Joana Garmendia

Zipaioak eta marikitak

Gizarte bati buruz jakin daiteke zerbait, iraintzeko zein hizkuntza-baliabide sortu dituen ikusita. Iraindu, jakina, edonor eta edozein arrazoirengatik egin daiteke, edozein hizkuntzatan; baina hizkuntza batzuetan propio horretarako sortutako hitzak barneratu dira, eta horrek, bai, horrek erakusten du zerbait.

Ingelesez sistema xehe-xehea daukate, esaterako, arrazei buruz hitz egiteko. Hobeto esanda: arraza batekoa izateagatik inor gutxiesteko. Arraza bakoitzarentzat, badaukate izen neutro bat, eta, gero, neutrotik oso gutxi duten beste horrenbeste izen dituzte arraza berarentzat. Adibidez: norbait beltza dela esateko era neutroa izango da black (person) edo, agian, afroamerican dela esatea. Baina, horietaz gain, badituzte beste izen batzuk beltzei gutxiespenez erreferentzia egiteko. Gogorrena, seguru asko, nigger: gaur egun erabat baztergarritzat joa, eta zuriak ia ahoz gora esatera ere ausartzen ez direna (the n-word esaten diote, osorik ez aipatzearren, pentsa).

Berdin dituzte beste arraza, erlijio edo etnia askokoentzat hitz-bikoteak: chinese-chink txinatarrentzat, german-boche alemanentzat, jew-kike juduentzat, hispanic-spic hispanoentzat, italian-wop italiarrentzat, eta horrela zerrenda amaigabean. Lehenengoa, neutroa; bigarrenari, gutxiespenekoa den izenari, slur esaten zaio ingelesez.

Esango nuke arrotz samarra egiten zaigula hori guri. Guk ez daukagu beltzei, txinatarrei edo italiarrei deitzeko gutxiespeneko izenik. Baina ez zaigu hain gai arrotza irudituko, seguru asko, arraza-kontuak ahaztu eta sexu-orientazioari buruzkoak gogora ekartzen baditugu.

Gaztelaniaz sorta ederra daukate horretarako. Inork Mikelen orientazioari buruz galdetuz gero, pentsa zein desberdina den hura homosexuala edo gaya dela erantzutea, edo esatea marikoia dela. Bi eratara erantzungo genioke galderari; bi eratara adierazi dugu Mikel mutila dela eta gogoko dituela mutilak. Baina, bigarrenarekin, zerbait gehiago ere esan ote dugun. Ez da erraza esaten zer den “zerbait gehiago” hori, ezta Mikeli buruzko zerbait den edo, oro har, mutilak gustuko dituzten mutilei buruzkoa. Baina zerbait gehiago bada, hori seguru.

Dena ez da arraza eta sexu

Euskaraz horrelakorik ez daukagula esateko prest nengoen. Gaztelaniarenak erruz erabiliko ditugu, jakina; edo beste era batera irainduko dugu norbait den arrazakoa delako edo duen erlijioa duelako. Baina hori berariaz egiteko hitzik, apenas bururatzen zaidan euskaraz. Baina dena ez da arraza eta sexu.

Galde iezadazu Mikelek zertan egiten duen lan: erantzungo dizut ertzaina dela, edo esango dizut zipaioa dela. Erantzun, bi moduetara erantzun dizut: orain badakizu non, nola eta zeinentzat egiten duen lan Mikelek. Baina bada alderik. Eta bada alderik esatean Mikel eskuindarra dela, edo Mikel fatxa dela. Eta alderik ere bada Mikel guardia zibila edo pikoletoa dela esatean; polizia edo madero dela erantzutean. Euskaraz beste kontu batzuetarako sortu ditugu, antza denez, gutxiespenezko deiturak.

Hobeto pentsatuta, ea nola azaltzen diodan nire bizilagun maketo-koreanoari euskaraz ez daukagula jatorri-kontuetarako izen iraingarririk. •