Nerea Goti
BILBOKO HISTORIA BELTZA

Urkatzeek, garroteak, torturak edota dueluek Bizkaiaz kontatzen dutena

Delituek gizarte baten argazkia marrazten dute. Gertakarien atzean pertsonak daude, bizimoduak, arazoak, tokiak, egoerak, pentsamoldeak... Luis Maria Bernal historialariak Bilboko historia beltza ikertu du eta iraganeko matxino, bidelapur, borrero, sorgin eta bilauen istorio errealak bildu ditu liburu batean.

Kriminalitatea garai bakoitzaren errealitatearen aurpegietako bat da. Luis Maria Bernal (Bilbo, 1977) historian doktorea Bilboko iragan beltzaren uretan murgildu da, dokumentu ofizialetan aurkitutako informazioaren ikerketan sakonduz. Horren emaitza liburu batean jaso du, baina liburua ez da 1550 eta 1810 arteko Bilbo hartan izandako prozesu judizialen bilduma hutsa. Prozesu horietan oinarrituta, dokumentuek utzitako protagonisten testigantza zuzenak, gertakariak eta egoerak josi ditu Bilboko historia beltzaren kontakizun interesgarria egiteko. Gertatutakoa ezin da ulertu testuingurua azaldu gabe, eta horren deskribapena ere egin du, azaltzeko ez bakarrik noiz eta nortzuk egin zituzten aztertutako delituak, baizik eta zergatik egin zituzten azaltzeko, egileek zer pentsatzen zuten ezagutzeko ere.

“Historia negra de Bilbao 1550-1810. Rebeldes, bandoleros, brujas, verdugos y otros villanos modernos” du izenburua Txertoa argitaletxeak liburu dendetara eraman duen Bernalen lanak. Izan ere, matxino, bidelapur, borrero, sorgin eta bilauak dituzte protagonista bildutako historiaren pasarteek.

Delituen ezaugarriak, zelan epaitzen ziren eta zer-nolako zigorrak ezartzen ziren ere jorratzen da liburuan. «Urte asko eman ditut indarkeria ikertzen, eta horregatik aukeratu nuen gaia, jendea nola bizi zen erakusten dizulako, prozesuetan beti agertzen delako zer egiten ari zen lekuko bat besteak eraso egin zionean, zergatik gertatu zen eraso hori, zein pentsamolde dagoen gertatutakoaren atzean, zerk eragiten duen gatazka bat izatean norbaitek indarkeria erabiltzea…», azaldu dio egileak GAUR8ri.

Ikerketa bera gaur egungo kriminalitatearekin egingo bagenu, delituak, zigorrak… ezberdinak izango lirateke, baina azterketak gure bizimoduen «irudi argi bat» utziko luke, Bernalek azaldu duenez.

Aipatutako testuingurura itzulita, delituok epaitzen zituen justizia bera ere marrazten du liburuak. Ezberdintasunen gainean eraikitako gizarte batean, Bizkaian zegoen magistratu garrantzitsuena korrejidorea zen, eta, foruak horrela ezarrita, kanpokoa izan behar zen. Horregatik, Valladolideko kantzilertzan epaile izandako bat bidaltzen zuten. Hori bai, foruak berak trataera ezberdina aurreikusten zuen “benetako bizkaitarrentzako”.

Bilboko bihotza, Alde Zaharra

Egin dezagun jauzi Bilboko iraganera eta imajina dezagun Alde Zaharrera mugatzen zen hirigune bat, itsasadarra, kaiaren inguruko jarduerak… «Garai hartan bereziki zigortzen ziren jabegoaren aurkako delituak, lapurreta txikiak beti egoten ziren, baina krisi garaietan erraz ikusten da jabegoaren aurkako delitu bortitzen igoera», dio Bernalek.

Gatazka belikoak izaten ziren garaietan, delituok nabarmen areagotzen ziren. Segurtasun eza nagusitzen zen bideetan eta justiziaren erantzuna jazarpena gogortzea izaten zen. «Garai belikoetan ematen ziren exekuzio gehienak», azaldu du.

Exekuzioak, Erriberan

Egungo Erriberako merkatua dagoen tokian izaten ziren exekuzioak. Alde Zaharrera mugatzen zen Bilboko hiriaren plaza publikoa orube hartan zegoen. Triangelu forma zuen, eta San Anton elizak eta udaletxe zaharrak mugatzen zuten gunea, Luis Maria Bernalek azaldu bezala.

