Ruben Pascual
DENGEA ZIZTAKA

Erdialdeko Amerika eta Hego-ekialdeko Asia indarrez erasaten ari den epidemia

«Aedes aegypti» eltxo emeek transmititzen dute dengea. Ehunka mila pertsona infektatu eta ehunka hil ditu aurten Erdialdeko Amerikan (Honduras eta Nikaraguan bereziki) eta Hego-ekialdeko Asian (Filipinak, Vietnam, Malaysia, Kanbodia...). Okerrena oraindik etortzear egon litekeela ohartarazi dute adituek.

Dengearen epidemiak hartu duen tamainak kezkatuta ditu adituak. Osasunaren Erakunde Panamerikarrak (OPS, gaztelerazko sigletan) aurreikusten duenez, Erdialdeko Amerikan ezingo dute hori geldiarazi epe laburrean, nahiz eta eskualdeko gobernuek aurre egiteko neurriak hartu dituzten. Irailaren amaierara arte egin zituzten kalkuluen arabera, aurten eskualdean 211 lagun hil ditu dagoeneko gaixotasunak, eta 240.000 baino gehiago infektatu dira.

Amerikako herrialde ugaritan gaixotasun endemikoa da dengea, baina hartu duen larritasunak eta kaltetuen kopuruak ustekabean harrapatu ditu adituak. Besteak beste, zona horretan «landaredia oparoa eta bero handia» dutelako izan du halako eragina izurriak. Horrez gain, bertako ur eskasia dela-eta herritar askok ura gorde behar izaten du, eta horrek Aedes aegypti eltxo emeek kutsatzen duten dengea hedatzea laguntzen du. Eltxo horrek zika eta chikungunya gaixotasunak ere kutsatzen ditu.

Nolanahi ere, arestian aipatutakoez gain, faktore asko daude dengearen atzean; horien artean, klima aldaketa, osasun zerbitzu eskasa eta herritarrek maiz izaten duten kontzientzia falta. Agintari askok errazera jotzen du sarritan, erantzukizuna herritarren bizkar utziz –alegia, gertatutakoa horien ekimen faltari leporatuz–, baina tamaina honetako epidemia bat kontrolatuko bada, oso garrantzitsua da inguruneak zaindu eta eltxoaren ugaltzea geldiaraztea. Bide horretan, bada, ezinbestekoa da prebentzio neurrien inguruko informaziorako sarbidea bermatzea.

«Haurren oinarrizko hezkuntzatik egin beharreko lan oso bat da, eta gehiago itxaron gabe hasi beharra dago», esan du OPSk Hondurasen duen ordezkari Piedad Huertasek. Helduen kontzientziazioan ere askoz lan gehiago egin beharko litzatekeela uste du.

Horregatik, osasun arloko ordezkari eta agintari ugari ari dira behin eta berriz oso antzeko mezuak igortzen. Ezin dela guardia jaitsi. Eltxoen haztegiak deuseztatu beharra dagoela. Eta funtsezkoa dela, beste kontu batzuen artean, etxebizitzak garbi mantentzea.

Denge birusa harrapatzean, konplikazio larriak gertatzeko arrisku handiagoa dute haurrek, bereziki neskek, nahiz eta zientzialariek oraindik ez dakiten zergatik. Hori dela-eta, behin eta berriz azpimarratzen du Huertak oso garrantzitsua dela lehen zantzuak agertu orduko (sukar altua, buruko mina, gihar eta artikulazioetako mina, oka egitea eta larruazaleko erupzioak, nagusiki) medikuarenera jotzea.

Dengeak lau serotipo ditu eta infektatutako pertsonek birus mota zehatz horren aurkako antigorputzak garatzen dituzte modu naturalean.

Beste serotipo baten infekzioak sintoma larriagoak eragin ditzake, Osasunaren Erakunde Panamerikarraren (OPS) eta Osasun Mundu Erakundeak (OME) azaltzen dutenez. Berezko tratamendurik ez dagoen arren, gaixotasuna garaiz atzemanez gero, eta asistentzia egokiarekin, gaitzaren hilkortasun tasa %1en azpitik mantendu daiteke, OMEren arabera.

Herrialde kaltetuenak, zifratan

Latinoamerikako hainbat herrialdetan alarma gorria piztu da, arrazoi desberdinengatik. OPSren datuen arabera, Nikaraguan atzeman dute infektatu gehien (109.084 kasu), baina Hondurasen hilgarriagoa izan da 81.181 infektatuetatik 144 hil baitira aurten, urriaren 6an Nery Cerrato Osasun ministrorde hondurastarrak eman zituen datuen arabera.

