Amagoia Mujika Telleria
Entrevista
Agurne Gaubeka Erauskin
Behatokiko zuzendaria

«Eskubideen borrokan euskarari merezi duen tokia ematea da gure erronka»

Euskal hiztunek etengabe sufritzen dituzte beren hizkuntza eskubideen urraketak. Batzuetan, aste honetan bezala, lehen lerroko albiste dira. Gehienetan, itzalean geratzen diren trantze txarrak. Hizkuntza eskubideak beste giza eskubideen parera ekarri nahi ditu Behatokiko zuzendari berriak.

Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari berria da Agurne Gaubeka Erauskin (Bermeo, 1984). Lan-zientzietan eta Lan-harremanetan ditu ikasketak. Eskubideen esparruan aritu izan da orain arte, bereziki ikuspegi feministan egin du bidea eta sindikalismoan aritutakoa da, bai Katalunian eta bai Euskal Herrian ere. Eta horretan segitzeko asmoa dauka, eskubideen bidea urratzen eta hizkuntza eskubideak lehen lerrora ekartzen, gutxienez, gainontzeko eskubideen parera. Nafarroako Auzitegia Nagusiak euskara meritu gisa hartzea ez dela derrigorrezkoa erabaki du asteon. Erabakia jakin berritan eseri da GAUR8 Gaubekarekin hitz egitera, hizkuntza eskubideak lehen lerrora ekartzeko premia larria mahai gainean sumatzen dela.

Galdera derrigorrezkoa. Nola baloratzen duzu Nafarroako Auzitegi Nagusiak hartutako erabakia?

Albiste txarra da, baina espero genuen. Eta espero genuen, askotan esan dugunez, Foru Araua bera delako errotik aldatu behar dena. Azkenean, Foru Arauak dituen zirrikitu guztiak baliatu dituzte. Foru Arauak nafarrak diskriminatu egiten ditu eta bizi diren tokiaren arabera desberdin tratatu; ez dauka ez kohesiorik, ez berdintasunik eta uste dugu justiziarik ere ez duela, nafarren arteko berdintasuna ez duelako bermatzen. Epaiak zirrikitu horiek guztiak baliatu ditu eta gure balorazioa garbia da: errotik aldatu behar da Euskararen Legea. Bide horretan, Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu helegitea aurkez dezala eta herritar guztien eskubideak defenda ditzala.

Euskara benetan babestuko duten lege eraginkorrak behar dira beraz.

Hori da, eta batez ere herritarren eskubideetan oinarritutakoak. Herritarren oinarrizko giza eskubideen barnean daude, batetik, administrazioari euskaraz zuzendu ahal izateko eskubidea, eta, bestetik, hizkuntzarengatik diskriminatuak ez izateko eskubidea. Beraz, lege horiek oinarrizko giza eskubideen kontrakoak dira.

Lehen pausoa hizkuntza eskubideak beste giza eskubideen parean ikustea litzateke akaso. Eta horretan gure herriaren historiak pisu handia dauka.

Bai. Herri honetan borroka baten barruan sartu izan da euskara. Eta horrekin ez dut esan nahi euskarak ez duenik politikaren barruan egon behar, hizkuntzek eta euskarak politikaren barruan egon behar dute. Baina uste dut ikuspegi okerra eman izan zaiola, interesatua. Euskara politikaren alorrera ekarri behar dugu oinarrizko eskubide bat bezala; ez batzuen edo besteen eskubide bezala. Euskara denon eskubidea da, baita euskaraz hitz egiten ez dutenena ere. Era berean, erakundeen aldetik ez zaio eskubidearen trataera eman eta herritarren kontzientziazioan ere egiteko asko daukagu. Adibidez, feminismoaren baitan, emakumeen eskubideen baitan, berdintasunaren aldeko zenbait neurri hartzea erabat ulertzen dugu eta barneratuta daukagu. Baina euskararekin ez da gauza bera gertatzen. Guk geronek, euskal hiztunek, ez ditugu maila berean ikusten gure hizkuntza eskubideak.

Hizkuntza eskubideen alorrean ere beharrezkoa da ahalduntze ariketa bat.

