Amagoia Mujika Telleria

PUTZUZARREKO TRIKUHARRIA, AUZOLANAK ERAIKIA ETA BISTARATUA

Lehendik ere badira aztarnak Hernaniko Igoin-Akolako estazio megalitikoan eta orain Putzuzarreko trikuharria batu behar. Aztarnoi begira duela lau mila urteko gizarteari buruzko tasun asko sumatzen dituzte arkeologoek. Adibidez, trikuharriak auzolanean egiten zituztela. Indusketak ere halaxe egin dituzte.

Putzuzarreko trikuharria, Hernaniko Ereñotzu auzoan, Akolako atseden gunetik 200 bat metrora ipar-ekialderantz, pistaren albo samarrean. Aranzadi Zientzia Elkarteak bazuen trikuharri horren berri, 2014an eman baitzien abisua Lontxo Ugartek, beste askotan bezala. Idiazabalen bizi den aramaioar horrek lotura dauka Aranzadirekin duela 30 urte baino gehiago. Indusketa askotan parte hartu du boluntario eta bere zaletasun handienetakoa horixe du: mendira joan eta altxorrak topatzen saiatzea. «Pistetatik kanpo ibiltzen naiz, normalean jendea ibiltzen ez den tokietatik, lurrera begira, trikuharriak, dolmenak eta bestelako aztarnak topatu nahian. Jada begia entrenatuta daukat eta normalean asmatzen dut, baina tartean izaten dira alarma faltsuak, aztarna megalitikoak diruditenak, baina gero ez direnak». Putzuzarrekoak ematen zuen eta bada.

Baina, nola jakin trikuharri baten aurrean egon gaitezkeela? «Aldez aurretik paisaia pixka bat ezagutu beharra dago, bertako erliebea nola dagoen jakin. Euskal Herrian horrelako aztarnak topatzeko ohitura handia dago. Barandiaran hasi zen horretan eta gero Elosegik jarraitu zion. Eta haietatik hasita, Aranzadiko bazkideek eta bertako jendeak ezagutzen duten paisaia horretan atentzioa ematen dieten gauzei erreparatzeko ohitura daukate. Dolmen baten ezaugarria, normalean, harrizko ganbara bat izaten da, hutsune bat, gorpuak barruan sartzeko. Horren gainetik eta hori inguratuz harrizko tumulu bat izan ohi da; forma borobilekoa eta erdian konbexua. Laukizuzen formako ganbera bat eta inguru guztia harri tumulu batez bildua. Hori da, berez, trikuharriaren forma, baina normalean suntsituta egoten dira eta topatu ohi duguna harriz egindako konkor bat izaten da. Eta konkorraren erdian azaleratu daitezke ganberaren zati batzuk. Finean, jatorrian trikuharria harriz egindako kaxa bat da, baina gelditzen diren aztarnak bestelakoak izaten dira», azaldu dute Aranzadi Zientzia Elkarteko Jexux Tapiak eta Manu Zeberiok. Arkeologoak dira eta beraiek zuzendu dituzte Putzuzarreko trikuharriaren indusketa lanak duela egun batzuk.

Esanda bezala, Aranzadin jasotzen dituzten aztarna megalitikoen abisuetan, batzuk benetako aztarnak dira eta beste batzuk ez, lehen begi kolpean hala iruditu arren. Putzuzarrekoa, bada. Iaz aritu ziren pixka bat ingurua garbitzen eta joan den astean hiru egunetan aritu dira indusketa lanetan, Hernaniko Udalaren laguntzarekin. Dagoeneko lehen egunean, azal-azalean ari zirela, material arkeologiko interesgarriak topatu zituzten: suharrizko bi printza eta gezi punta bat. «Suharria da historiaurre osoan harrizko tresnak egiteko gehien erabili den lehengaia. Hemen topatutakoak, gainera, gertukoak bai, baina ez dira bertakoak. Pieza horiek gizakiak egindakoak dira; gauzak mozteko eta ebakitzeko erabili ohi ziren. Putzuzarren topatu dugun suharri mota ez da bertakoa, flyscheko suharria da. Eta horien artean, ematen du Bidaxuneko motakoa dela. Suharria Euskal Herriko toki zehatz batzuetan azaleratzen da; Trebiñun, Urbasan, Barrikan eta baita Bidaxunen ere», azaldu du Tapiak.