«Azken 50 urteetan herrialdean izan den epidemiarik okerrena da, batik bat larritasunaren eta hilkortasunaren dimentsioagatik», esan zuen Cerratok.

Guatemalan, 25.738 kasu eta 44 heriotza zenbatu dituzte; eta, El Salvadorren, gaixotutako 19.102 lagunetatik 6 zendu dira.

Brasilen bereziki larria da egoera: abuztuaren amaierara arte, Osasun Ministerioak ia 1,5 milioi infektatu eta 591 heriotza zenbatu zituen. Beste 486 hildakoren kasuak ere aztertzen ari dira, dengeak eragindakoak izan daitezkeen susmoa dutelako. Brasilen ohikoa da bi edo hiru urtetik behin gorakadak gertatzea, baina aurten euri aroa iritsi aurretik epidemiak halako dimentsioa hartu izanak ikaratu egin ditu medikuak. «Oraindik ez gaude eurien aroan; orduan kasuak biderkatu egiten dira. Neguan gaude eta nahiko lehorra izaten ari da. Ez genuke goraldi hau eduki behar, zifra hauek kurbatik kanpo daude», nabarmendu du Thiago Henrique dos Santos medikuak, Osasun Publikoan adituak.

Iritzi berekoa da Nery Cerrato, Hondurasko Osasun ministrordea. 2020an egoerak okerrera egingo duela uste du.

Sao Paulo hirian ingurunearen zaintza lanetan jarduten duen Dulcineia Pratesek honakoa ohartarazi du: «Larba bat eltxo bihurtzeko zikloa oso laburra da, astebetekoa. Ziklo azkarra eta etengabea da. Jendeak urez betetako ontziak ahaztutata uzten dituenean biderkatu egiten dira denge kasuak».

Asiako hego-ekialdea

Aipatu ditugun Latinoamerikako herrialdeez gain, dengearen epidemiak larri erasan du Hego-ekialdeko Asia ere. Filipinetan 1.200 hildako baino gehiago utzi ditu eta leporaino bete ditu Vietnam, Malaysia, Myanmar eta Kanbodiako ospitaleak.

Epidemiaren larritasunaz jabetzeko datu pare bat: aurten, 670.000 pertsona infektatu dira eskualdean eta 1.800 baino gehiago dira hildakoak, Osasunaren Mundu Erakundearen eta herrialdeotako gobernuen datuak uztartuz AFP agentziak kalkulatu duenez.

 

Gaitzari aurre egiteko erremedio bila

Oraingoz ez dago dengeari aurre egiteko tratamendu espezifikorik. Horregatik, aditu eta agintariek behin eta berriz ohartarazten dute prebentzio neurriak hartzea oso garrantzitsua dela. Hala ere, hainbat herrialdetan zientzialariak buru-belarri ari dira gaixotasun infekzioso honen hedapenari mugak jartzen lagunduko duten erremedioen bila.

Egun egiten ari diren esperimentuetako bat bakterioekin lan egitean datza. Zehazki, dengea, chikungunya eta sukar horia kutsatzen duen eltxoari wolbachia izeneko bakterioa txertatzen diote, eta, hala, aipatu gaixotasunak gizakien artean hedatzeko aukera nabarmen murrizten da. Eltxoak naturara itzultzen direnean ugaltzen jarraitzen dute, baina sortzen diren intsektu berriek gaitzak transmititzeko ahalmen askoz txikiagoa daukate.

Orain arte Vientamen lortutako emaitzek itxaropenerako atea zabaltzen dute. Ikertzaileek milioi erdi eltxo askatu zuten gainpopulatutako Vinh Luong barrutian eta, ordutik, atzemandako denge kasuak %86 murriztu dira, ondoan dagoen Nha Trang ingurukoekin alderatuz.

Malaysia eta Sinpagurreko ikertzaileek ere wolbachia-rekin lan egiten dute, baina beste modu batean: eltxo arrak kutsatzen dituzte, kutsatu gabeko emeekin «bateraezin» bihurtuz. Era horretan, arrautzak garatzea ekiditen dute.

Aipatu kasuez gain, badira beste esperientzia batzuk, adibidez Guppy arrainekin Kuban lantzen ari direna –Kolonbia, Brasil eta El Salvadorren ere egin dituzte probak–. Cienfuegos probintzian barrena, zazpi arrain multzo dituzte eta, diotenez, izurriari aurre egiteko «aukera merke eta eraginkorra» da, arrain bakarrak egunean 60-150 larba inguru jan ditzakeelako. Arrainek, gainera, ez diote likidoaren kalitateari eragiten.