Nekane Zinkunegi Barandiaran

Mozkorraldi itsua

Euskal Herriko eremu batean behintzat, luze dirau azken bi hauteskunde kanpainetako mozkorraldiaren bestondoak. Besteak beste, Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ondoren, presidentetzarako boto gehien bildu dituen hautagaiak ez duelako gehiengorik, eta gobernua osatzeko bazkide printzipala izan daitekeenarekin gobernu hori nola bataiatu hausnartzen ari den itxurak egiten dituelako.

Udal eta foru hauteskundeek, berriz, matematikak egiteko eta ia aritmetika bera ere behartzeko tentaldira eraman gaituzte hainbat herritan. Egunotan, zenbat aldiz ez ote ditugu entzun Iruñeko, Lizarrako, Durangoko, Andoaingo edo Pasaiako alkatetza ahotan hartu duten politikarien hitzak.

Etengabeko kanpainan bizi garela askotan esaten dugu, eta hauteskunde ondoren ere luzatzen ari den antzerkiak aspertu egiten gaitu. Aldi batetik bestera, teorian, lau urteko tartea egoten da. Baina ikuskizunaren eta zirkuaren gizartean, atsedenik ez, ez kargu hartzeen aurretik ezta ondoren ere.

Hain justu, gaur osatuko dira udal gehienetako udalbatzak eta egingo dira alkatea hautatzeko bozketak. Albiste izango da, han edo hemen, lortutako boto kopuruari esker izan ordez, bidelaguna konbentzitzeko gaitasunari esker iritsi dela norbait alkatetzara. Edo arerioetako bat izorratzeagatik, hainbeste gorroto ez duen arerioarekin bat egin duela auskalo nork. Eta gero herriaren ordezkari direla esango digute. Eta hauteskunde aldirako mediatikoki aktibatu den herriak belarriak eta begiak estaliko ditu hurrengo hauteskundeetara arte. •