Amagoia Mujika Telleria
BENITA ASAS MANTEROLA

Feminismoa norabide eta helmuga zituen borrokalari ahaztua

Benita Asas Manterola
Benita Asas Manterola

Benita Asas Manterola (Donostia, 1873ko martxoak 4–Bilbo, 1968ko apirilak 21). Denbora gehiegian jende askorentzat ezezagunegia. Berdintasunaren alde borrokatzen hasi zen lehenengotarikoa, gaur egungo eskubideen eta askatasunen bidea irekitzeko sekulako ahalegina egin zuen, korrontearen kontra eta egokitu zitzaion garaiaren kontra. Maria Jose Villak, UPV/EHUko ikertzaileak, bere inguruko doktorego tesia egin du, 1873tik 1968ra bitarteko Estatu espainoleko feminismoen arrastoari segika.

«Benita Asas beti izan da presente Espainiako feminismoak ikertzerakoan. Kargu garrantzitsuak izan zituen eta bi egunkari garrantzitsuren zuzendaria izan zen. ‘El pensamiento femenino’ (1913-1916) eta ‘Mundo femenino’ (1921-1936). Horrez gain, Emakume Espainiarren Elkarte Nazionalaren (ANME) presidentea ere izan zen. Baina orain arte ez zen Benita Asas Manterolaren inguruko ikerketarik eginda, batez ere ez zegoelako dokumentaziorik. Asasen artxibo pertsonalaren zati handi bat galdu egin zen. Eta aipatu bi argitalpenen artxiboa ere bidean galdua zen. ‘Pensamiento femenino’ aldizkariaren kasuan lehen zenbakia baino ez zegoen Madrilgo Liburutegi Nazionalean. Eta ‘Mundo Femenino’ agerkariaren kasuan, berriz, 20ko hamarkadako zenbaki solte batzuk zeuden, gerra aurrekoak. Beraz, ez zegoen informazio nahikorik», hasi da kontatzen Maria Jose Villa ikerlaria.

Hasiera batean bere tesia hiru emakumeren bueltan egiteko asmoa zuen, tartean Asas. «Detektibe pribatu baten pare ibili nintzen. Nik banekien Benita Asas Bilbon zendu zela eta Deustun familia zuela. Hartara, telefono-aurkibidea hartu eta Manterola guztiei deika hasi nintzen. Horrela topatu nuen Benita Asas Manterolaren familia. Haiek aipatu zidaten Regina San Juan ikerlariak eskuratu zuela artxiboaren parte handi bat, Emakunderen beka bati esker egiten ari zen lanerako. Eta aipatu ditudan bi egunkarien artxiboa ere hark hartu zuela. Zoritxarrez, Regina San Juan hil egin zen eta eskuartean zuen ikerketa Madrilera bidali zuten, Concha Fagoaga ikerlariaren etxera. Eta han geratu zen. Atzetik-atzetik joanez lortu nuen Benita Asasen artxibotik geratzen zen horretara iristea: ‘Pensamiento femenino’ agerkaria osorik eta baita ‘Mundo Femenino’ ere. Behin horretara iritsita, erabaki nuen nire tesia Benita Asas Manterolaren ingurukoa izango zela».

Ofizioa maite zuen irakaslea

Benita Asas Manterola Donostian jaio zen, 1873. urtean. Nerabe zela Kantabriara joan zen bizitzera familia eta bertan egin zituen irakasle ikasketak. Valladoliden egin zuen azterketa eta irakasle tokia lortu zuen Bilbon. «Pentsatzen dut –eta horrela diot ez dagoelako datu askorik– Bilboko egonaldi horretan garaiko hiriko prentsarekin loturak egin zituela Benita Asasek. Garaiko ‘El Nervión’ egunkarian mami feminista zuten artikuluak argitaratu zituen, horrelakorik apenas ikusten zen garaian», azaldu du Maria Jose Villak.

Bilbon irakasle zela lekualdaketa eskatu eta Madrila joan zen, haur txikien irakasle aritzera. Horixe izan zuen lanbide bere bizitza osoan. «Mugimendu feminista eta aldarrikapenak nagusiki irakasle aritzen diren emakumeetatik sortzen dira. Finean, zabalagoa den hezkuntza bat eskaintzeko modua duten bakarrenetarikoak dira. Talde feministetan asko irakasleak ziren garai hartan».

Madrilen zela, bertako egunkari eta aldizkarietan ere hasi zen idazten Benita Asas. «Bi lan ildo nagusi izan zituen beti bere borrokan; batetik, hezkuntza, eta, bestetik, feminismoa. Irakasleen egoeraz kezkatzen zen, haien lan baldintzez, eta haurren egoerak ere kezkatzen zuen, zer-nolako hezkuntza jasotzen zuten eta zein egoeratan zeuden. Benita Asasek sortu zuen eskola-gosaria esaten zitzaiona. Finean, haur asko gosaldu gabe joaten ziren eskolara, ez zutelako zer gosaldu. Eta Asasek bultzatu zuen lehen jatordu hori eskolan emateko aukera. Kontzientzia sozial handia zuen eta proiektu horrek oso ondo erakusten du nolakoa zen: irakaslea zen, bere lanbidea asko maite zuen, hezkuntza hobetu nahi zuen eta haurren egoera hobetu nahi zuen».

