Dabid Lazkanoiturburu
ALKOHOLIK EZ ERRUSIAN

Kontsumoa jaisteko Putinik abiatutako kanpainak arrakasta handia lortu du

Errusian alkohol kontsumoa %43 jaitsi zen herritarren artean 2003tik 2016ra bitartean, Vladimir Putinek abiarazi eta etenik ez duen kanpaina zorrotz baten eraginez. Alkohol kontsumoaren jaitsierak errusiarren bizi itxaropena igo egin du nabarmen, eta horrek leundu egin lezake Errusia pairatzen ari den krisi demografikoa, Osasunaren Mundu Erakundeak jakitera eman duenez.

Aspalditik esan ohi da Errusia dela munduan gehien edaten den herrialdea. Bada hori aldatzen ari da». Osasunaren Mundu Erakundearen beraren hitzak dira. 1990eko hamarkadatik alkohol kontsumoak Errusiako heriotza tasa altuekin zerikusi handia izan du, baita Sobietar Batasuna hondoratu zenetik herrialdeak izandako krisi demografikoarekin ere. OMEk kaleratu berri duen ikerketaren arabera, baina, «joerok aldatzen ari dira».

Errusiak egun 146,5 milioi biztanle ditu, 1991n baino bost milioi gutxiago. Garai hartan bizi baldintzek okerrera egin zuten eta horrek heriotza tasa igo zuen, batez ere gizonen artean; bide batez, jaiotze tasaren jaitsiera ere ekarri zuen gertatuak. Egun, baina, betiere OMEren datuen arabera, errusiarrek frantses edo alemanek baino gutxiago edaten dute. OMEk kaleratu duen ikerketaren arabera, alkohol kontsumoak mundu osoan gora egin badu ere, Europan jaitsi egin zen 2010tik 2017ra. Errusiaren kasuan jaitsiera %22koa izan zen; zehazki, urteko pertsonako kontsumoa 15,8 litrotik 12,3 litrora jaitsi zen.

Moldavia lehen lekuan

Konparaketa bat egiteko, Britainia Handiaren kasuan jaitsiera %7,4koa izan zen epe berdinean (12,3 litrotik 11,4 litrora). Hori bai, munduan alkohol gehien edaten duten herrialdeak Errusiarrekin, edo, hobeto esanda, Sobietar Batasunarekin, lotura izandakoak dira: Moldavia, Bielorrusia eta Lituania, hurrenez hurren.

Alkohol gehien edaten den lehen hamar herrialdeen zerrenda horrela osatzen da: Australia, Danimarka, India, Irlanda, Mexiko, Txekiar Errepublika eta Finlandia. Estatu frantsesa eta Estatu espainola 13. eta 14. postuetan daude, Belgika eta Zeelanda Berriaren atzetik. Gauzak horrela, duela urte gutxi arte laugarren postuan zen Errusia 20.enean dago uneotan.

Ikerketaren egileek diotenez, alkoholaren kontsumoaren jaitsierak nabarmen igo du herritarren bizi itxaropena Errusian. 2018an, errekor guztiak hautsi zituzten: emakumeen artean 78 urtekoa izatera iritsi zen, eta, gizonen artean, 68 urtekoa. 1990ko hamarkadaren hasieran, gizonen bizi itxaropena 57 urtekoa zen, eta, emakumeena, 71 urtekoa.

Arau zorrotzak Putinen eskutik

Duela hogei urte Vladimir Putinek boterea eskuratu zuenetik, Gobernuak apika-apika baina etengabe alkoholdun edarien inguruko murrizketak ezarri ditu, batez ere vodkaren kasuan. Besteak beste, alkohol gehien duten edariak saltzeko debekua ezarri diete dendei 23:00etatik aurrera. Edari «gogor» horien prezioak, gainera, izugarri egin du gora. Ez hori bakarrik: edarion publizitatea debekatuta dago, eta gazteei alkohola saltzeko debekua zorrotz betetzen da.

