Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

DNAk eta urpekariak

Espainiar hauteskundeen errepikapena dela eta, bi ikuspuntu pertsonal partekatu nahi nituzke, euskal gizon abertzale ezkertiar esanguratsuen ahotik azken asteotan entzun diren iritzien harira. Espainiak ez du DNA autoritariorik. Zalantza izpirik edukitzekotan, begira diezaiogun gure buruari eta Hego Euskal Herriko biztanleon erdiaren jatorri diren espainiar familiei. Espainiak oligarkia autoritario bat du herrialdeko sistema ekonomikoaren erpinean. Familia oligarkiko horiek dira disidentzia modu oro onartzeko ezintasun patologiko bat dutenak, XVIII. mendearen bukaeratik herritarrek botere egituretan esku hartzea exijitu dutenetik. Begira erregeen ateraldiak hitza hartzen duten bakoitzean; berdin benetakoa, gure Juankar herdoildua, bai eta Gasteizko matrikula duen Felipe delako pijo hori ere. Beren aurreko zuzenek ere disidentziaren presentzia publikoa moztu zuten, parlamentuak ezabatuz beharrezko ikusi zutenean: Alfonso XIII.ak Primo de Rivera jeneralaren eskutik 1923an eta gero 1936an matxinada faxista-monarkikoa sostengatuz. Baita Alfonso XII.ak ere, 1874ko Pavia jeneralaren estatu kolpea aprobetxatuta lehen errepublika bertan behera utzi eta monarkia berrezarri zuenean.

Espainian herritarren boteretzea bilatzen zuten sistema politikoek ez zuten porrot egin espainiarrek DNA autoritario bat dutelako, oligarkiak indarrez erorarazi zituelako baizik. Oraindik azken erorketa horren aztarnak ditugu: errepublika katalanaren aldeko militanteak atxilotzen dituztenean terroristak direla esanez, edo Iruñean Francoren aurka armetan altxatu zirenak omentzea debekatzen dutenean. Bide batez, Francoren gorpuzkia, nire uste apalean, hobe Kanarietara itzularazten badugu eta han itsasora bota inork ez topatzeko moduan, gogorarazteko ez zuela inoiz irla haietatik atera behar bere tropekin. Ez dakit kanariarrei grazia handiegirik egingo dien... Espainian ez dago demokraziarik, baina ez asunto kultural-genetiko batengatik. Independentistok hori oso argi eduki behar dugu, proposamen politiko garbizaleak aireratu aurretik.

Bestalde, ez dut uste Iñigo Errejon alderdi sozialistaren urpekaria denik. Mezu espainiar abertzaledun alderdi-koalizio antioligarkiko bat sortu du, nire ustez oso interesgarria. Abertzaletasuna, espainiarra, bere zentzurik jatorrenean transmititzen duela deritzot: aberria, herritarren gehiengoarena da eta guztion esku hartze politikoa bermatzen du, ala ez da aberririk. Jendeari esatea itsututa dagoela eta egiatan, benetako ezkerrak bakarrik ordezkatzen duela, deserturako eta autokonplazentziarako bidea besterik ez da. Más País delakoak kultura politiko interesgarria sor dezake, eta agian urpekari lana egingo duena, baina Espainian erro herritardun sistema politiko berri bati begira. Monarkiaren hurrengo erorketatik hurbilago jartzen gaituen mugimendu azkarra dela iruditzen zait, nahiz eta ziurrenik oker egongo naizen. Historialari gisa, nire fuertea ez da etorkizun politikoa asmatzea. Kontuak kontu, begitantzen zait independentistok hurbiletik jarraitu beharreko fenomenoa dela, erreformista, saldu edo oportunistatzat jo beharrean. Eta hobe ez gaitzala despistatuta harrapa, behin eta berriro euskal kristau-demokraziari independentista eta ezkertiar bihur dadin erregutzeko mania horretan. •