Udako Euskal Unibertsitatea
Entrevista
Irati Iciar
UEU-ko ikastaroetako arduraduna

«Maitasuna politikoa den moduan, UEUren kasuan elkarlana politikoa da»

Beren 47. edizioa bukatu berri dute Usurbilen UEUko ikastaroek. Irati Iciar ikastaroon arduradunak bere balorazioa egin du elkarrizketa honetan.

Duela zenbait aste amaitu ziren Udako Euskal Unibertsitatearen 47. Udako Ikastaroak eta Irati Iciar Madinabeitia ikastarootako arduradunarekin izan gara solasean.

Hiru urteko hitzarmena sinatu zenuten Jakinek, Usurbilgo Udalak eta UEUk. Aurtengoa dagoeneko hirugarren urtea dela kontuan izanik, zein balorazio egiten duzu?

Oso balorazio positiboa da, noski. Batez ere konfiantzazko harreman batetik sortutako hitzarmena izan delako. Ez da bakarrik hiru erakunderen artean egiten dena, baizik eta hiru erakundeok elkar aitortzea bera ere. Gure papera, gure funtzioa, gure ibilbidea. Usurbilgo Udalak aitortza hori egitea aipatzekoa da; berez, ideia Usurbilgo Udaletik etorri zen. Jakin hartu zuen arlo akademikoari indarra eta gorputza emateko, eta gero UEU ere bertan egon behar zela ulertu zuen. Planetak elkarrekin lotu eta gauza zoragarriak gertatzen diren bezala, bada horrelako gauza miragarri bat izan da elkarlan hau. Benetan oso positiboa. Eta gero emaitza oso onak eman ditu bai akademikoki, bai liburuak eta bestelako edukiak sortuz. Berdin partaide eta jendearen erantzunaren aldetik ere.

Oro har hartuta, zein da aurtengo Udako Ikastaroen balorazioa?

Orokorrean balorazioa positiboa da. Alde batetik, eskaintza bera egitea lortu dugulako. Lehenengo erronka hori delako; 30 ikastaro antolatu, sei jardunaldi sartu. Guztiak ere gaiengatik interesgarriak direlako, bai antolatzaileengatik, bai ikastaro edo jardueron atzean dagoen elkarlanagatik beragatik ere.

Alde batetik, eskaintza egitea lortu dugu eta hori da gure urteroko erronka. Eskaintza berria eta interesgarria antolatzea. Eta bestea zati bat da jendearen erantzuna. Guk eskaintza hori egiten dugu norbaitentzat interesgarria, beharrezkoa delako, hutsune bat betetzeko asmoz. Horretan ere emaitza ona izan da.

Egia da bidean ikastaro batzuk ez direla irten edo ez dutela eduki guk espero genuen parte hartzea. Baina talde politak sortu dira. Tamaina ezberdinetakoak. Arrakasta beti ez da jende asko biltzea, baizik eta jende egokia biltzea. Orduan positiboa izan da parte hartzearen aldetik eta oso positiboa elkarlanaren aldetik. “ElkarEkin” leloa ez da kasualitatea eta nik uste dut Udako Ikastaroak direla bereziki UEUren barne elkarrekintza horren eremu naturala. Hasi akademikoki ikastaroak antolatzetik, eta baita azpiegiturak lortzeko orduan ere. Usurbilen kasu honetan, edo Baionako Lizeoan edo Iruñeko Ezpeleta jauregian. Eibarko Markeskoa jauregikoa bera ere elkarlan batetik sortua da. Udako Ikastaroetan egia da gorpuztu egiten dela eta benetan ikusgarri bihurtzen dela elkarlan hori. Maitasuna politikoa den moduan, UEUren kasuan elkarlana politikoa da.

Urtetik urtera hazten doan elkarlana da, gainera…

Bai, egia da. Gainera, guk ere sustatu egiten dugu. Alde batetik, datozen proposamenen artean ere baloratzen dugu nork proposatzen digun edo norekin edo zein elkarlan proposatzen diguten. Eta beste alde batetik, sustatzen dugun lekua da. Udako Ikastaroek ere malgutasun hori ematen digutelako. Urte osoko eskaintzak baditu beste ezaugarri batzuk, beste hartzaile batzuk eta beste tempus batzuk. Eta Udako Ikastaroak gure-gureak dira. Gure neurrira, guk nahi dugun moduan antolatzen ditugu. Guk nahi dugunean hasten dira, guk nahi dugunean amaitzen dira. Guk jartzen diogu kolorea, guk jartzen diogu elkarlana.

Zein paper dute gaur egun Udako Ikastaroek?

UEUren barruan Udako Ikastaroen papera gure nortasunari jarraipena ematea dela uste dut. Egia da Udako Ikastaroak UEUrekin batera eta gizartearekin batera asko aldatzen joan direla. Eboluzio bat izan dute. Eta bai, nolabait, egungo munduarekin kontaktua mantentzen laguntzen digute. Aldi berean, gure jarduerarik ezagunena da, UEUri nortasuna ematen diona kanpora begira. Bestetik, ematen digu praktika bat barrura begira lan egiteko: gure sailekin, bazkideekin… Baina praktika hori eta nortasun hori kanpora begira ere islatzen da komunikabideen bitartez, partaideen bitartez, sare sozialen bitartez… Hiru aste oso intentsu dira. Nik uste dut UEUrentzat erakusleiho oso garrantzitsua direla gaur egun oraindik ere. Eta elkarlanerako ere horrela dela ulertzen dute datozen eragile ezberdinek. Datozela bada UEUrekin zerbait egitera.