Ohikoa da suharri mota horiek topatzea Ereñotzuko paraje inguru horretan. «Pentsatzeko da garai hartan ere nolabaiteko trukeak eta merkataritza bazegoela. Ez dakigu truke hori nola gertatzen zen. Batzuetan, dagoeneko egindako piezak trukatuko zituzten, eta, besteetan, harri masak, lehengaia bera. Eta pentsatzekoa da gero herrixkan bertan lantzen zutela lehengaia tresna horiek egiteko», jarraitu du arkeologoak. Polita izan da. Lehen egunean topatutako gezi puntari falta zitzaion beheko partea topatu baitute hirugarren egunean. Pieza osoak, zalantzarik gabe, informazio gehiago emango die adituei.

Ezjakintasunetik magia begitandu daiteke zentimetro gutxi batzuetako suharrizko pieza bati begira jarri eta duela 4.000 urte gure arbasoak nola bizi ziren irudikatzeko ariketa. «Ez da magia, zientzia da», zehaztu du zorrotz Tapiak.

Ehorztoki kolektiboak

«Trikuharriak ehorztoki kolektiboak ziren, egungo panteoien modukoak. Harlosez itxitura bat egiten zen, paretak eta tapa bat, eta gorpuak osorik bertan sartzen ziren. Neolito garaian hasi ziren, Kristo aurretik lau mila urte inguru, eta brontze arora arte iraun zuten, Kristo aurretik 1.500-2.000 urte. Hildakoari zenbait osagairekin laguntzen zitzaion; apaingarriak, berak erabiltzen zituen gauzak, gezi-puntak, armak, labanak, zeramika ontziak... Ez dago espresuki hildakoarentzat egindako ofrendarik. Egunerokoan erabiltzen zituzten tresna arruntak topatu ohi ditugu. Normalean gauza horiek egoten ziren trikuharrietan, beste gauza bat da egunotara zer iristen den eta zer ez. Materia organiko guztia normalean desegin egiten da. Hezurrek eta zeramika ontziek, dauden lurraren azidotasunaren arabera, iraun dezakete edo ez. Kasu honetan, Putzuzar inguruan hareharria da nagusi, lurra oso azidoa da eta hezurrak eta zeramika desegin egiten dira. Baina harria kontserbatu egiten da», azaldu du Jexux Tapiak.

Suharrizko pieza horiei begira, adituek aise ikus dezakete zer teknika mota erabili zuten pieza egiteko orduan, eta horrek informazioa eskaintzen du. «Ez dakigu bakoitzak bere piezak egiten ote zituen edota herrixkan horretan trebea zen batek egiten zituen guztiak. Hori ezin dugu jakin. Baina teknika desberdinak menderatzen zituztela bai ikusten da. Denboran kokatzea zailxeagoa da, trikuharrien erabilpena denboran dezente luzatu baitzen; neolitotik, Kristo aurretik 4.000 urtetik, 2.500 urte ingurura arte. Badakigu zeintzuk diren pieza zaharrenak eta zeintzuk berrienak, baina denak batera agertzen zaizkigu eta zaila da kronologikoki kokatzea. Ikatz piezaren bat edo lortuz gero baliagarria litzateke, datazio bat egiteko aukera izango genukeelako». Putzuzarren topatutako geziaren puntari begira, teknika horiek Kristo aurretik 3.000-3.500 urte ingurukoak direla ondorioztatu dute adituek eta, beraz, ehorzketen momentu bat, gutxienez, inguru horretan kokatu dute.

Akola inguruan, Sagastietako lepoan, badira trikuharri gehiago. «Igoin-Akolako estazio megalitikoa da hau eta monumentu megalitiko asko daude, trikuharriak gehienak. Baina gehienak tontorrean daude eta Putzuzarreko hau ez, hau beherago dago. Orokorrean pentsatu izan da monumentu megalitiko gehienak mendi tontorren inguruan zeudela. Baina azken urteotan toki baxuagoetan topatzen ari gara», esan du Manu Zeberiok.