Zalantzarik gabe. Eta herritarren kontzientziazio horretan Behatokiak asko du egiteko. Euskaldunaren zenbait konplexu gainditu behar dira eta gure hizkuntzari prestigioa eman behar zaio.

Egunero gertatzen dira hizkuntza eskubideen urraketak eta maiz ez gara eskubide horien jakitun ere.

Adibidez, edozein komertziora joan eta arreta euskaraz izateko eskubidea duzu. EAEn merkataritza gune handiak behartuta daude zerbitzua bezeroak aukeratzen duen hizkuntzan ematera. Beraz, urraketak gertatzen dira etengabe. Baina euskaldunak askotan ez gara urraketa horien jabe, hizkuntza aldatzen dugu eta aurrera.

Urraketen kasuan, haserretzeaz gain, zer egin dezakegu?

Behatokia erreminta egokia dugu horretarako. Euskararen Telefonoa eta Akuilaria aplikazioak herritarren eskura ditugu. Guk bitartekari eta akuilari lana egiten dugu herritarraren eta urraketa egin duen erakundearen edo enpresaren artean. Legedia kontuan hartzen dugu, baina ez hori bakarrik, giza eskubide horren urraketa ere kontuan hartzen dugu, legediak kasu askotan –Nafarroako adibidea hor dago– ez digulako bermatzen eskubidea bera errespetatzea.

Urraketa horiek modu anonimoan kudeatzen ditugu eta enpresa edo erakunde horiek neurriak har ditzaten saiatzen gara. Batzuetan erantzunak jasotzen ditugu, beste batzuetan ez digute erantzun ere egiten, eta, beste batzuetan, erantzun txarrak jasotzen ditugu. Baina egia da egunero gainean egon behar dugula. Askotan plan potoloak egiten dituzte, euskara planak eta horrelakoak, baina, ostean, egunerokotasunean, ez dago inor neurri horiek betetzen diren edo ez zaintzeko.

Garrantzitsua al da urraketak salatzea?

Baietz uste dut. Askotan erakundeek norbanakoen eskuetan uzten dute euskararen osasunaren zama; zure esku dago euskara ikastea, zure esku dago erabiltzea... baina behar-beharrezkoa da erakundeak inplikatzea. Horregatik garrantzitsua da erakundeei urraketen inguruko mezua helaraztea: hau gertatzen ari da eta hau konpontzeko giltza zuek duzue, erakundeek. Azken finean, nik euskaraz bizitzeko ahalegina egin arren, denda batera joatean, enpresa batera gerturatzean edo udaletxera izapide bat egitera joatean arreta ematen didatenek ez badakite euskaraz, zer gehiago egin dezaket nik?

Batzuetan badirudi euskara ez dela oso serio hartzen. Euskararen alde herritar eta erakunde asko daude, baina hortik eskubide izaera aitortzera koska bat dago.

Azkenaldian sare sozialei begira gauza batekin konturatu naiz; badirudi egun herritarrak lehentasunak markatzen ari direla. Zein da zure lehentasuna? Feminismoa? Ekologismoa? Sexu aniztasuna? Iruditzen zait euskal gizartean erronka garrantzitsu bat daukagula lehentasunak bateratzen, denak mahaiaren gainean eta maila berean jartzen. Zer-nolako herria eraiki nahi dugu? Horri erantzunez, aliantza oso indartsuak egiteko aukera ikusten dut.

Feminismoaren eta sindikalgintzaren mundutik zatoz. Parekotasunak eta desberdintasunak izango dira, ezta?

Parekotasun asko daude. Eta desberdintasun handiena garbi daukat: ez daude momentu berdinean. Hizkuntza eskubideak defendatzea, emakume baten eskubideak defendatzea edo langile batenak, oso oinarrizko ikusten ditut. Batzuek hizkuntza eskubideen kontra erabiltzen dituzten argudioak, adibidez, oso mingarriak eta defendatzeko zailak iruditzen zaizkit. Hizkuntza eskubideak hiztun kopuruaren arabera finkatzea astakeria hutsa da. Pentsa berdintasun politikak horren arabera aplikatzen ditugula; zonalde batean bizi diren emakume kopuruaren arabera feminismoaren kasuan. Edo zonalde batean bizi den homosexual kopuruaren arabera. Hori ez genuke ulertuko. Aldiz, hizkuntza eskubideen kasuan ulertezinak eta astakeriak diren gauza asko samurrago bezala barneratzen ditugu.

