11/05/2019

Liliana Cordova Kaczerginski
Nazioarteko Judu Antisionisten sareko kidea

Israelgo estatu sionistaren benetako izaera kolonialista eta baztertzailea agerian uzteko eta palestinarren giza eskubideen aldeko borrokan ari da.

«Indar faxisten eta ultren nazioarteko sare bat dago, hegemonia nahi duena, eta Israel sare horretako ezinbesteko osagaia da»
Koldo Sagasti
0511_liliana2

Liliana Cordova Kaczerginski ekintzaile internazionalista da, eta Judu Antisionisten Nazioarteko Sareko (IJAN) sortzaileetako bat. Parisen jaio zen eta haren aita Vilnius Lituaniako hiriburuko ghettoko gudari komunista izan zen nazien aurkako erresistentzia juduan, Bigarren Mundu Gerran. Argentinan hazi zen. Gerora, hamalau urtez bizi izan zen Israelen, eta bertan Letra Hebrear eta Hispanoamerikarren Ikasketak egin zituen Jerusalemeko Unibertsitate Hebrearrean. Handik Frantziara alde egin zuen berriz, eta bertan pedagogo lanetan aritu zen. Egun erretiratuta badago ere, gogotsu jarraitzen du palestinarren giza eskubideen aldeko borrokan; eta 2008an, haren mugimenduarekin batera, BDZ (Israelen aurkako Boikot, Desinbertsioak eta Zigorrak) kanpainarekin bat egin zuen. Borroka neketsua darama, plano teorikoan eta praktikoan, Israelgo estatu sionistaren benetako izaera kolonialista eta baztertzailea agerian uzteko. 

Nola sortu zenuten Judu Antisionisten Nazioarteko Sarea? Nola iritsi zineten, juduak izanik, sionismoari aurre egin behar zeniotelako konbentzimendura?

Ezer baino lehen azaldu beharko genuke zer den sionismoa. Sionismoa doktrina eta proiektu politikoa da. Dei egiten die juduei “Lur Santua” deritzotenean kokatzera, Palestina historikoan, alegia; dei egiten dio beste kontinente batean bizi den kolektibo bati ez dagokion lur bat inbaditzera, bertan bizi den jatorrizko populazioa garbituz. Hortaz, doktrina koloniala da. Zientzia politikoetan kokalekuen bidezko kolonizazioa deitzen zaio prozedura horri. Doktrina hori mundu mailako kolonizazio prozesu baten erdian eratu zen; izan ere, antzeko prozesuak burutu zituzten Europako potentziek beste leku batzuetan, besteak beste, Afrikan, Asian eta Hego Amerikan; eta garaiko indar kolonialen oniritzia izan zuen. Sionismoa, beraz, egitasmo modernoa da, ez zen existitzen 1890 baino lehenago, eta, orduan, judu gutxi batzuek soilik hartu zuten parte sortze prozesu hartan, gehienek Ameriketara emigratzea nahiago izan zuten-eta. Hala ere, sionismoak badu berezitasun bat, milaka urteko mitoetan oinarritzen dela, Jainkoaren aginduz lur hori herri juduari zegokiolako mitoan, duela lau mila urte eurena izan zelako berreskuratu behar dutelakoan.

Guk, berriz, errefusatu egiten dugu Israel askapen nazionaleko proiektua denik, aitzitik, esaten dugu proiektu koloniala dela; eta antisionistak garenez, esaten dugu sionismoaren kontakizuna desmuntatu egin behar dela. Aparatu sionistak kontatzen du Palestinako eremua herririk gabeko lurra zela eta lurrik gabeko herriari dagokiola, Palestinaren gaineko eskubide historikoak juduei bakarrik dagozkiela, eta halaxe dela Biblian idatzita dagoelako... Bada, horrela mito asko eraiki dituzte historian zehar. Baina bestelako mito modernoak ere badaude, besteak beste, Israel herrialde demokratikoa dela, bertako armada munduko etikoena dela... Inolako funtsik gabeko kontakizun hori agerian utzi behar da.

Nolanahi ere, Israelek sortzetiko mito horiek baliatzen ditu Palestinako okupazioa justifikatzeko, baita komunitate juduaren ustezko ordezkaritza ere. Izan ere, Israelek Bigarren Mundu Gerratik bizirik ateratakoen eta, oro har, munduko judu guztien ordezkaritza bereganatu nahi du. Zer deritzozue ideia horri?

