Oihane Larretxea de la Granja

Amaitu da txokolatezko palmeren garaia

Umea nintzela, nerabezaroa oso urrun nuenean, eskolarako arkatz gorri-urdina erosten genuen Graphos kartografia dendan. Bi koloreko mina lodia zuen, oso lapitz berezia zen, negozio hura bezalaxe. Mapak eta planoak saltzen zituen, eta erakusleihoa handia eta ikusgarria zen. Gaztaroa are urrunago nuen eta, jakina, ez nintzen gai denda hark zuen balioa estimatzeko. Donostiako Parte Zaharrean zegoen, Kale Nagusian. Gaur, nola ez, izozki denda bat dago bertan.

Umea nintzela, aitona Arseri kakahuete erreak erosten nizkion Konstituzio Plazan. Ia ezkutuan, arkupetan, labe zahar bat zegoen. Iluna zen. Sugar haiek aspaldi itzali ziren. Egun, taberna baten biltegia da. Ez dario fruitu lehor usainik.

Haurra nintzela, arratsaldeak erretzen genituen Santa Mariako eskaileretan berriketan. Ia etxeko zapatiletan jaisten ginen. Ordu luzez eseri aurretik nork bere goxokiak erosten zituen Goxon. Nik morenito izoztuak, lima-limoizko flash bat eta Triskis pakete bat. Uste dut 50 pezeta zirela. Egun, beste taberna baten biltegia da lokal hura eta eskailerak oso “instagrameagarriak” ei dira.

Nire hilerri partikularraren zerrendarekin jarrai nezake, baina min ematen dit. Min handia. Duela gutxi egin da publiko Izar gozotegiak ateak itxiko dituela. Auzotarron artean aspalditik zen ahoz aho zurrumurrua, baina entzungor egiten nien esamesei, patua aldatuko zen esperantzarekin. Taberna bat irekiko omen dute. Nire Izar kuttuna. Nire txokolatezko palmerak. Miren eta gainontzeko saltzaileak. Mina dut.

Toki kuttun gutxi gelditzen zaizkit auzoan. Amoñi Lutxik eramaten gintuen Gorritira arrautza bola jatera Bretxan erosketak egin ondoren. Geroztik, nire parte da. Nahiko nuke auzoa desegiten ari den birusa gelditu. Nahiko nioke alabari ohitura erakutsi eta barraren beste aldean Juantxo urte luzez agurtu.•