Egunotan, gero eta hizkuntza gehiago jakitea meritutzat hartzen da. Aldiz, batzuen begietara euskara jakitea ez da meritua, gehitu beharrean kendu egiten du.

Bai, eta hori landu egin behar da. Gauza bitxiak gertatzen dira. Adibidez, Tuterako lan deialdi batean alemana jakitea bost punturekin saritzen zen eta euskara jakitea ez zen merituetan kontatzen. Horrelako gauzek euskararen kontra daudenen argumentuak ere hankaz gora jartzen dituzte. Nork erabiltzen du Tuteran alemana? Zenbat biztanlek?

Kargua hartu berritan, zein erronka begitantzen dituzu?

Gustatuko litzaidake Euskal Herriko gainontzeko eragile sozialekin eskubideen inguruko hausnarketa bat bultzatzea eta aliantzak sortzea. Norbere esparrutik, beste eskubideen inguruko kontzientziazioa lantzea gustatuko litzaidake. Eskubideen borroka horretan euskarari merezi duen tokia ematea. Euskara bere tokira eraman nahi dut, duela gutxi Jon Maiak esan duen moduan.

Eta herritarrak zer egin dezake?

Mobilizazioa eta mobilizazioa, alderdi politikoei legeak aldatzeko eskatzeko. Eta ez bakarrik Nafarroaren kasuan, EAEren kasuan ere badago zer eginik. Adibidez, oraintsu kaleratu den Kontsumitzaileen Legearen arabera enpresek ez dute inongo hizkuntza betebeharrik. Borondate onaren esparrutik harago joan behar dugu, eskubideen esparrura pasatu behar dugu.

 

Urraketak, etengabe eta doan

Hizkuntza eskubideen egoera jasotzen duen Behatokiaren 2018. urteko txostena argigarria da oso. Ondorioa garbia da: «Idatziz zein ahoz, oraindik ere euskaraz jarduteko ezintasuna mota guztietako zerbitzu eta jardueretan islatzen da: osasun zerbitzuetan, segurtasun arloan, justiziaren eremuan, administrazio guztien jarduera orokorretan, hezkuntzan, aisialdian, komunikabideetan, baita kontsumo harremanetan ere. Balantza ez dago orekatua eta nabarmena da frantsesaren eta gaztelaniaren nagusitasuna».

Euskal hizkuntza-komunitatea administrazio desberdinetan kokatuta dago eta ondorioz hainbat ordenamendu juridikoren mende dago. Gauza batean, baina, parekoak dira administrazio eta ordenamendu guztiak: «lurralde osoko euskal hiztunek ikusi dute galarazita euskara askatasunean erabiltzea».

Estatu espainoleko administrazioaren joerak ere ez dio mesederik egin euskarari, indarrean dagoen ofizialtasun bikoitza ez baitu errespetatzen. «Espainiako Konstituzioak ezartzen duen gaztelania ezagutzeko derrigortasuna herritarren eskubideen gainetik jartzen dute, eta, beraz, euskalduna babesik gabe geratzen da hizkuntza eskubideak errespetatzeko eskatzen duenean».

Estatu frantseseko administrazioaren joera ere ez da batere ona. «Larriak dira hezkuntza sistemari jarri dizkion trabak. 2018. urtean Hezkuntzan bereziki euskal hiztunen eskubideek urraketa nabarmenak izan dituzte; ikasleek brebeta eta baxoa euskaraz pasatzeko oztopoak, ikastolen lanpostuetan murrizketak edota hezkuntza publikoko sisteman euskararen irakaskuntzaren aukerak kolokan jartzea».

Ondorioa, argigarria bezain mingarria: «euskal hiztunei etengabe eta doan urratzen zaizkie hizkuntza eskubideak, horrek ez baitu ondoriorik izaten».