Putin presidenteak berak, egiten dituen agerraldi publikoetan, kirol zaletasuna erakutsi nahi izaten du, eredu izateko –judo borrokalari aparta da eta gerriko beltza ere badu–. Izan ere, boterera iritsi zenetik, lehentasuna eman dio Putinek bizi modu osasuntsua bultzatzeari, krisialdi demografikoa gainditzeko asmoz. Putinen irudi publikoa, adibidez, bere aurretik Errusiako presidente izandako Boris Jeltsinek ematen zuenaren guztiz kontrakoa da. Prentsaren aurrean edo mitinetan mozkor-mozkor eginda agertzen zen sarri Jeltsin eta irudiok mundu osora zabaltzen ziren.

Moskuko taberna baten daudenek baieztatu digute errusiarrek alkoholarekin zuten harremana aldatuz doala. «Tabernak toki lasaiagoak dira orain eta jendea ez da edaten geratzen gaueko ordu txikiak arte», azaldu du Roman Petxnikov 38 urteko informatikoak. «Egia da, gutxiago edaten dugu orain, behintzat gutariko batzuok», aitortu du ironikoki banku baten lan egiten duen Alexandre Soujontsev 28 urteko gazteak. Berak argi du alkohol kontsumoaren beherakadaren arrazoia «denbora falta» dela, «Errusian lan ordu asko egin behar izaten ditugu-eta!».

Sobietar aroa

Mikhail Gorbatxov Sobietar Batasuneko azken agintariak alkoholismoaren aurkako kanpaina abiatu zuen jada 80ko hamarkadaren erdialdean. Alkoholdun edarien salmenta zaildu egin zuen, jendearen artean haserrea eraginez.

Arazoa, hala ere, aspalditik zetorren. Errusia I. Mundu Gerran sartzean, erregimen zaharra alkohola murrizten saiatu zen. Saiakerak 1917ko Iraultzaren garaipenean nolabaiteko eragina izan zuela ziurtatzen duenik ere bada. Kontuan kontu, boterera heltzean, iraultzaileek alkohol produkzioa debekatu zuten 1923ra arte eta, 1941etik 1945era arteko salbuespenezko aldian kenduta (nazien aurkako gerra betean guztiz murgilduta zen herrialdea), alkohol kontsumoa gutxitzeko kanpaina ugari egin zituzten. Arrakastarik gabe, Gorbatxov berak 1985ean onartu bezala. Gorbatxoven “lege lehorrak” ere ez zuen eragin handirik izan. Batetik, azukrea barra-barra erosteari ekin ziotelako errusiarrek etxean vodka egiteko. Eta, bestetik, ez zuelako denborarik izan eta sistemak bost urteren bueltan porrot egin zuelako. Tsarismoarekin gertatu omen zen bezala, vodka zaleek “lege lehorrari” egotzi zioten Sobietar Batasunaren desagerpena.

Kontuak kontu, 1991etik aurrera, alkohol kontsumoa izugarri piztu zen. “Merkatu askatasuna” akuilu, dendak nonahi zabaldu ziren, asteko zazpi egunetan 24 orduz zabalik izaten zirenak. Alkoholdun edariak izugarri merkatu ziren eta, bururik gabeko kontsumismoaren eskutik, gizarte berriak albo batera utzitako milioika errusiarrek vodkan bilatu zuten irtenbiderik gabeko soluzioa. Horrela, kontsumoak gora egin zuen etengabe 2000ko hamarkadara arte.

Alkoholari ez ezik, Errusiako agintariek tabakoari ere egin diote aurre, toki publiko itxietan erretzea debekatuz, baita parkeak bezalako eremu zabaletan ere. Pentsa, urriaren 1etik debekatuta dago norberaren etxeko balkoian bertan erretzea ere! Tabakoa saltzen duten postuen kopurua ere zeharo murriztu dute.

Neurrion ondorioak ikusten hasiak dira: tabako kontsumoa %20tik gora jaitsi zen 2009tik 2016ra bitartean. Hala ere, errusiarren %30 da erretzailea, Global Adult Tobacco Survey erakundeak munduan zehar tabakismoak helduengan duen eraginari buruz egindako ikerketaren arabera.

Errusiako gobernuak beste neurri batzuk ere hartu ditu krisi demografikoari aurre egiteko. Besteak beste, familientzat laguntza programa eraginkorragoak bultzatzen ari da jaiotzak bultzatzeko.