Juantxo EGAÑA

1983ko uholdeak, Laudion

1983ko abuztuaren 26an eta 27an 100 euskal herritik gora kolpatu zituzten euri erauntsiak izan ziren. Euriaren ondorioz, ibaiek gainezka egin zuten. Abuztuaren 26an herri horietako batzuetan metro koadroko 600 litrotik gora bota zituen. Euskal herrialderik kaltetuena Bizkaia izan zen; zati bat bakartuta geratu zen, errepideak moztuta, argirik eta telefonorik gabe. Bilbo Aste Nagusia ospatzen ari zen eta uholdeek jai esparru osoa suntsitu zuten, txosnak barne. Kontaketa ofizialaren arabera, 40tik gora hildako izan ziren eta bost lagun desagertu ziren. Bermeo, Galdakao edo Laudio bezalako beste herri batzuek ere izugarrizko kalteak jasan zituzten. Artikulua ilustratzen duen irudian ikusten denez, Nerbioi ibaiak gainezka eginda, uholdeak Laudioko erdiguneko eraikin horretako tabikeak hautsi eta altzariak eraman zituen. Argazkia Luis Ziarrusta argazkilari gasteiztar ezagunak egin zuen, besteak beste “El Correo”, “Deia” eta “El Periódico de Alava” egunkarientzat lan egin zuenak. Haren irudi ezagunenak, bere garaian mundu osoko hedabide ugaritan argitaratu zituztenak, Gasteizko 1976ko martxoaren 3ko gertakarienak izan ziren.