Nekane Zinkunegi Barandiaran

Idealismorik eta nagusikeriarik gabe

Kubako Villa Clara probintziatik ari natzaizu idazten, irakurle. Astearte arratsaldez heldu ginen bertara Euskal Herriko hamar lagun, Sortuk ICAP Herrien Adiskidetasunerako Kubako Institutuarekin elkarlanean antolatutako eskala politikoan. Santiagon egon gara lau egunez, eta astelehenean hartuko dugu Habanarako bidea.

Santa Ifigeniako hilerria bisitatu, Iraultzaren Defentsarako Batzordeetako kideekin bildu eta ANAP Nekazari Txikien Elkarte Nazionalaren filosofia ezagutu ditugu egunotan, besteak beste. Datozen egunetan, berriz, izango dugu aukera Escambray inguruko mendiko komunitate bat, Habana Zaharreko plazak edota CENESEX Sexu Heziketarako Zentro Nazionala bisitatzeko. Ikusi eta entzuten ari garenari esker, asko ari gara ikasten ere.

Urrundik idealizatutako herrietara ez dugula nagusitasunez sartu behar ohartu gara. Latinoamerikako herriak kolonia izan zirela ezin dela ahaztu. Sobietar Batasuna ezinbestekoa izan zela Kubako sozialismo antiinperialistak aurrera egiteko. Fideletik Raulerako lekuko aldaketak egiturazko ekonomia arazoei irtenbidea topatzeko erabakiak ekarri zituela. Eta Kuban sozialismo jasangarria eta oparoa bultzatu nahi dutela.

Duela 30 urte hasitako aldaketaz, era askotako ikuspegiak daude Kubako iraultzaren aldeko sektoreen barnean. Baina badirudi kubazaletasuna izango dela proiektu burujabeari eusteko bidea. •