegia ikusteko aukera. Hirukoa haien jantokiko aulkietara igotzen zen eta leihoetako barroteetan burua sartuta itxaroten ziguten Isidrok, Patxok eta Josuk gu agurtzeko eta hitz batzuk gurutzatzeko prest. Hiru adineko gizon hiru neska gazteri egun on, animo hitzak eta hitz goxoak esaten (aparteko irudia dudarik gabe). Eta hantxe Isidroren irribarrea beti guretzako opari. Pilak kargatzeko ez nuen besterik behar.

Gaur egun momentu hura gogoratzeak grazia egiten dit, baina, era berean, asko hunkitzen nau. Eta, nola ez, indarra ematen dit; «egin irri, irabaztera goaz eta» esaldiaren irudi grafikoa zen Isidro. Bere irribarreak eta bizitza guztian egindako lanak, garaipena besterik ez dute merezi. •