Halaxe da, eta guztiz errefusatzen dugu. Hori argi ikusten da espainiar Estatuan. Komunitate judua txikia izanik, talde horretako askok gogor jarduten dute palestinarren eskubideen kontrako oldarraldian, baita Palestinarekiko elkartasun ekintzaileen kontra ere. Eta horrela jokatzen dutenean judu guztien izenean ari direla esaten dute, inork hautatu ez baditu ere. Hemen bezala AEBetan ere hainbesteko boterea duten erakunde juduek juduen parte bat baino ez dute ordezkatzen. Argentinako kasua ere ondo ezagutzen dut. Bertan komunitate juduaren %10ak baino ez du parte hartzen erakunde judu horietan; erakundeok, berriz, judu guztiak ordezkatzen dituztela esaten dute. Erakunde horiek Israelgo politiken konplize dira, estatu sionistaren propaganda aparatuaren erantzule dira mundu mailan, eta tokian tokiko eskuineko eta eskuin muturreko erakundeekin elkarlanean aritzen dira.

Hain zuzen ere, Israelen aldeko presio talde horiek, oinarri sozial oso eskasa badute ere, baliabide asko dituzte eta oso aktiboak izaten ari dira azken urteotan. Judu antisionistak zareten heinean, zein da zuen harremana erakunde judu horiekin?

Gu erakunde txikia gara, baina Israelen aldeko erakunde horiek ere ez dituzte judu guztiak ordezkatzen. Gehienek euren bizitza lasai bizitzea besterik ez dute nahi. Beraz, gurekiko harremana da aintzat ez hartzea. Adierazpenak egiten ditugunean Israelekiko eta munduko indar atzerakoiekiko haien konplizitatea salatzeko, ez gaituzte aintzat hartzen, besterik gabe. Guk, ordea, ez dugu iraintzat hartzen, badakigulako lubakiaren beste aldean gaudela, eta haiekiko talka ez dela bakarrik gai juduen ingurukoa, nazioarteko politika gaien ingurukoa ere badela. Badakigu erakunde judu horiek politika islamofoboen konplizeak direla, eta harreman onak dituztela nonahi sortzen ari diren eskuin faxistako eta protofaxistako taldeekin, talde horiek aldi berean diskurtso judeofoboak badituzte ere. Adibidez, duela gutxi, Palestinaren aldeko ekintzaileak erasotzen dituen erakunde sionista horietako batek VOX alderdia txalotu berri du, publikoki, Israelekiko duen jarrera lagunkoiagatik. Aldiz, denok dakigu alderdi horrek ideia xenofoboak aldarrikatzen dituela, errekonkistarako deiak egiten dituela... Aldi berean, baina, Israelen politika genozidak babesten ditu inongo zirrikiturik gabe, “zibilizazio judeo-kristauaren” izenean. Historiari erreparatzen badiogu, aldiz, ideia horiexek izan ziren behinola juduen aurkako jazarpena bultzatu zutenak.

Azken asteotan Israelgo hauteskunde kanpainaren testuinguruan areagotu egin dira palestinarren aurkako diskurtso arrazistak eta Gazaren kontrako eraso militarrak. Kalkulatzen al dute Israelgo agintariek muturreko jarrerok botoak ematen dizkietela?

Hori modu argi batean azaltzen da. Ikuspegi kolonialista batetik –eta lehen esan dudan bezala Israelgoa kokalekuen bidez gauzatutako kolonialismoa da–, gero eta lur gehiago bereganatzeko bertako populazioa garbitu egin behar da; eta horretarako, ezinbestean, xenofobian erori behar da, jatorria bertan daukatenak ez direlako euren borondatez joango. Bertako biztanleak bortxaz desagerrarazteko botere militarra daukan indar okupatzaileak gero eta indarkeria handiagoa baliatu behar du, eta hori xenofobia nagusi den testuinguru batean baino ez da posible; bertako jendea deshumanizatu ezean, ezin baita jasan hainbesteko ankerkeria. Orduan, egiten dutena da palestinarrei gizatasuna kendu. Azken hauteskundeetan Palestinako afera ez zen aipatu ere egin, ez bazen palestinarren aurkako mezu arrazistak bidaltzeko, kontuan hartu gabe ia bi milioi palestinarrek Israelgo hiritartasuna daukatela. Israel barruan bizi diren palestinar horiek, baina, izugarrizko bazterkeria pairatzen dute. Pentsa, 70 lege inguru daude Israel barruan bizi diren palestinarrak hiritar juduengandik bereizteko.

Juduen nagusikeriaren ideia Israelgo Parlamentuak onartu berri duen lege batean ere jaso da: Nazio-Estatuaren Legea. Lege horrek juduei ematen dizkie pribilegio guztiak eta zehazten du lurraren jabetza juduen esku egon daitekeela bakarrik. Horrela, besteak, palestinarrak, bigarren edo hirugarren mailako hiritar bilakatzen dira. Horixe da Israelgo Parlamentuan nagusitu diren eskuin muturreko alderdien ametsa: bertako populazioa baztertzea, itotzea, eta noizean behin erasoaldi militarretan sarraskiak egitea, palestinarrek euren kabuz alde egitea erabaki arte...

