Nerea Ibarzabal Salegi

Produktu perfektuok

Baxoaren eta selektibitatearen osteko urteroko lur erreei begira egoten naiz jakin-minez. Ikusten ditut ikasleen irudiak albistegietan, urduri, negarrez, Kant, Descartes, Karlistadak, medikuntzako batez besteko nota, drama. Azterketa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen oraindik asko eta asko. Enpatiaz irakurtzen ditut berriak, guk egin genuenetik dagoeneko zortzi urte igaro direla sinetsi ezinik batetik, eta berriro hortik pasako ez naizen ziurtasunak ematen didan lasaitasunez baina nolabaiteko inbidiaz bestetik. Ikasle izaeraren iragankortasuna, ulertzen eta borrokatzen hasten zarenerako testigua pasatu behar hori.

Unibertsitatera joan aurretik urtebeteko deskantsua hartuko duela esan dit duela gutxi 18 urteko gazte batek, eta txundituta utzi nau bere ausardiak. Oso ohikoa omen da Europako hainbat herrialdetan, gap year deitzen zaio. Gogoan dut horrela deitzen zaiola, DBHn ingeleseko ikasgaian lan bat egin genuelako honen inguruan. Eta gai naiz garai hartako jendaurreko aurkezpen batzuk oraindik buruz esateko, ez niolako akatsik baimentzen nire buruari, eta mila aldiz praktikatzen nuelako etxean lehenbizi. Imajinatzen duzue nolakoa nintzen eta oraindik banaizen, ezta? Uste dut pertinentea dela honetaz aritzea, hezkuntza sistemak ikasle “txarrak” baztertzen dituen bezala, ikasle “onak” ere ez dituelako bizitzarako prestatzen. Edo bizitza mota jakin baterako prestatzen ditu, bizitza akritiko, obediente eta egonkor baterako.

Islatuta ikusten dut neure burua 10 bat atera ez eta mintzen diren gazte horiengan, eginbeharrak edozeren gainetik jartzen dituztenengan, selektibitatean 14 atera eta antzerkian lan egin nahi duelako animalia mitologikotzat hartu duten gaztearengan. Eta islatuta ikusten naiz, batez ere, gerora bizitzan hanka sartu eta beraien buruei barkatzen ez dietenengan, konfliktoak kudeatzen ez dakitenengan, egin dutena ondo dagoela etengabe entzun behar dutenengan, gap year ez-produktiborik beraien buruei baimentzen ez dietenengan, 10aren bila bizi direnengan oraindik, zentzu guztietan. Hau epidemia bat da, eta jende gaixo hau behar du ekonomiaren kate ero honek bizirauteko. “Superatzen” den jendea. Produktu perfektuak gara, selektibitateko eta baxoko azterketa egiteko jaioak, “arrakasta” material baterako diseinatuak, eta horregatik ez zaie interesatzen markatutako errailetatik ateratzea. Izan ingeniari, izan dirua mugitzen den tokiko langile, eman ezazu dena lanaren alde. Horretarako hezi zaitut umetatik.

Eta unerik erabakigarrienean bidea txarto aukeratu baduzu, esan agur zure pribilegioei, segi kulturara nahi baduzu, izan kritiko eta hori guztia, zu zinen ikasle on eta formalarekin, promesa bat zinen, eta begira… zure nota on guztiak alferrik. Alferrik ikasi zenuen dena buruz, alferrik zoriontzen genituen zure gurasoak batzarrero. Hemen duzu zure ordaina: ahal bezala bizirautea. Eta erdi-ipurdikoak ziren zure ikaskideek fabriketan kontratu finkoa dute, eta zuk baino mila euro gehiago kobratzen dituzte hilero. Hori ere jasan ezazu, eta sentitu ezazu inbidia eta amorru pixka bat, umetako ranking horretan sinestera iritsi zinelako zu ere, eta uste zenuelako zu sarituko zintuela sistemak beraien aurretik. Eta gero txarto sentitu hau sentitzeagatik, noski.

Ekainero aurpegiratzen dit nire erabakia telebistak, eta ekainero iruditzen zait ez dudala inoiz ikasi azken zortzi urte hauetan bezainbeste. •