Maite Ubiria Beaumont

Zazpiak bat, ahots anitz, eskuin muturrari stop

Estatu espainiarreko Legebiltzarra berritzeko iragan apirilaren 28an eginiko bozetan eskuin muturrari aurre egiteko nahia agerian utzi zuten Hego Euskal Herriko boto emaileek. Herrialde, hiri eta auzoen arabera aldeak izanik ere –urte luzez garatutako “apartheid” politika eskuin muturraren inspirazioa izan da, hala nola, Nafarroan–, oro har, Kataluniak eta Euskal Herriak neofaxismoari harresia jartzeko eremu gisa aitortu dute beraien burua. Balearretako eta Kanarietako herritarrek eginiko ekarpena ahantzi gabe, aipaturiko bi lurraldeetan irakurketa propioa dute bozetako emaitzek.

Eskuin muturra zurituz agenda autoritarioa bere egin duen proiektu politikoa arbuiatuz, Kataluniako eta Euskal Herriko boto emaile gehienek “lurralde auziari” irtenbide demokratikoa ematea aldarrikatzen duten alderdien aldeko apustu bizkorra egin dute. Hau da, eskuin muturraren hedapenari oztopoa jartzearekin batera, herritarren borondatean oinarrituko antolamendu politiko eta sozial berria eraikitzeko asmoa agertu dute katalan zein euskal herritarrek.

Ez da hori izan, bistan da, espainiar bozen karietara bi naziootako herritarrek emandako mezu bakarra. Ez naiz ni oraingoan hautu konplexuei buruzko irakurketa sinpleak proposatzen hasiko. Hala ere, ez da soberan nire ustez nabarmentzea bi herriok ezinbesteko ekarpena egin dietela lehenik eta behin beraien gizarteei baina baita espainiar Estatuan PP-Cs-Vox aliantza hirukoitzari aurre egiteko borondatea agertu duten milaka eta milaka herritarrei ere.

Euskal herritarrek eta kataluniarrek eginiko ekarpen demokratikoa aintzakotzat hartuta, aukera berriak entseatzeko orubea badela pentsa daiteke. Inozokerietan erori gabe, aspalditik erantzun baten zain dauden erronkak beste modu batean –eta ez soilik legea herritarren nahia oztopatzeko arma edo aitzakia bezala erabilita– hartzeko argudio aski lituzke atzeman begirada luzeko gobernuburu batek. Bi lurraldeotatik herritarrek eginiko deiadarra espainiar giro zaratatsuan nahastera jokatuz, ezer gertatu ez balitz bezala jarduteko tentazio handia izan daiteke, ordea, Moncloan. Alegia, konplexuak diren erronken aurrean itxuraz errazagoak diren erantzunak hobetsiz, hala edo hola zenbaketa bat egin eta hurrengorako utzi konponbide partekatuaren aukera.

Herritarrek eta lurraldeek adierazten dituzten nahiak, kezkak, beharrak, ametsak aintzat hartu gabe ahal dira gobernuak osatu (edo ez). Izan ere, horrek ez du, berez, jasangarritasun demokratikoa bermatzen, are gutxiago aro bakoitzean modu ezberdinean azaldutako auziak bideratzeko bideak zabaltzen.

Europako bozetan berriro ikusiko ditugu aurrez aurre sinesgarritasuna galdu duen demokrazia neoliberalaren kudeatzaileak eta hamaika aurpegi duen faxismoaren ordezkariak. Estatuz estatu mezu apokaliptikoak eta buruberokeria nazionalistak parez pare azalduko dira kanpainan zehar. Lanjer zein aukerak gure begietatik identifikatuz, maiatzaren 26an zazpi herrialdeetako herritarrok, beharrik lurraldeen arabera hautu propioak hartuz, aukera paregabea izango dugu eskuin muturrari stop esan eta herri hau aniztasunetik eraikitzeko borondatea indartzeko. •