«Badakigu monumentu megalitikoak multzoka antolatzen direla eta ematen du paisaia pixka bat antolatu egiten dutela. Toki dominanteetan jartzen dira eta multzotan. Kasu honetan multzo nagusitik beheraxeago dago, baina toki nahiko interesgarrian dago, kokapena oso altua ez den arren. Pasoko toki batean dago. Beti egoten dira garrantzia daukaten tokietan».

Aurkikuntza arraroa izan daiteke

Putzuzarreko trikuharriak, lehen bistara, badu beste berezitasun bat, «oraindik ondo ziurtatu behar dena», Jexux Tapiak nabarmendu duenez. «Normalean hemen Gipuzkoan topatzen ditugunak ganbara sinpleak izaten dira. Harrizko ganbara hori itxita eta tumuluarekin erabat bilduta egoten da. Baina kasu honetan ematen du ganbaratik pasillo moduko bide bat ateratzen dela tumulutik kanpora. Oraindik ez dugu erabat zehaztu, baina susmo hori daukagu».

Susmo hori baieztatuko balitz, aurkikuntza esanguratsua izango litzateke. «Horrelako monumentuak Errioxan, Araban eta Nafarroan ezagutzen dira, baina Gipuzkoan eta Bizkaian ez. Kulturalki bi talde bereizi daitezke; hegoaldekoak eta iparraldekoak. Iparraldekoak askoz sinpleagoak izaten dira, bai egituran eta bai tamainan. Hau konfirmatuz gero, lehen kasua izango litzateke Kantauriko itsasaldean. Badaude hori pentsatzeko aztarnak, baina hori konfirmatu egin behar dugu», nabarmendu du Tapiak. Eta baieztatzen bada, «aurkikuntza arraroa eta handia» izango dela garbi dauka. «Ezagunak dira bi isurialdeen arteko harremanak. Baina orain arte, berezitasun bezala, beti mantendu izan da monumentuen arteko desberdintasuna. Badakigu hegoaldean giza-taldeak handiagoak zirela, ingurumena desberdina zelako; garai hartako biztanleak dagoeneko nekazariak eta abeltzainak ziren eta nekazaritza askoz hobe ematen zen hegoan iparrean baino. Horregatik logikoa da pentsatzea hango gizarteak handiagoak direla, nekropoliak handiagoak direla eta, ondorioz, monumentuak ere hala dira. Iparraldeko giza-taldeak, berriz, badirudi txikiagoak zirela. Monumentu asko egiten dituzte, baina denak txikiagoak. Kasu honetan, Putzuzarreko diseinu hau ez da normalean hemen topatzen ditugunen antzekoa, hegoaldekoen antzekoagoa dela dirudi. Tira, izan daiteke, hipotesi horren gainean ari gara lanean, baina oraindik baieztatzeko dago».

Neolitoko gizarteak non hiltzen ziren badakigu, baina ez dakigu non bizi ziren. «Segur aski etxeak, baserriak, lokatzarekin eta egurrarekin egiten zituzten. Baina badirudi garrantzi handiagoa ematen zietela hildakoen munduari bizidunenari baino. Arkitekturaren aldetik, argi dago indar handia jarri zutela hilerriak egiteko, bai egitura aldetik eta baita mendi gainean egiten zituztelako ere. Paisaian marka bat utzi nahi zuten. Egitura hauek ez dira soilik ehorztoki bat, hildakoaren hezurrak ezkutatzeko eta azkonarrak eta otsoak hildakoen hezurren artean ez ibiltzeko toki bat. Hori baino gehiago dira. Monumentaltasun bat eman nahi diete, paisaian marka bat utzi. Edozeinek ezagutu dezakeen egitura bat egin dute eta puntu zehatz batean jarri; segur aski lurraldea kontrolatzeko eta hildakoaren eskuetatik jasotzako lursailen jabetza hori aldarrikatzeko. Gainera, badute beste ezaugarri oso garrantzitsu bat: kolektiboak dira. Sinismena, lurraldetasuna, gizarte antolaketa... dena lotuta dago eta monumentu megalitikoek horri guztiari buruz hitz egiten digute. Monumentu horiek egiteak auzolana eta elkarlana eskatzen ditu. Denon artean eginak eta denontzako. Ez dira buruzagien ehorztokiak, herrixkako edo klan horretako kide guztien ehorztokiak baizik. Horrek ere asko esaten du garai hartako gizarteaz».