1909. urtetik aurrera hasi ziren agertzen mami feminista nabarmenagoa duten bere artikuluak, «publikoki hasten da emakumeen eskubideak aldarrikatzen. Modu pertsonalean, artean ez direlako talde feministak sortu, garaiko prentsa erabiltzen hasten da berdintasuna aldarrikatzeko».

Madrilen dagoeneko feminismoaz hitz egiten zen, gaia puri-purian zegoen eta horri buruzko jardunaldiak antolatu ziren. «Madrilgo Ateneoan Benita Asasek hitzaldi bat eman zuen. 1913. urtea zen eta publikoki bere burua feminista eta sufragistatzat jo zuen. Kontatzen zuenez, hitzaldia bukatu zuenean, bertara berarekin joandako emakumezkoak ez zitzaizkion hurbildu ere egin. ‘Feminista’ eta ‘sufragista’ terminoak gaizki ikusiak zeuden, tabu ziren neurri batean. Hortik aurrera Benita Asas gogor lan egiten hasi zen feminismoa zer zen eta zein helburu zituen azaltzeko. Asasek, nagusiki, izaera pedagogikoa zuen eta horrela antzematen da bere artikulu guztietan», kontatu du ikertzaileak.

Garai hartan sortu zuen “El pensamiento femenino”. «Garaiko prentsan iragarki bat jarri zuen agerkarirako kolaboratzaileak eskatuz. Emakume bakar batek erantzun zuen; Pilar Hernandez Selfa. Ondoan izan zuen agerkariak iraun zuen hiru urteetan. Artikulu asko ezizenez sinatzen zituzten, beraiek idatziak ziren arren. Eta garai hartan feminismoaren inguruan garrantzitsu bihurtzen ari ziren emakume asko agertzen ziren argitalpen horretan».

“El pensamiento femenino” agerkaria 1913tik 1916ra bitartean izan zen kalean. Zenbaki guztien fotokopiak topatu ditu Villak, originalak galdu egin baitira. Hamabost egunero argitaratzen zen. «1916an utzi zioten argitaratzeari, finantzaziorik ez zutelako. Benita Asasek berak finantzatzen zuen neurri batean, bere diruarekin. Azkenean, utzi egin behar izan zuten». “Mundo femenino”, berriz, 1921etik 1936ra bitartean argitaratu zela uste da, ez baitago oso garbi noiz arte egon zen kalean. Kasu horretan, hilabetekaria zen eta agerkari horren originalak egon badaude.

«Bi agerkari horietan tarte garrantzitsu bat eskaintzen zitzaion feminismo anglosaxoiari; AEBetako eta Ingalaterrako feminismoei buruz asko hitz egiten zen. Eta, gero, batez ere iritzi artikuluak biltzen zituzten. Bestetik, emakumeen inguruko bertako albisteak ere ematen zituzten; lan femeninoa, hezkuntzari buruzko albiste mordoa... feminismoaren bueltan aritzen ziren agerkariak ziren», azaldu du Villak.

«Urte askoan eredu bezala hartu izan da feminismo anglosaxoia, hau da, AEBetakoa eta Ingalaterrakoa; emakumeak kalean, emakumeak protesta egiten, presioa egiten... Baina Estatu espainolean, Italian edota Estatu frantsesean ez zen eman mugimendu feminista hori. Beste era bateko mugimendua gertatu zen; eskubide berdintasuna aldarrikatzen aritu ziren, baina ez zuten hain eredu aldarrikatzailea, hain antolatua. Izan ere, Emakume Espainiarren Elkarte Nazionala bera eta 1919. urteaz geroztik sortu ziren beste elkarte batzuk ez ziren oso jendetsuak. Egia esan, gune nahiko txikiak ziren».

Bitartean, garaiko gizartean diskurtso antifeminista oso indartsua zen eta horrek markatu egin zituen aipatu elkarteak. «Garaiko prentsa aztertu dut nik, Euskal Herri mailakoa eta Estatu mailakoa. Ingalaterrako feminismoa erreakzio baten ondorioz sortu zen, kalera atera zen protesta egitera, eta hemengo garaiko prentsarentzat deabruaren parekoak ziren emakume feminista haiek, eta horrela aurkezten zituzten gizartearen aurrean. Horregatik edo, Euskal Herrian eta Estatuan beren eskubideen alde borrokan ari ziren emakumezkoek alde egiten zuten ingelesen eredu horretatik; ‘gu ez gara horrelakoak’ esaten zuten. Feminismo horren indarkeria, gose grebak, desobedientzia... nabarmentzen zituzten emakume horiek demonizatzeko. Eredu oso distortsionatua sortu zen».

