Koldo Sagasti

Dooh Nibor

Txikitan Robin Hooden istorioa kontatu zidaten eskolan. Kondairako heroi bihozbera Sherwoodeko basoko zirrikituetan ibiltzen zen klandestinitatean, behar baino gehiago zutenei lapurtzen, behar baino gutxiago zeukatenen artean banatzeko. Ezagutu genuen lehenengo anarkista espropiatzailea izan zen. Orduan, erromantizismo apur bat geratzen zen gure arima xaloetan. Bizitzaren eskarmentuak, berriz, erakutsi digu gehienetan errealitatea ipuinen ifrentzua dela, eta benetako munduan gehien daukana izan ohi dela gutxien daukanez baliatzen dena. Alderantzizko ipuinean, gainera, pribilegiatuak, ezkutuan ez, egun argitan eta begi bistan lapurtzen dio behartsuari.

Adibideak ugariak dira baina azken asteko aldrebesko Robin Hood horietako bat ekarri nahi dut lerrootara: Cristina Uriarte. Hezkuntza sailburuak iragarri du azken egunotan bere kordako hedabideetan aurten 27,5 milioi euro gehiago, 608,7 orotara, bideratuko dituela diru-kutxa publikotik itunpeko ikastetxeen sarera. Lehenengo eskola egun hauetan patioetara osteratxo bat egitera joatea besterik ez dago batzuen eta besteen errealitatea zein den aurrez aurre ikusteko. Ikusleari begien aurrean agertuko zaion errealitate hori urteetako hezkuntza politika baztertzailearen emaitza da. Baliabide ekonomiko urriko jendea baliabide urriko sare publikoan kontzentratzea izan da planifikatutako estrategia; pribilegiatuak gizarte maila apalekoekin, etorkinekin edota behar bereziak dituztenekin nahas ez daitezen. Batzuk oihanean eta besteak orbanik gabeko lorategian. Sortuko ahal dira Sherwoodeko baso horietatik Robin Hooden alderantzizko ipuinari buelta emango dioten etorkizuneko anarkista espropiatzaileak. Bitartean, nork bere bizioak ordain ditzala. •