Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

«Oste moste»

Oste moste, chocolates Loste» esaten digu osaba batek, biharamunean aurpegi benetan eskasarekin agertzen garenean bazkaltzera. Une batez pentsatu dut Zaldieroak bezala egitea eta sanferminetarako osatzen dituen zinta horietako batekin ihes egitea gaurko zutabeari. Biñeta segida errealista: marrazkilaria eta biok poteoan, dantzan, elkar agurtzen, sarraila ezin irekitzen eta lo ziplo. Gasteizko jaien erdian idatzi behar izateak hori dakar, zein egunetan zauden oso ondo ere ez dakizula. Nire herriko jaiak direlako izango da ziur aski, baina maite ditut Gasteizko jaiak. Atseginak iruditzen zaizkit. Festazaleon partetik, hurrengo Urrezko Zeledon ohoretsua nori eman argi dugu askok: santu eta amabirjinak gorabehera, urtero txosnak ostiralez martxan jartzea erabaki zuen batzordeari. Bestela ere merezi dute txosna batzordekoek, jaiak bukatu bezain pronto hurrengo urteko egitaraua eta azpiegitura prestatzen hasten baitira. Norbaitek mosto bat edo ogitarteko bat eskatzen duen unean, ez gara konturatzen zenbat lan konprometitu eta eskuzabal dagoen atzean. Badira urte batzuk jendez mukuru dakusagula herri mugimenduen jaigunea eta plazer handia da.

Urteak joan urteak etorri, beti dabil ahoz aho neska eta blusen kontua. Mozkortuta doazela, ozen abesten dutela, kaleak okupatzen dituztela... Ez diot ikusten nik ezer berezia, kontuan hartuta festetan gaudela. Speedez goraino doazen rockzale eta punkarra kuadrillak ez dira atseginagoak izaten. Are gehiago, gero eta emakume gehiago animatzen dira kuadrilletan izena ematera eta neska eta blusen komisioan urteak daramatzate lanean baserritar jantzia jartzen duen oro konprometitu dadin, benetan eta praktikan, erasorik gabeko jai herritar batzuekin. Batez ere gazte asko ikusten ditugu erasoen aurkako ikurrak soinean. Neskek gero eta argiago dute erabakia eta ahalmena beraienak direla eta ez dutela onartuko beren gorputzen gaineko besteren erabakirik. Azken hamarkadan itzelezko pausua eman da jendartean mugimendu feministaren eskutik eta isiltzen joan dira beren pribilegioen galera sentitu duten ahotsetako asko. Halere, barne-barnean diraute aurreiritziek. Aurrekoan etxeko atea konpontzen ari zen arotz alai eta jatorrak esan zidan: «Ez duzu emakumerik? Bejondeizula! Emakumea duzunean, zure askatasuna, akabo». Zur eta lur. Emakume batek zure gizon izateko askatasuna mozten duela uste baduzu, pribilegioez ari zara, eta hortik eraso bat egitera, zure ohorea zapaldu duelako ustetan, ez dago distantzia handiegirik.

Azken zartako ekonomikoaz gero, aberatsak aberatsagoak dira eta gainontzekoon egoera gero eta prekarioagoa. Badirudi, Joseba Gabilondok iradokitzen duen eran, pribilegiatu eta ez pribilegiatuen jendarte antolaketa batera itzultzen ari garela. Eta prozesu horretan, genero rolak iltzatu eta indartu dira espazio askotan, oinarrizko kontsentsu bezala. Dena askatasunaren izenean: gizon izateko askatasuna, langileak kaleratzeko askatasuna, kontraturik eta lantokirik gabe lan egiteko askatasuna... “Askatasuna” hitza eta esanahia gure egin behar ditugu pribilegiatu zahar eta berrien aurkako gerran, bizimodu duina eta gorputz boteretuak baitira askatasunaren oinarria. Eta jaietan ere, preso politiko guztien askatasuna galdegin dugu, beste behin! •