Merkatua egiten zuten bertan, zezen plaza jartzen zuten jaietan, dantzaldiak ere bertan izaten ziren… baita heriotza zigorra aplikatzeko saioak ere. Azken horiek, gainera, liturgia berezi bat izaten zuten: delitugilea zigortzearekin batera, ikusleentzat abisua ere baziren. «Aztertutako hirurehun urteetan errituala ez zen beti berdina izan. Baina presoa kartzelan hartu, beltzez jantzi, beltzez jantzitako mando batera igo eta segizio bat egitea izan zen ohikoena. Presoak, aguazilek, apaizek eta epaia irakurtzen zuen pregoilariak hartzen zuten parte segizioan», kontatu du historialariak.

Segizioa hiriko kale nagusietatik igarotzen zen. «Helburua gizartean ahalik eta efektu handiena eragitea zen, hiribilduko herritar denek gertatu behar zenaren berri izan eta ikustera joan zitezen». Hala ere, exekuzioak ez ziren oso ohikoak Bilbon. «Delitu arruntengatik zortzi exekuzio kontatu ditut, eta lau egun berean izan ziren, lau bidelapurrenak». Hori bai, kontuan hartuta, garaian oso ekitaldi publiko gutxi izaten zirela eta exekuzioak oso deigarriak izaten zirela, «plaza guztiz beteta izatea» zen ohikoena.

Nortzuk ziren bidelapur haiek?

Exekutatutako bidelapurrak nortzuk ziren galdetuta, Bernalek erantzuten du ez dagoela garaiko gaizkileen profil zehatz bat ematerik. «Izan zitekeen lanpostu bat bilatzeko aukera gutxi zeukan gazte bat, krisian zen lanbide batean aritzen zen herritar bat, bizi zen inguruan lapurreta txikiak egiten zituen norbait... Garaian ez zen arraroa norbaitek bizitoki zuen zonaldetik irten gabe, klandestinitatean izan gabe, eraso bat egitea». Hilketarik gabeko delituak baziren, zigorra erbesteratzea izan zitekeen, edota zerbitzu militarra egitera behartzea. «Askotan, zigortutakoek ihes egiten zuten, klandestinitatean bizi ziren, eta, azkenean, bidelapur taldeetan sartzen ziren. Oro har marjinalitatean bizi ziren herritarrak ziren, bide edo tabernetan bat egin eta taldeak osatzen zituztenak».

Deigarria da prozesuetan ez dagoela gaizkileen inguruko datu bibliografiko asko, orain dela 300 urteko epaiketetan agintariak ez baitziren horrelako kontuez arduratzen. «Egungo justizian defentsak horrelako kontuak aringarri bezala erabiltzen ditu, baina, orduan, prozesuak sinpleagoak ziren: defentsako abokatua egon bazegoen, baina gehiago zentratzen zen ‘nire bezeroak ez du hori egin’, ‘lekukoa oker dago’ edo ‘erosita dago’ bezalako argudioekin».

Torturak, Saratxo herrixkan

Zer gertatzen zitzaion delitu bat egitea egotzita atxilotzen zutenari? Foruak, teorian behintzat, torturak debekatzen zituen bizkaitarren kasuan. Izan ere, garai hartan, “benetako” bizkaitarrek (bizkaitarrak zirela frogatzen zuten agiriak zituztenak) estatus berezia zuten, agintarien artean desadostasunak zeuden arren. Eztabaida erabaki batekin itxi zen: tortura debekatu egin zen Bizkaian.

Hala ere, ikerketa metodoak oso garatuta ez zeuden garai batean, non gertakariak frogatzeko testigantzak eta auzipetuen aitortzak behar ziren, «agintariek ez zuten aitorpenak lortzeko tortura bezalako tresna bat baztertzerik», Bernalek zehaztu bezala. Egoera horretan, Bizkaian tortura debekatuta zegoenez, presoak Arabara eramaten zituzten; Amurrio edo Urduñara lehenik, eta, bertatik, bi herrion artean kokatutako Saratxo herrixkara. Tortura saioak bertan izaten zirela jakina bada ere, non izaten ziren zehazterik ez dago egun.

«Nik aztertutako dokumentuetan, ez ditut tortura kasu asko aurkitu. Hiruzpalau prozesutan agertzen da tortura eta zortzi bat presoz hitz egiten da», zehaztu du historialariak. Oinaze zaldia erabiltzen zen presoen aitortza lortzeko. «Ohol bati lotuta izaten zuten atxilotua eta torniketeekin estutzen ziren sokak erabiltzen zituzten gorputz-adarretatik tira egiteko, hezurrak lokatu arte», aipatu du Bernalek. Zehazten duenez, tortura saioak 35 minutu ingurukoak izaten ziren eta, borreroaz gain, epailea eta galde-erantzunak jasotzen zituen eskribau bat izaten ziren presente.

