Juantxo EGAÑA

Donostiako Dotoreziaren Jaiaren atzealdea

1924. urtean jokoa debekatu zen eta, ondorioz, Donostiako Kasinoa itxi. Primo de Riveraren diktadura garaia zen; Rifeko gerraren garaia. Urte zailak ziren. 1924. urtean hasi zen editatzen Estatu frantsesean “Vogue” izeneko moda aldizkaria. Donostian urte horretan antolatu zen Dotoreziaren Jaia, Kursaalen hain justu. Gaur egungo moda jaialdien parekoa izan zen ekitaldia eta garaiko jostun sonatuenak izan ziren ordezkatuak jai horretan, garaiko prentsak jasotzen duenez. Aristokraziari begirako ekitaldia zen eta helburu zuen negurako berritasunak eta joerak aurkeztea; osagarriak, zetazko soinekoak eta berokiak, larrua, lumak eta harribitxiak. Prentsaren hitzetan, desfilea liluragarria izan zen.

Goiko argazkiaren egilea Ricardo Martin da. Argazkilariak desfilearen jarraipena egin zuen bere kamerarekin eta desfileko uneak ez ezik, Kursaaleko terrazan sorturiko egoerak ere jaso zituen; modeloak aulkietan eserita atseden hartzen, zinemako kamera bat modeloak filmatzen… Martinek desfileko ohiko irudi estereotipoetatik ihes egiten zuen, beste ikuskera bat eskainiz, ikusle pribilegiatuaren ikuspegia hain justu.