02/11/2019

Reportaje
infraganti
ARITZ GANBOA

Iragan larunbatean Arruazutik irten eta hogeita zazpi ordu geroago Izabara agertu zen. Ez da korrikalari profesionala, artzaina baizik, baina hain zuzen landa ingurua eta naturarekiko loturak eraman zuen 170 kilometroko etapa hori mendiz korrika egitera. Erronka gaindituta, «Bideak» dokumentala du orain erronka hainbat lagunekin batera.

Xabier Izaga Gonzalez
1102_aritz1

Ez da kirolari profesionala. «Ez, ni artzaina naiz», dio Aritz Ganboa de Miguelek, zalantzarako tarterik ñimiñoena utzi gabe. Artzaintzak ofizio bihurtu zizkion bere pasioak, natura eta landa eremua; bizimodua eta ogibidea, alegia. Gainera, bere gogoko kirola pasio horiekin uztartzeko aukera ere eman dio. «Arruazun bizi gara, inguruan mendia dugu eta hara jotzen dugu. Logikoena da, ez? Itsasoa gertu izango bagenu, surflariak izango ginateke», dio irribarrez. «Korrika egitea gustatzen bazaizu, ez dago mendian korrika egitea baino politagorik».

Familiaren parte batetik ezagutu zuen artzaintza. Etxean nekazaritza mundua bizi izan du betidanik, eta bere aitaren lehengusu Joxe Mari Ganboa herriko azken artzainarekin harreman estua izan zuen. Haren artaldea desagertzen ere ikusi zuen Aritzek. Edonola ere, hutsetik hasi zen artzaintzan, Xabier anaiarekin eta Aitor Campion lehengusuarekin, duela hamar urte. Ardi bakan batzuk zituzten larrea garbitzeko, eta gustuko zuen Aritzek ardi artean egotea. Hogeita hamar ardi edukitzera iritsi zirenean, artzaintza bizimodu egiteko apustua egin zuten.

Ezpelezko koilara bat

Iragan asteburuan Arruazutik Izabarainoko ibilbidea egin zuen mendiz korrika, Idiazabal gazta bat aldean zeramala. Aitaren jaioterritik amaren jaioterriraino, aspaldiko erronka bat gauzatzeko. 170 kilometroko etapa bakarrean egin zuen bi herri nafarren artekoa, ibilbide osoan Iker Karrera mendi korrikalaria ondoan zuela. Larunbat goizeko zortzietan abiatu eta igande goizeko hamaiketan Izaban ziren, jendetza handia zain zutela eta hainbat artzain nafarrek beren makilekin osatu zieten arkuaren azpitik igaroz. Ondoren, festa polita egin zuten guztiek elkarrekin.

Aritzek kontatu digunez, bi inguru horiekin duen harremana ezpelezko koilara batek sinbolizatzen du. Joxe Mari Ganboa artzainak harremana zuen Aritzen birraitona Doroteo de Miguelekin. Azken erronkariera hiztunetarikoa izan zen. Haren seme eta Aritzen aitonak bi artzain nafarrak euskaraz egiten ikusi ohi zituen. Erretiroa hartu ondoren, ezpelezko koilara bat egin eta Joxe Mari Ganboari oparitu zion, bere aitarekin izandako harremanagatik. Aritzek ez zekien koilara horren berri, harik eta, Joxe Mari Ganboa hil ondoren anaiarekin eta lehengusuarekin artzain jartzea erabaki zuenean, Joxe Mariren arreba batek ezpelezko koilara eman zion arte. Orduan izan zuen harreman horren berri. Harro dioenez, birraitona Doroteok euskararekiko atxikimendu handia zuen, eta inguruan agertzen ziren euskaldun guztiekin euskaraz aritzen zen.

Erronka

Istorio horrek «zerbait egiteko» gogoa piztu zion Aritzi, sinbolizatzen duen harreman horren inguruan: artzaintza, hizkuntza, herria, mendia, egurra gai hartuta. Eta Idiazabal gazta bat egin, artzaintzaren produktu preziatu gisa, Izabara eraman eta han Erronkariko jatorriko izeneko gazta bategatik trukatzea pentsatu zuen, baita bidean beste gazta bat badagoela erakustea ere, Ossau-Irati izenekoa, hain zuzen, «horrela Euskal Herriko Auñamendietako hiru gaztak hor ordezkatuta egoteko».

Erronka bihurtuko zen ideia hura Askapena erakunde internazionalistaren aurkako auziaren garaian bururatu zitzaion. Aritz bera zen auzipetuetako bat, eta, hainbat gogoetaren artean, ideia horri bueltak ematen hasi zitzaion; epaiketatik aske irten ondoren, berriz, ideiari forma ematen. Xabier Unanuarekin horretaz hitz egin zuenean, hark animatu ez ezik, dokumental bat egin behar zutela ere esan zion. Dagoeneko filmatzen hasita dago dokumental hori, “Bideak” izenburua izango duena, Unanuaren beraren zuzendaritzapean. Besteak beste, Aritzen erronka jasoko du, eta datorren urtean jendaurrean aurkeztea espero dute.

«Bideak»

Hainbat «erpinetatik» iritsi zen Aritz dokumentalak erakutsiko dituen ondorioetara. Erpin nagusia Sakanan plan estrategikoa garatzen hasi zirenean lehen sektoreaz, elikaduraz eta ondare naturalaz egindako lana izan zen. Uste zuen dokumental horren helburu nagusiak landa eremuaren balioa nabarmentzea, eremu horrek dituen beharrak agerian jartzea eta hiri-kulturari begira zubiak eraikitzea izan behar zuela, «gure eremuarentzako errespetu eske».

