Xabier Izaga Gonzalez
«TOO GOOD TO GO»

Elikagaiak alferrik ez galtzeko eta ingurumenari laguntzeko aplikazioa

Ekoizten diren elikagaien herenak alferrik galtzen dira. Hondakin horien kudeaketa oso kaltegarria da ingurumenarentzat, karbono dioxido isurpenak areagotzen baititu. Elikagai soberakin hori saihesteko, hainbat saltokik, «Too Good To Go» aplikazioaren bidez, jateko moduan dauden elikagaiak bota beharrean, prezio merkean erosteko aukera eskaintzen dute.

Urtero ekoizten diren elikagaien herenak zaborretara botatzen dira, eta, elikagaiokin batera, ekoizteko erabili diren baliagai eta prozesuak ere, hala nola ura, lurra eta egindako lana. Soberakin handi hori alferrik galtzea gizarte eta ingurumen arazoa da, hondakin horien kudeaketa oso kaltegarria baita, negutegi efektuko isurpen globalen %8 eragiten baititu.

Ahal den neurrian arazo horri aurre egiteko, duela hiru urte “Too Good To Go” ekimena sortu zen. Haren helburua jakiak alferrik ez galtzea eta karbono dioxido isurketak murriztea da. Diotenez, “Too Good To Go” ez da aplikazio huts bat, «elikagaiak alferrik galtzearen aurkako mugimendua» baizik, dozenaka mila waste warrior edo hondakinen aurkako borrokalarik osatua. Parte hartzeko, aplikazio doako bat prestatu dute, nahi duenak deskargatu eta izena emanda, ekimenarekin bat egin duten saltokiak aurki ditzan; esate baterako, okindegiak, jatetxeak edo fruta-dendak.

Erabiltzaileak, komeni zaion denda aurkituta, «sorpresa-pakete» bat erreserbatu eta aplikazioaren bidez prezio ondo merkean ordaindu ondoren, saltokian jasoko du. Beren saltokietan ekimena abiatu dutenek diotenez, norberaren poltsikoak ez ezik, ingurumenak ere eskertuko du.

Egunero botatzen den elikagai kopurua aldez aurretik jakiterik ez dagoenez, ezezagunak dira sorpresa-paketea osatuko duten produktu mota eta kopurua ere, baina bermatuta dago jateko moduko produktuak direla; areago, egunean zehar saltzen direnak bezain kalitatekoak direla.

Euskal herrian ere bai

Europa osoan milaka saltokik eutsi diote elikagaiak alferrik galtzearen aurkako konpromisoari, eta Euskal Herrira ere iritsi da aplikazioa erabiltzeko aukera. Momentuz, dozenaka saltokik abiatu dute, lehenengo Bilbon, ondoren Donostian eta, duela hilabete eta erdi, Gasteizen. “Too Good To Go” mugimenduaren arabera, EAEn 350.000 tona elikagai alferrik galtzen dira urtero, eta aplikazioaren bidez prezio merkean erositako pakete bakoitzak 2,5 kg karbono dioxido isurtzea saihets lezake.

Gasteizen, harekin bat egin duen fruta-denda kate batera jo dugu. Zenbait frankizia hornitzen dituzten Delika fruta-dendetako langilea da Enara Escobosa, eta denda horietan ekimena abiatzeko arduratu da. Esperientzia horren nondik norakoa kontatu digu.

Duela hilabete pasa abiatu zuten ekimena. Gasteizen lehenak izan ziren, atxikitzea eskaini zietenean, ekimen interesgarria iruditu baitzitzaien. Enarak azaldu duenez, aplikazioaren bidez prezio merkean saltzen dituzten produktuak kontsumitzeko modukoak dira, jakina, bide normaletik saltzen dituztenak bezain onak, baina, akatsen bat izanda, batez ere haien itxuragatik salmentatik erretiratu behar dituzte, eta horrela botatzea saihesten dute. «Kontsumitu daitekeen zerbait ez baztertzea da kontua», dio, eta gainera, «Planetari laguntzeko modu bat da». Orain arte, emaitza onak izan omen ditu ekimenak ezarri duten saltokietan.