Auzolana, bertakoek bere senti dezaten

Auzolanean egindako trikuharria auzolanean atera dute bistara. Aranzadi Zientzia Elkarteak gidatuta, Ereñotzu eta inguruetakoak aritu dira indusketa lanetan. «Aranzadirentzat oso garrantzitsua da hori, herritarren inplikazioa. Hernaniko Udalak lagundu du indusketa eta bertako jendeak jarri duen interesa izugarri polita izan da. Adin guztietako jendea gerturatu da. Erabakiak guk hartzen ditugu, baina jendearen laguntza garrantzitsua da. Aranzadik horren aldeko apustua egiten du, pedagogia lan garrantzitsua egiten da horrelako indusketetan. Arkeologiari garrantzia ematen zaio, aurkikuntza partekatu egiten da, herritarrak inplikatu egiten dira... Bertako herritarrek tokiko ondarea ezagutu eta bere sentitzen dute. Eta hori da gerora aurkikuntza horiek babestuta izateko biderik onena, bertakoek aurkikuntza hori beraiena dela sentitzea», nabarmendu dute arkeologoek.

Orain, errespetatu eta zaindu

Ondarea guztiona da eta hori erregulatzen duten arauak eta izapideak daude. Kasu honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio lan arkeologikoak baimentzea. Tapiak dioenez, «lan arkeologikoak ez dira zaletasun bat. Ondarea ondo zaindu beharreko kontua da». Hartara, kasu honetan ere beharrezkoa izan da Aldundiaren baimena eta hark jarritako baldintzak betetzea.

Hemendik aurrera, zer? «Pieza guztiak gure laborategian aztertuko ditugu eta lehen bistara ikusi ditugun lehengaiak benetan horiek direla ziurtatuko dugu. Gero, orain topatutako piezak estazio megalitiko honetan topatutako beste piezekin konparatuko ditugu, eta baita Gipuzkoako eta Euskal Herriko beste batzuekin ere».

Putzuzarrekoa bezalako egiturak babestu egiten ditu Aldundiak, bai legearen aldetik eta baita fisikoki ere. «Ez dira ixten, baina bai markatu eta seinaleak jarri. Eta urtean pare bat aldiz garbiketa bat egiten da, ingurua garbi mantentzeko. Hortik aurrera, jendeak errespetatzea eta zaintzea falta da». Kasu batzuetan, tokian tokiko udalak hesitu egiten du monumentua.

Manu Zeberioren esanean, normalean jendeak errespetatu egiten ditu monumentu megalitikoak. «Lehen ez. Ehiztari askok monumentu horietan jartzen zituzten ehizarako postuak. Baina kasu askotan ezjakintasunagatik egiten dira horrelakoak. Azken hogei urtean lan handia egin da kontzientzia zabaltzeko, monumentu horiei balioa emateko eta zaintzeko. Orain, zorionez, ez dira horrelakoak gertatzen. Euskal Herrian normalean jendeak maite ditu bere monumentu megalitikoak eta zaintzen ditu».

Baina ondarea zaintzeaz aparte, monumentu megalitiko horiek informazio benetan baliagarria ematen dute garai bateko gizarteez. «Klima larrialdiaz hainbeste hitz egiten den garaiotan, gizakiak garai bakoitzean klima aldaketei zer-nolako erantzuna eman dien iker dezakegu aurkikuntza horiei esker. Finean, gizakiak betidanik izan duen erronkarik handiena hori izan da: nola aurre egin klima aldaketa horiei», zehaztu du Zeberiok. Alegia, nondik gatozen eta bidean zein puntutan gauden jakitea garrantzitsua da nora goazen erabakitzeko orduan.