Ander Gortazar Balerdi - @derzu_uzala
Arkitektoa

«Tabula non rasa»

Zehatz-mehatz zer edo zertarako den ez dakigu oraindik, baina ateak ireki zituen martxoan Euskadiko Arkitektura Institutuak, Donostiako alde zaharreko Santa Teresa komentuan. Helburua euskal kultura arkitektonikoaren promoziorako erreferentzia izatea ei da, eta erakusketa batekin hasi dute ibilbidea: “Tabula non rasa”.

Abiapuntua interesgarria: Bigarren Mundu Gerraz geroztik tabula rasa egitea izan da ohikoena arkitekturari dagokionez, «eraikin baten funtzioa edo jabea aldatzea aski izaten baita hura eraitsi, eta haren ordez, beste eraikin bat eraikitzeko». Zorionez, pixkanaka aldatzen doa paradigma hori, eta gero eta gehiago dira berrikuntzaren eta eraldaketaren alorrean ikertzen dabiltzan arkitektoak. Hala, “Tabula non rasa”-n hiru proiektu daude ikusgai, eskala bakoitzeko bana: etxea, auzoa, hiria. Lehena AGPS architects eta Jenny Rodenhousen 99¢ Space da, ukuilu abandonatu baten zaharberritze merkea. Bigarrena Bordeleko Gran Parc auzuneko hiru etxebizitza-eraikinen zaharberritzea da, Lacaton & Vassal, Druot eta Hutinena eta aurtengo Mies van der Rohe Europako Arkitektura Garaikideko Sariaren irabazlea. Hirugarrena, hiriari dagokiona, Zuricheko ETH MAS Urban Design masterreko ikasleen ikerketa da, hirigintza-arauetan ideia berriak txertatzeko beharrari buruzkoa.

Nire inpresioa –nirea, eta nirekin etorri ziren beste bi lagunena–: herren antzean geratzen da erakusketa. Haria ez da begi bistakoa, oso ezberdinak baitira hiru proiektuak, formetan bezainbeste mamian, ia edozer onartzen baitute “berrikuntza”, “eraldaketa” edo “zaharberritzea” terminoek. Baina badu bigarren gabezia bat, nabarmena, euskal kultura arkitektonikoaren promozioan erreferentziazkoa izan nahi duen erakunde batek bereziki zaindu beharko lukeena: euskal arkitektura.

«Excusatio non petita»: ez naiz edonon «euskal kuota» sartu zalea. Baina eraikinen berrerabilpenaren kontu honetan ez gabiltzanez bereziki lasterketa buruan, komeni da zergatiaz hausnartzea eta adibide interesgarriak erakustea. Baietz, Lacaton & Vassal superbe, baina nork hartu ditu gurean halako atrebentziak? Bilboko Olabeaga auzoko Dique 2A Berria proiektua etorri zitzaigun burura denoi, Behark bulegoaren lan ederra.

Lacaton & Vassalek Bordeleko etxebizitza-bloke erraldoiari nola, Beharkek hormarte berri bat gehitu dio etxebizitza-eraikin zahar bati [irudian]. Elementu horrek fatxada berri bat sortzen du, eta hainbat arazo konpontzen ditu proiektu-erabaki bakar bati esker: irisgarritasun unibertsala bermatzen du (eskailerak eta igogailua), etxebizitzen bizigarritasuna hobetzen du kanpo-espazio berri bana oparituz bizilagunei, eraikinaren egitura sendotzen du eta eguzki-plakak kokatzeko parada ematen du egungo egiturari karga gehigarririk erantsi gabe. «Sekula ezin gara hutsetik abiatu» dio erakusketak; erabil ditzagun, bada, izan baditugun erreferentziak.

Eta zeinen eskailera politak, aizue. Georges Perec idazlearen aipu bat etorri zait akordura: «Etxe zaharren gauzarik ederrenak eskailerak ziren. Eta horiek dira gaur egungo eraikinen gauzarik itsusiena, hotzena, zitalena, zekenena». Ez da, zorionez, kasua. •