Tamalez, demonizazio hori ez da hain urrun ikusten. «Duela gutxira arte emakume batek bere burua feministatzat jotzea arazo bat izan zitekeen. Emakume asko izan dira benetako parekidetasunaren alde pauso garrantzitsuak eman dituztenak eta arazoak izan dituztenak bere burua feminista bezala aurkeztu dutenean. Gauza batzuk ez dira hainbeste aldatu. Adibidez, niretzat izugarria da ‘feminazi’ bezalako hitzak entzutea. Benetan ikaragarria da era horretako hiztegia erabiltzea mugimendu historiko garrantzitsuenetarikoa izan denaren eta egun hainbeste indar duenaren inguruan», iritzi du Villak.

Lehen belaunaldikoak, ahaztuak

Benita Asas oso iraultzailea zen bizitzea egokitu zitzaion garairako. «Feminista guztiak dira iraultzaileak bizi diren gizartean. Benita Asasen garaian emakumearen eredua oso zurruna zen; etxeko aingerua zen. Eta nahiz eta gizartea oso azkar aldatzen ari zen –emakumeak lan munduan sartu ziren, unibertsitatean, gero eta gehiago espazio publikoetan–, aldaketa horiek oso arraroak ziren. Nik beti esaten dut lehen eta bigarren belaunaldi bat izan zela. Lehen belaunaldikoak Benita Asas, Maria Espinosa de los Monteros, Julia Peguero... dira. Emakume horiek bidea ireki zuten, baina gerora ez zaie lan hori aitortu. Bigarren belaunaldikoak Maria de Maeztu, Clara Campoamor, Victoria Kent, Margarita Nelken... dira; gaztexeagoak ziren, unibertsitateko ikasketak izateko aukera izan zuten eta garrantzia eta pisua izan zuten Bigarren Errepublikan. Lehen belaunaldikoek sekulako lana egin zuten parekidetasunaren alde, baina ez zuten lortu gerora aitortzarik». Horregatik ere, merezia du Benita Asas Manterolak Villak jositako biografia intelektuala.

Ikertzailearen hitzetan, «Benita Asas oso emakume pragmatikoa zen. Berak esaten zuen oinarrizkoa, garrantzitsuena, emakumeek berdintasuna lortzea zela; eskubide sozial, juridiko eta politiko berak izatea. Hortik aurrera, kultura politikoetan integratzeko lan egin beharra zegoela esaten zuen. Baina Benita Asasek zioen berdin zitzaiola zein aukera politikok ematen zion berdintasuna emakumeei. Garrantzitsua hori lortzea zela. Pragmatikoa zen oso».

Benita Asas Manterolaren ustez, feminismoa hiru oinarriren gainean eraiki behar zen. Batetik, gizonen esku hartzerik gabekoa izan behar zuen; bigarrenik, akonfesionala –eliza katolikoa kanpoan utzi eta emakume ezkertiar ez katolikoei parte hartzeko atea irekiz– eta, hirugarrenik, alderdi politikoetatik bereizita egon behar zuen.

1919an, Asasen eskutik sortu zen Emakume Espainiarren Elkarte Nazionala, aipatutako hiru zutabeetan oinarrituta. 1923an ANMEko presidente aukeratu zuten Asas bera eta Estatu espainolean ematen ari ziren lege aldaketetan eragina izateko ekintzak koordinatu zituen. Era berean, feminismo espainolak nazioarteko foro feministetan ordezkaritza izatea ere bultzatu zuen.

Gerraren ondoren, Madril hiriburutik deserriratu egin zuten Asas, bere filiazio politikoagatik eta jarduera feministagatik, baina ez zuten irakasle gisa ezgaitu. Hartara, Collado Villalban (Madril) lanean jarraitu zuen, erretiroa hartu arte. Erretiratu zenean Bilbora etorri zen bizitzera eta bertan eman zituen bere azken egunak, bizitza publikotik aparte.

«Bere lana eta bizitza errepasatzen, ikasi dut nola aldatzen, garatzen eta moldatzen garen pertsonak gure bizitzan zehar. Une askotan ondo pasatu dut, umore zorrotza zuelako eta bere artikuluetan horrela erakusten zuelako. Baina, batez ere, borrokaz ikasi dut. Guk benetako parekidetasunaren alde borrokan jarraitzen dugu eta Benita Asasek bere bizitza guztian borrokatu zuen horren alde. Beretzat hori zen bere bizitzaren norabidea eta helmuga: emakumeen eskubide politikoak, sozialak eta juridikoak. Hori izan zuen beti buruan eta sekulako lana egin zuen horren alde».