Gertatzen ari dena genozidio motela da. Egunero izaten da erailketaren bat Gazan eta Zisjordanian. Hori ezin dugu ahaztu, egunero baitaude hildakoak, zaurituak, bizi artean elbarri geratutako palestinarrak... Genozidio geldo horren azken xedea da herri palestinarra Palestinatik desagerraraztea. Nora joaten diren, Egiptora, Jordaniara... hori gutxienekoa da. Eta gobernu berriak are gogotsuago jardungo du garbiketa etnikoko estrategia horretan.

Aipatu dituzu sionismoaren eta eskuin muturreko erakundeen arteko harremanak mundu mailan: Bolsonaro, Guaido, Trump... Israel bezalako ezohiko estatu bat, Ekialde Hurbilaren erdi-erdian kokatutakoa, bideraezina litzateke kanpoko eragileen babesik gabe?

Halaxe da. Gaur egun indar atzerakoien, faxisten, nazien, ultraliberalen eta ultrakontserbadoreen nazioarteko sare bat dago; eta Israel sare horren ezinbesteko osagaia da. Hor dabil Steve Bannon Europan, nazioarteko egitura hori antolatzen. Mugimendu horren nahitaezko osagaia islamofobia sutsua da; musulmanek Mendebaldea eta bere zibilizazio judeokristaua inbaditu behar dutelako diskurtsoa darabilte. Bada denbora estrategia hori mamitzen ari dela, eta pastel horren ginga Bolsonaro da. Milioika laguneko herrialde erraldoi bat gobernatzen du, eta balizko zibilizazio judeokristau horren nagusikeria aldarrikatzen du bere agerraldi publikoetan, atzean Israelgo bandera erakusten duelarik. Nazioarteko indar ultraeskuindar horiek guztiak Israelen oso aldekoak dira, izan ere, Israelek zaindariaren rola jokatzen du, Mendebaldeko zibilizazioaren abangoardia da eskualde arabiarrean. Sare horren helburua munduan euren hegemonia kultural eta ekonomikoa ezartzea da. Gu, horretaz jabetu garenez, horren kontra ari gara borrokan. Ez dugu utziko horrelakorik gerta dadin. Ez dira pasako.

Zuen erakundeak, beste askorekin batera, bat egin du nazioarteko BDZ kanpainarekin. Zer ekarpen egin dezake mugimendu herritar horrek Israelgo proiektu sionista sustengatzen duen nazioarteko sare horren aurrean?

Mugimendu horrek agerian uzten ditu Israelek egiten dituen giza eskubideen urraketak. Eta mundu mailako mugimendua da, gizarte zibilarena, alderdi politikoekiko loturarik gabekoa. Mota askotako jendeak osatzen du: artistek, politikoek, ekintzaileek... Horiek guztiek agerian uzten dituzte kontakizun sionistaren kontraesanak, eta horregatik gogaikarriak dira erregimen sionistarentzat; izan ere, kontraste handia dago sionismoak kontatzen duenaren eta errealitatearen artean. Hain da begi bistakoa, non bakarrik itsuek edo proiektu politiko horrekiko interes pertsonalen bat daukatenek ezin duten ikusi. Zenbaitentzat bortitza izaten da diskurtso sionistari boikotaren bidez aurre egitea, batez ere kultura arloan, pentsatzen dutelako kultura ez dela politikarekin nahastu behar. Baina gauzak argi dauzkatenek badakite kultura izugarrizko propaganda tresna izan daitekeela erregimen baten aurpegia garbitzeko, eta horiek boikotaren alde daude. Boikot kanpainak Hegoafrikan apartheid erregimenaren aurka antolatu zen mugimendua du erreferentetzat. Mugimendu hura oso arrakastatsua izan zen, eta azkenerako erregimenaren amaiera ekarri zuen. Orain, berriz, gero eta jende gehiago ari zaio atxikitzen Israelen aurkako boikot mugimenduari, eta gero eta ageriago geratzen ari dira Israelek egiten dituen giza eskubideen urraketak.

Uste al duzu judua izateagatik eta zure ibilbide pertsonalagatik garrantzi berezia ematen zaiola sionismoaren aurkako zure testigantzari?

Horrexegatik, hain zuzen, erabaki genuen pausu bat aurrera eman eta Judu Antisionisten Nazioarteko Sare bezala jende aurrean azaltzea. Guk kultura judua daukagu, nortasun hori herentziatik datorkigu, ez dugu geuk aukeratu; eta, aldi berean, ideologia sionistaren kontrako lubakian gaude. Izan ere, uste dugu ezin zarela antiarrazista izan antisionista ez bazara.

«Zenbaitentzat bortitza izaten da diskurtso sionistari boikotaren bidez aurre egitea, batez ere kultura arloan, pentsatzen dutelako kultura ez dela politikarekin nahastu behar»

«Errefusatu egiten dugu Israel askapen nazionaleko proiektua denik; aitzitik, esaten dugu proiektu koloniala dela eta sionismoaren kontakizuna desmuntatu egin behar dela»