18/05/2019

Reportaje
ZIPRE
Serieko hiltzaile batek Poliziaren axolagabekeria eta arrazakeria agerian utzi ditu

Serieko hiltzailerik izan gabe zen orain artean Zipre, baina Mediterraneo itsasoko herrialdeko komunikabideen arreta bereganatu duen kasuak uste baino arazo gehiago utzi ditu begi bistan: arrazakeriak guztiz kutsatuta dauzka Polizia eta agintariak, eta, hilketei dagokienez, axolagabekeria da nagusi biktimen familiek autoritateak presionatu ezean.

France Presse
0518_gaur8_zipre3h

Badirudi zipretar askok orain jakin dutela emakume etorkinok ez dugula inolako segurtasunik hemen. Baina guk aspalditik genekien», adierazi du irmo W. goitizeneko etiopiar jatorriko neskameak.

Europar Batasuneko hilketa kopururik handienetakoa du Ziprek, Eurostat Europako Estatistika Bulegoak emandako azken datuen arabera. Leku baketsua da normalean, gatazka giroan bizi diren herrialdeek inguratuta. Iaz ia lau milioi turista erakarri zituen uharteak. Serieko hiltzailerik ez zuten uhartean, edo horrela uste zuten behintzat. Joan den apirilaren 14an meategi zahar bateko putzu batean emakume baten gorpua aurkitu zuten arte. Orduan hasitako ikerketek eragin zuten beste gorpu bat aurkitzea. Eta handik hiru egunetara, Zipreko Armadako 35 urteko ofizial bat atxilotu zuten. Nikos Metaxasek ikerlariei jakinarazi zien 2016 eta 2018 artean zazpi lagun hil zituela: ordurako aurkitutako bi emakumeak, beste hiru eta baita bi ume ere. Sei eta zortzi urteko neskak biktimetako biren alabak ziren. Guztiak ziren atzerritarrak: lau, filipinarrak; bi, errumaniarrak; eta, azkena, nepaldarra.

Zazpi hildako. Guztiak atzerritarrak eta emakumezkoak. Uhartea erabat aztoratu zuen berriak. Hilketak lizunak izateaz gain, uharteko Poliziak oso gaizki funtzionatzen duela argi utzi zuten hedabideek egindako editorialek. Etorkinek «mespretxuz» tratatu izana leporatzen diete segurtasun indarrei. «Zipretarrentzat, beren gizartean serieko hiltzaile bat aurkitzea gauza berria da. Uharteak 1960an independentzia lortu zuenetik, hau da lehen kasua», esplikatu du Andreas Kapardis kriminologo eta Nikosiako Unibertsitateko irakasleak.

Metaxasek bere krimenen berri eman zuen arte, desagertutako pertsonen artean kokatuta zituzten biktimak. Ikerketa serioren bat egitea bera ere baztertuta zegoen. «Ikerketak aurrera egitean, gero eta garbiago zegoen Poliziak alferrik galtzen utzi zuela kasua emakumeak etorkinak zirelako», esan dio AFPri Maria Mappouridou 43 urteko zipretarrak.

Uharteko bizitza politikoa erabat aztoratu du kasuak. Lehenik, iritzi publikoaren eraginez, Ionas Nicolau Justizia ministroak kargua utzi behar izan zuen. Gero, Zajarias Jrisostomu poliziaburua kaleratu zuten. «Polizia axolagabekeriaz aritu da, ez eskatzen zaion profesionaltasunarekin, eta akatsez betetako lana egin du», onartu zuen Nicos Anastasiades presidenteak berak.

Bost lagun salbatzeko aukera

“Cyprus Mail” uharteko ingelesezko egunkari handienak idatzi zuen Poliziaren akats nagusia eraildako emakumeak uharteko iparrera, Turkiak baino onartu ez duen Ipar Zipreko Turkiar Errepublikara, joan zirela pentsatzea izan zela. «Poliziak bere lana berehala egin izan balu, lehen gorpua aurkitu zutenetik hasita, bost bizitza salbatzeko aukera izango zen», salatu zuen. «Mespretxu arrazista» leporatu zion Poliziari: «Seguru asko, erdeinu sakon hori gizartearen jarreraren isla baino ez da».

Lissa Jataas Obreras Empowered izeneko sareko sortzailearen iritziz, hilketak alarma-oihua dira. Zipren neskame lanetan aritzen direnei laguntzeko sortutako sareko kideak dio une honetan Gobernuaren eta etorkinen arteko komunikazioa indartu egin behar dela, mahai berean eserita. Indarkeria fisikoari eta sexualari buruz aritu beharko lukete, horiek baitira gizaki horietako askok duten arazo nagusia, 47 urte dituen erizainaren ustez.

Apirilean bertan, salbamendu taldeak Mitsero lakuko ur gorri eta kutsatuen erdian gorpu bila zebiltzala, Maria Mappouridouk protestaldi bat deitu zuen sare sozialen bitartez. Nikosia hiriburuko presidente jauregiaren aurrean ehunka lagun elkartu ziren, Ziprekoak zein kanpokoak. Nicoletta Georgiou 26 urteko gazteak esan zuen haserre zegoela Poliziarekin zein Gobernuarekin, «ez baitituzte emakume etorkinak babestu. Geure gizarteko zati bat direla ez dugu ahaztu behar».

Mappouridouren iritziz, hilketa horiek Zipreko gizartearen puntu ahul batzuk agerian utzi dituzte: emakumeekiko eta etorkinekiko jarrera eta Poliziaren arduragabekeria. «Biktimak bi aldiz ziren ikusezin: emakumeak eta ezezagunak ziren. Hemen ez dut kanpotik etorritako neskameren bat lanean ez duen familiarik ezagutzen. Nork galdetzen die ondo ote dauden? Seguru sentitzen ote diren?».

Biktima zaurgarriak

Mappouridouk berak Zipren desagertutako emakumeen kasuak bildu ditu, Poliziak argitu gabe dauzkanak: 1990z geroztik, 35 baino gehiago. Gehienak atzerritarrak dira, eta, bakar batzuk, nerabeak. Zergatik hartu du lan hori? «Poliziak bere lana ondo egin duela bermatu nahi nuelako».

Edonola ere, batzuek uste dute hilketa horiek ikertzea ez dela gauza erraza. Andreas Kapardis kriminologoak argi azaldu du zergatik: «Hiltzaileak emakume etorkinak aukeratu zituen, isolatuak, zaurgarriak. Zipreko emakumeren bat bahitu izan balu, haren familia eta lagunak mobilizatu egingo ziren eta Poliziak egin beharreko ikerketa askoz ere errazagoa izango litzateke».

Nikos Metaxas Armadako ofizialak bere krimenen berri eman zuen arte, desagertutako pertsonen artean kokatuta zituzten biktimak. Ikerketa serio bat egitea baztertuta zegoen

«Biktimak bi aldiz ziren ikusezin: emakumeak eta ezezagunak ziren. Ez dut kanpotik etorritako neskamerik ez duen etxerik ezagutzen. Galdetzen al zaie ondo ote dauden?»