Maite Ubiria Beaumont

Bazen behin zirkua...

Herri txikitan ezartzen dute karpa marraduna gehienetan. Zirkuitu ofizialen bidezidorretatik heltzen dira, kulturaren amazonizazioari itzulipurdi harrigarri batekin erantzunez, merkantilizazio arautegiari trufa eginez, sudur gorria ipinita. Furgoneta eta karabana, lehena herriko karriken gaindi bozgorailuz ondorengo funtzioa iragartzeko, bigarrena txiki zein handi liluratzeko gai izanen diren artisten bizitzak, beraien poz eta tristurak, gordeta atxikitzeko.

Diru publikoarekin olioztatutako makrokontzertuen eta babestutako ikusgarrien makinatik at, belar zabalgune batean, xarmarik gabeko aparkalekuan edota bigarren edo hirugarren mailako plazan, udako gau epelean foku bat piztuko du zirkuak. Pistaren gainera arreta eramanez, itzalean geldituko dira, funtzioak iraun bitartean, zutik irauteko gainditu behar izandako traba eta estutasun guztiak.

Zirkuaren magia berritzeko izerdi handia bota behar da, globalizazioaren gezurrak palakada irentsi dituen jendarte hiperkonektatuak mespretxuz hartzeko arriskua hartzen baitute bide ertzetan oreka zailak proposatzen dituzten lagunek. Teknologia berrien laguntzaz egiturazko bortizkeria eguneroko paisaian txertatu duen gizarteak, kasu askotan aparteko izpiritu kritikoa garatu gabe, orotariko arautegien laguntzaz marraztuko den esklusio zahar eta berrien maparen berme gisa jardunen du batzuetan.

Uda hasieran, bidaia jendeen karabanek asaldatu zuten Ipar Euskal Herriko zenbait herritako udal agintarien egunerokotasuna. Debekuak eta kanporatzeko aginduak nonahi, gure artean egun batzuk baizik ez diren izanen herritar nomadak uxatzeko. Turismo arduradunek eskainitako bilana eskuan harturik, 2018an Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan bisitariek 25 milioi gau igaro zituzten. Bisitari gehienak, bistan da, udako hilabeteetan heldu ziren. Batez besteko azkarra eginez, egunero 615.000 bisitari hartu zituen 300.000 biztanle inguru dituen lurralde eremuak. Zifrak begiratuta, zilegi dirudi galderak: benetan badira arrazoiak «arazo handi» bezala bizitzeko eta tratatzeko ehunka ijito erromesen joan-jin horiek?

Urtero bezala, etorri zirenak joan dira jada. Berdin da, G7aren goi bileraren atzerako kontaketa piztu den honetan ertzetara begira jarri gaituzte, beste behin ere, paisaia ofizialarekin bat ez datorren horrengana aurreiritziz edo, nahiago bada, eraikitako iritziz begira dezagun.

Nomadak badira, gaizki, zirkuko jendeak badira, zer esanik ez. Oraingoan karpa marradunak irudikatzen du arrisku soziala, oraingoan munduko ikusgarririk zaharrenaren oihartzuna gero eta ahulago eramaten dutenek irudikatzen dituzte gaitz guztiak. Non eta Lapurdiko kostan, noiz eta lanak abian direnean Biarritzen eta inguru zabal batean gure lurraldea asaltoan hartuko duten mandatariak aterpetzeko –eta herritarren haserreaz kosta ahala kosta babesteko–. Milioika herritarren etorkizunari buruzko erabakiak hartzen dituzten agintariak, demokrazia autoritarioaren sustatzaileak, planetaren baliabide eta bizitzaren zurgatzaileak bortxaz jabetuko dira Euskal Herriaz, debekuak zabalduz eta askatasun murrizketak ezarriz. Hiri bat hesituko dute, errepideak moztuko dituzte, hamaika eguneroko jarduera baldintzatuko dituzte. Inork ez dezala, bederen, zirku hitza arinkeriaz erabili larrutik ordainduko dugun espektakulu tamalgarria izendatzeko. •