Mikel Zubimendi

Bakoitzari berea: historiari zentzua, gertakariei kausa

Atentzioz ikusi nuen Espainiako telebista publikoan Arnaldo Otegiri egin zioten elkarrizketa. Harritu, ez ninduten larregi harritu eman zituzten irudiek, zuri-beltzean denak, berun eta bolborazkoak, kondenaren exijentziaren kondena horrena eta beste. Harritu, ez ninduten larregi harritu Otegiren erantzun ederrek, zentzuzkoek, orekatuek eta etorkizunez kargaturikoek. Agian, zeozer faltan botatzekotan, zera, zen eguna izanda, hurrengo egunean Madrilgo Kongresuan zegoen ekitaldia egonda, Josu Muguruzarena ekar zitekeela gogora. Nik dakidala behintzat, bera izan baita tiroz hildako jarduneko kongresukide bakarra. Tira, telebista aurrean emandako minutu horiek burutazio batzuk papereratzeko aukera eman didate sikiera. Hemen paratuko ditudanak.

Espainian ez dute ulertzen, ulertu nahi, ez dute ulergarri egiteko pedagogiarik egiten. Esperientzia armatuaren akabera zaila izan zela, oso zaila, kontinuismo zentzugabe baten logikan ez erortzearen eta funtsezko funtsaren funtsean amore ez ematearen arteko oreka bat bilatzea, nortasunarekin, historiarekin eta minkideekin negozioa egiteari irmoki uko egitea.

Eta kanpaina baten lokatzetan sartu ziren, sartuak dira, hankak nola atera jakin gabe. Horixe dela errazagoa hanka sartzea ateratzea baino! Ezkerreko herri abertzalearen izena eta izana guztiz galaraztea zuten helburu, bere barrunbeak zulatzea. Oker, baina, oso oker dabiltza. Tradizio eta memoria guztiak desegin eta pikutara bota nahiko lituzke kanpaina horrek. Eta batez ere, esperientzia armatuaren fundamentu guztien disoluziorik gabe, aldebakarreko eran bukatzeko baldintza egokiak sortzeko aukera guztiak zapuztea.

Altxamendu Espartakistaren ondoren, Rosa Luxemburgek esan zuen iraultza dela gerra forma bakarra –izatez, bizitzeko modu berezia ere bada–, non azken garaipena porrot segida baten ondoren presta daitekeen soilik. Zenbat porrot geratzen dira oraindik, baina, garaipena ziurtatu arte? Eta nola identifikatu, nola bereizi, beharrezko porrotak erremediorik gabekoak direnetatik? Dena dardarka dagoenean ez da erraza, ez, galdera hauei erantzutea. Eta hori, hemen, bere ortopedia eta inperfekzio guztiekin egin zela, egiten asmatu zela, ez dute ulertzen.

Garaile eta garaituen merkatu bat sortu nahi izan zuten. Partida «dena ala ezer ez» batekin bukatzea. Arrazoi guztien jabe edo arrazoirik gabe. Nolabait, «beti», «sekula», «dena», «ezer ez» horiek zoritxarreko ikur bat balira bezala gure kontzientzian tatuatzea, gu kondenatzea erabateko pasioen gehiegikerietatik kanpo nola mugitu asmatu ezinik betiko geratze horretara.

Dena aldatu zuten gertaerak, jauziak

Hainbeste euskal herritarrek nondik atera dute indarra beren bizitza gaztea jokoan jartzeko eta, sarritan, galtzeko? Zergatik ez zuten enfrentamendu zuzena, odoltsua, ez beste biderik ikusi, beren urte gazteen sakrifizioari nolabait axolagabe? Eta ez, ez, hemen, herri borroken, esperientzia armatuaren, erradikalizazioa ez zen etorri sukarra bezala, ez zen pixkanakakoa eta mailakatua izan. Ez zen «biolento» ziren belaunaldietan txertatutako faktore genetikorik izan. Dena aldatu zuten gertaerak, jauziak, izan ziren hemen, arre edo so esatera bultzatu zutenak.

Jakina galdu daitekeela, hautsa janez eta kateak lotuta bukatu. Onargarria deritzot hipotesi horri. Ezin onartuzkoa dena, baina, historiari zentzua eta gertakariei kausak kentzea da. Esperientzia armatuaren analisi kritikoa ezin daitekeelako psikologia kriminal, ikerketa konspiratzaile, intimismo mediatiko edo kausekiko deskonexio batetik egin. Ez. Laizismoa behar-beharrezkoa da, gogoeta kritiko baten laizismoa, eta, debekatua nahi duten arren, historia baten handitasuna jakina aldarrikatu behar dela, ikonografia santutzaile edo aurreiritzietan oinarritutako deabrutzetik askatutako bere protagonisten handitasuna, gertakariak beren inteligentziara buelta daitezen.

Horrek lagun gaitzake ulertzen. Baita espainiarrak ulertzen ere. Ongiaren eta gaizkiaren arteko moralismo zalantzagarri batek, mendeku infinituaren egarri aseezin batek, kritika historikoaren ariketa ezinezko egin baino lehen. •