Horregatik erabaki zuen hiru gaztak elkartzea, horrek lotura sinbolizatzen baitu: «nekazaritzak, naturagune bat kudeatuz elikagai bat lortzen du; beraz, herrietan antolatzen den jarduera sozioekonomiko eta kultural batek produktu bat sortzen du eta produktu hori jendearengana iristen da, elikadura bezala eta plazer objektu bezala. Gero, jende hori landa inguruetara etortzen da eta paisaia bat, bideak eta baliabide batzuk ditu, eta hori guztia eta ekosistema jarduera horren bidez zaintzen ditugu guk». Gaztaren metaforarekin ideia borobildu nahi zutela dio.

Istorio kolektiboa

Hasieran Aritzen istorioa zenak, Unanuarekin hitz egindakoan ez zuela istorio partikular bat izan behar pentsatu zuen. Lasterketa, Aritzen errealitatea, aitzakia izango zen, baina fokua istorio kolektibora bideratzen joan behar zutela azaldu du: «saretzen den herrira, saretzen diren beharretara, saretzen diren harremanetara, bertan dagoen ondarera». Ondare hori erakusteko modu bat da, beti iraganari, orainari eta etorkizunari begira hausnarketa eginez. Horregatik hain zuzen ere hartu dute “Izan zirelako gara eta garelako izango dira” leloa.

Dokumentala, beraz, hausnarketa hauek guztiak biltzeko tresna izango da, «modu materiala», eta, joan den asteburuko erronka, «istorio eta bide hauek saretzeko aitzakia». Gainera, Aritzek dioenez, kirol-erronka gisa aurkeztuta, landa mundura hurbiltzen den hiri-mundu horren arreta berenganatzeko aukera ematen zien.

Asteburuan gauzatu zuen erronka dokumentalaren parte da, baina dokumentalaren ekipoa ere erronkaren parte izan zen. Eta filmaketa taldea ez ezik, beste lagun asko ere izan ziren ibilbidean barrena, hala nola Aritzi prestaketa fisikoa eta nutrizionala egiten lagundu zioten profesionalak; «denek egin dute erronka», dio berak. Bidean igarotako herrietako artzainek ere parte hartu zuten erronkan, galdutako bideak berreskuratuz, lasterketa errazago egiteko; Zaraitzu ibaiaren defentsarako Zain Elkartekoak ere bidera agertu ziren eta beste hainbat jende inguratu zen ibilbidean barrena antolatutako askotariko jardueretan parte hartzera; haurrek eta beste herritar askok korrika egin zuten eurekin; esate baterako, integrazioa lantzen duen elkarte bateko behar bereziak dituzten haurrek. «Gure etorkizuna erronkaz erronka eraikitzen ari garela sinbolizatu nahi dugu».

Hori guztia agertuko da dokumentalean, baina baita informazio, lekukotza eta hausnarketa gehiago, hala nola emakumeena, «gure sektorean eta oro har gizartean zapalduta eta estalita egon diren emakume artzainen paper garrantzitsua, Enaren Ibilbidea ordezkatzen duen ekintza baten bidez».

Herri bizi bat

Aritzek behin eta berriz nabarmendu duenez, erronka ez dela pertsona baten balentria irudikatu nahi dute, «inguruan dagoen herri batek pertsona horrek hori egiteko eman dion aukera» baizik. «Hau ez du Aritzek lortu, guk lortu dugu, herri hauetan bizi garelako eta daukagun indar hori nik erabili ahal izan dudalako. Pribilegiatu bat naiz. Azkenean mendialdean herri bat egituratzen da, eta, herri bat bizirik baldin badago, edozein gauza egiteko gai izango da. Herriei ez badiegu garatzeko aukera ematen, hiria ez da inondik biziko, ezin dugu herri burujabetza lortu ez baldin badugu landa eremu burujabe bat». Hori da proiektuaren hausnarketa.

Laguntza hautatua

“Berriak” filmak erronka bat erakutsiko du, eta orain erronka handia dute egileek, besteak beste ekonomikoa. Proiektuaren sostengu ekonomikoa ez dira enpresa handiak edo finantza entitateak, baizik eta «herria», bi modutara: crowdfunding bidez (nahi duenak bere ekarpen ekonomikoa egiteko aukera du www.bideakdokumentala.eus atarian) eta ohiko laguntzen bidez. Hori bai, zein entitatek parte hartzen duten eurek erabaki zuten: Idiazabal eta Erronkari jatorri izenek, Ternua arropa etxeak, Artzai Gazta Elkarteak eta beste batzuek. Ez dute proiektuarekin koherentziarik ez duten enpresen laguntzarik onartu nahi izan. Horrela eroso sentitzen direla dio Aritzek, esan nahi duten guztia esan ahal izateko.

Iker Karrerak erreparazi zion Nafarroako mendebaldetik ekialderainoko distantziarik zabalena zeharkatu zutela, Aralartik Orhiraino, «Euskal Herriko Auñamendi guztiak». Esateko asko du 40 urteko artzain arruazuarrak, eta ez du solasa amaitu nahi bidera bildu zen jende ugariari eta filmaren laguntzaile eta babesle guztiei eskerrak eman gabe. Ezta guk ere berari zorionak eman gabe. •

Erronkaren eta dokumentalaren helburu nagusia landa eremuaren balioa nabarmentzea da, haren beharrak agerian jarri eta hiri-kulturari begira zubiak eraikitzea

«Bideak» proiektua ondarea erakusteko modua da, iraganari, orainari eta etorkizunari begira hausnarketa eginez. Horregatik hartu dute «Izan zirelako gara eta garelako izango dira» leloa