Bestalde, elikagaiak jasotzeko, bezeroek beren poltsa eramaten dute. Izan ere, «ekimenak berak horretara bultzatzen du», haren ardatza ingurumenaren alde egitea da-eta. Saltokiek egurrezko kaxatan jartzen dituzte produktuak, bestela bota egingo zituzten kaxetan, alegia, eta bezeroak kaxak ere eraman ditzake, ohikoena bere poltsa eramatea bada ere.

Pozik ageri da Enara orain arteko esperientziarekin, eta bezeroak ere hala daudela dio. Hauek asko diren galdetu diogu, eta berez ekimena mugatua dela erantzun du. «Ez daukagu oso soberakin handia, eta horren araberakoa da eskaintza. Bi edo hiru kaxa betetzeko ematen badu, ondo; bestela, ahal dena, baztertzeko dagoen fruta kantitatearen arabera, eta hori ez da asko izaten». Alegia, oro har elikagai asko botatzen dira, baina denda edo jatetxe bakoitzekoa modu erlatiboan kopuru txikia da. «Eskaintzen dugun zerbitzu bat da hau, ez eskariaren arabera egiten dugun zerbait, ez dugu fruta gehiago erosten soberakin handiagoa izateko». Motiboa ez da errentagarritasun ekonomikoa: «Azkenean, elikagai horiekin zero irabazi beharrean, bat irabazten duzu, erosita zeneukan zerbait da, bestela botako zenukeena, edo etxera eramango zenukeena. Baina bai, badu halako errentagarritasuna, oso txikia, baina badu».

Inoiz ez dute zenbateko soberakina izango duten jakiten, noski. Egun batean bi kaxa prestatzeko modukoa, beste batzuetan hiru, eta orduan eskaintza zabaltzeko aukera dute.

Lehenengoa Gasteizen

Rita, Delika fruta-denden frankizia bateko jabea da, Gasteizen aplikazioa abiatu zuen lehen saltokiarena, hain zuzen. Kateak nolabait esperientzia pilotua egin zuen Ritaren dendan eta, Ritak dioenez, berehala konturatu ziren emaitza ona zela eta bezeroak pozik zeudela. Ondoren, Delika kateko beste dendetara zabaldu zuten.

Hilabete eta erdi horren balantzea eskatu diogu. Atoan erantzun du: «Oso ona. Egia esateko, oso ondo joan da». Denda bakoitzak nahi duen moduan antolatzen du zerbitzua. «Ni etortzen naizenean, denda atondu eta saltzeko moduan ez dagoena kaxa batzuetan uzten dut. Ondoren, paketeak prestatzen joaten naiz apurka-apurka, betiere pakete bakoitzean askotariko produktuak egon daitezen saiatuz. Azken orduan jendea haien bila etortzen da eta horixe da dena».

Soberakin guztia saltzen dutela dio. Egunero lau bat pakete izaten dira, eta egun batzuetan presaka ibili behar izaten du, berehala erosten dituzte-eta. Bezeroak ere oso pozik omen daude aplikazioaren bidez egiten dituzten erosketa horiekin. Badute zerbitzua puntuatzeko aukera ere, eta zerbitzua hobetze aldera, “Too Good To Go” aplikazioak kexak ere jasotzen ditu, hutsuneak konpontzeko. «Azken batean, hau berria da», dio Ritak, eta berari ere inoiz esan diote zer eta nola sartzea komeni den, eta zenbait jarraibide eman izan dizkiote. «Honi neurria hartu arte. Ikasi arte, guztia bezala, ezta?».

Eta badirudi zerbait ikasi duela: «Ez dugu alferrik galtzen denaren kontzientzia izpirik. Hori hemen ikusi dugu argi: honekin hasi arte ez genekien zenbat botatzen zen. Orain konturatu naiz. Lehenengo egunetan, aplikazioa abiatu genuenean, larritu ere egiten nintzen alde hori ikusita». Izan ere, egunean zehar saltzeko moduan ez zegoena botatzen joaten zen, eta orain, dena batera ikusita, «baina, hainbeste botatzen genuen?», pentsatzen du.