Nekane Zinkunegi Barandiaran

Beldurraren kultura

Bihar arratsaldean Hondarribira joango naiz. Bigarren aldiz, Jaizkibel konpainia parekideari merezi duen harrera ofiziala egiteko ordezkaritzan parte hartuko dut. Iaz joan nintzen lehenengoz alarde egunera, eta izututa geratu nintzen ikusi nuenarekin. Oso basatia iruditu zitzaidan alarde parekidearen aurkako “betikoen” jarrera.

Iazko basakeriaren dimentsioa aintzat hartuta, zur eta lur geratu naiz, biharko egunaren bezperetan, zenbaiten ahotik entzun eta beste zenbaiten eskuz idatzita ikusi ditudanekin. Zalaparta horretan, bada talde bat bere burua “Hondarribiko emakumeak” izendatzen duena. Hark publiko egindako oharrak asaldatu nau, bereziki, eta erantzuteko baliatu nahi nituzke lerrook.

Uste dut beste batzuk zaretela hipokritak, eta zuek bezala pentsatzen ez dutenen seme-alabei sartu nahi diezuela hezurretaraino beldurraren kultura. Askatasunari uko egiten ez diotenak, plastiko beltzen, irainen eta txistu hotsen artean, Kale Nagusian desfilatzeko prest dauden Jaizkibel konpainiakoak dira. Pentsatzen eta hausnartzen aspaldi ikasi zutenak.

Zorionez, ez zituzten beldurrean hezi. Ikasi zuten zapalkuntzari, mehatxuei eta zuen –bai, zuenari– indarkeriari aurre egiten. Askeak eta independenteak izateko urratsa egin dute Jaizkibelera batuta, badira beren pentsamenduen eta ekintzen jabe. Eta are garrantzitsuagoa dena: ez dira borroka horretan bakarrik egongo. •