Iñaki Soto

Funtsean, XXI. mendeko monopolioez ari gara

GAFA delakoei buruzko eztabaidak puri-purian daude. Jakina denez, GAFA akronimo bat da, Google, Amazon, Facebook eta Apple erraldoi teknologikoen akronimoa, hain zuzen ere. Enpresok munduko estatu gehienek baino botere handiagoa dutela esaten da maiz. Erraz esaten da, baina erraz esateak ez du erraz uler daitekeenik ziurtatzen, inondik inora.

Ildo horretan, Amazonen kasuak atentzioa eman dit. Egun bakar batean Jeff Bezosen enpresak estatu gehienek sortzen dutena baino informazio gehiago sortzen du. Informazio hori, gainera, askotarikoa da oso. Azken asteko berriei soilik erreparatuz, Amazonek zentro berri bat ireki du Zaratamon; Bruselak espediente bat ireki dio enpresari konpetentziari buruzko europar legeak hausteagatik; arlo berean eta aldi berean, Berlinekin akordio batera heldu da; telesail berri baten produkzioan sartu da; “Prime Day” delakoan inoiz ez bezalako salerosketak lortu ditu; egun horretan bertan, hain zuzen ere uztailaren 15ean, Minneapoliseko lantokiko langileek sei orduko greba egin zuten.

Amazonen hazkunde basatia

Enpreson dimentsioa izugarria da, edonondik begiratuta. Beren zabalpen politikoa globala da, inperiala izateraino. Indar ekonomiko itzela dute eta moneta berrien sorrerarekin hori areagotzeko zorrotz ari dira lanean. Duten kultur eraginaren sakontasuna neurgaitza da dagoeneko.

Joe Allenek Amazonek izan duen hazkundea azpimarratu zuen “Jacobin” aldizkarian. Konparazioz, Allenek ondo ezagutzen duen 1907an jaiotako UPS banaketa enpresa, mende baten ostean, 440.000 langile izatera heldu da. Amazonek, ordea, oraintxe bete ditu 25 urte eta 600.000 langiletik gora omen ditu jada. Mundu mailako enplegatzaile pribatu handienetako bat da. Jakina, langile horien baldintzak izugarriak dira. UPSrekin konparatuz, sindikatuak testimonialak dira Amazonen. Horregatik, beren txikitasunean, Minneapolisekoa bezalako borrokak garrantzitsuak dira. Izan ere, katebegirik ahulena izan arren, langile horiek zergen alorrean estatu handiek izan ez duten adorea izan dute.

Amazonen hazkundea ezin da soilik tamainaren ikuspuntutik aztertu, ordea. Internet bidezko komertzioan gastatzen den dolar bakoitzetik erdia Amazonen etekinetara doa. Merkatuen ikuspuntutik, liburuen esparrutik elikadurara igaro da, telebista ekoizten du, hodei-konputazioan mundu mailako zerbitzari handienetakoa da, etxerako laguntzaile adimendunen artean nagusi da… Horrek kezka eragin du ez soilik lehiakideen artean, baita mundu mailako merkatuaz arduratzen diren erakundeetan ere.

Postkapitalismoaren distopiak eta abar

«Langileei behar bezala ordainduz gero ez al luke Amazonek etekin nahikorik aterako?» galdera logikoa da. Erantzun zuzena baietz da, ziur asko. Ikusi dugunez, ordea, galdera horri «hornitzaileei prezio egokia ordainduz gero» eta «toki bakoitzean gainontzeko enpresen zergak ordainduz gero» bezalako galderak ere gehitu behar zaizkio. Izan ere, gaur egun zital jokatzen duen alor bakoitzean zuzen jokatuz gero, ez luke horrelako hazkunderik izango hain tarte txikian, ezta merkatuan gaur egun duen nagusitasuna ere, ezta duen indar finantzarioa ere. Hori ordea, ez da berria, ez da teknologikoa. Hori monopolioa da. •