Torturatuen erdiak inguru irteten ziren bizirik tormentutik. Batzuetan atxilotuek errudun zirela aitortzean bukatzen zen tortura saioa, eta, beste kasu batzuetan, oinaze zaldia ikustea nahikoa izaten zen atxilotuak delitu aitortzeko. Egia izan ala ez.

Behin, aitortzaren ostean, zigorrak askotarikoak izaten ziren. Kartzela ez zen aukera bat monarkiarentzat, kostu ekonomiko handia baitzeukan ezertarako baliagarriak ez ziren presoak bizirik mantentzeak. Horregatik, presoak baliagarriak ziren lekuetara bidaltzea zen ohikoena, eta armada izaten zen helmuga nagusia. «Gerra sasoietan infanteriara, arriskutsuenak ziren puntuetara, bidaltzen zituzten. Baita galeretara ere, oso baldintza gogorretan, ordu luzez arraun egitera. Berez, ia heriotza zigorraren parekoa zen. Borroketan ez bazen, gaixorik hiltzen ziren».

Erbestea ere ohikoa zen delitu ez oso larrietan, baina garai hartan ez zegoen kontrol handirik, ez zegoen identifikazio agiririk... Hortaz, ez zen zaila zigorra bete baino lehen erbestetik itzultzea. Presondegiak ere bazeuden, batez ere Afrikan, Tetuanen, Melillan... Beste zigor batzuk gaizkileak Ferroleko armategietara edota Amadeneko merkurio meategietara bidaltzea zen. Azken finean, monarkiak leku arriskutsuetan doako langileak izateko baliatzen zituen zigorrak. Kuba, Filipinak, Puerto Rico... baziren zigorrok betetzeko helmuga, arriskua areagotu egiten zen, lanaz gain ohikoa baitzen gaixotzea.

Ohore zapalduaren ideia

Aztertutako garaian, hala ere, ez zen ohikoa gatazka edo delitu baten aurrean justiziara jotzea. Garaiko pentsamenduarekin bat, jasandako laido bategatik «ohorea berreskuratu» nahi zutenek, erantzun zuzena bilatzen zuten; ohikoena errieta egitea izaten zen, eta, kasuaren arabera, duelura ere hel zitekeen auzia, halere, ez ziren filmetan ikusitakoak bezain ikusgarriak. «Ohikoa izaten zen tabernan elkartu eta alkoholak animoak piztean, probokazioren bat izatea. Kalera irteten ziren borroka egitera, hori bai, guztiek arma berak erabili behar zituzten», aipatu du Bernalek. Zelan amaitzen ziren borrokok? «Batek abantaila handia lortzean, lekukoek esku hartzen zuten bakea ipintzeko, eta, alde biek beren ohorea aldarrikatuta, auzia amitutzat ematen zen».

«Prozesu zibilizatzailea» deitzen diote adituek mendeetan zehar eman den pentsamolde aldaketari. Bernalen esanetan, bilakaera handia eman da bai gizartean bai justizia sisteman. «Pentsamoldea aldatzen joaten da. Bizkaitar ona ez zen ohorea daga batekin defendatzen zuena, baizik eta auzokide on gisa jokatzen zuena, gatazkak sortzen ez zituena, familia buru ona zena... Egungo iruditik gertuago dagoen pentsamoldea da».

 

Inkisizioak sinistu ez zituen salaketak

Inkisizio beldurgarriak ezin zuen hutsik egin Bilboko historia beltzean. Hala ere, deigarria da sorginkeriagatik salaketak egon baziren ere, denuntzietako asko ez zirela kontuan hartu ikertutako garaian. Sarri salatutako horren atzean herritarren arteko liskarrak zeudela ikusi eta bertan behera uzten zituzten prozesuak.

Luis Maria Bernal historialariak azaldu duenez, inkisizioak berezko bilakaera izan zuen, batik bat Zugarramurdi edota Durangaldean izandako prozesuen ondoren. Bilbon kasu aipagarriena familia batek emakume batzuen kontra egin zuen salaketarena da. Inkisizioak ez zuen proba nahikorik ikusi, eta salaketa sineskeriek eta bestelako liskarrek bultzatuta zegoela ebatsi zuen. Horrek ez zuen salatzaileen zigor gogoa ase; gainera, ez ziren edonor, abizen entzutetsua zuten eta aurrean emakume pobreak zeuden. Hala, jazarpenak, bahiketa eta guzti, urte luzez jarraitu zuen. Prozesuaren dokumentazioa aztertuta, baina, zaila da salaketak emakumeoi zer estigma utzi zien jakitea. Bernalek dioenez, hori bai, hiri batera bakarrik eta lanik gabe heltzen ziren emakume gazteen kasuan, errazena zen prostitutak ziren usmoa zabaltzea, batez ere ostatuetan ibiltzen baziren.