Amagoia Mujika Telleria
«BURBUNAK ETA ETSAYAK»

Natur ondarea eta hizkuntzarena, txirikordatuta, Filmategian txukun jasoa

«Burbunak eta etsayak» txiki izateko asmoz sortu eta bidean handitu den proiektua da. Dobera euskara elkarteak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak bultzatuta, inguratzen dituen naturari nola esaten dioten jakin nahian gerturatu ziren hernaniar batzuengana. Beren baitan natur ondarea eta hizkuntzarena txirikordatzen dutenak, jakintza biltegi aberatsak, topatu dituzte. Bildutako altxorra Euskadiko Filmategian jaso dute orain.

Ziraba proiektuarekin hasi zen dena. «Proiektu horrek mila adar ditu. Horietako bat, Dobera euskara elkartearekin batera, bertako anfibio eta narrastien izenak, kondairak, sinesmenak... biltzea izan da. Elkarrizketa txikiak egiten hasi ginen eta gure ezusterako elkarrizketatuak –Hernaniko auzo desberdinetako herritarrak– igel desberdinak bereizten hasi ziren, suge klase desberdinak bereizten, espezie batentzat izen bat baino gehiago ematen, kondairak, kantuak, txori izen mordoa hasi zen ateratzen... berehala konturatu ginen hor bide amaigabea bezain zoragarria zegoela. Eta sartu egin ginen». Horrela mintzo da Iñaki Sanz-Azkue, biologoa eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea. Berak liburuetan ikasitako asko elkarrizketatuek behaketarekin ikasi dutela konturatu zen azkar. Inoiz liburu batean ikusi gabeko espezieen berezitasunak, ohiturak, ibilerak, goitik behera ezagutzen dituzte, haiei begira denbora asko eman dutelako.

Ondo gogoan dute egin zuten lehen elkarrizketa. «Kasualitatez hasi ginen. Proiektu hau behetik gora hasi zen. Esan ziguten bazela Hernanin 94-95 urteko gizon bat arrantzari buruz ikaragarri zekiena. Pentsa 94 urteko gizon batek bere aitonari buruzko aipamenak egiten baditu, zenbat urte atzera egiten dugun. Berarengana joatekotan geratu ginen. Osasunez makal samar zebilen arren, familiak deitu zigun joateko esanez. Joan ginen eta oso une hunkigarria eta berezia izan zen. Elkarrizketa hori hor ezin genuela utzi eta gutxienez sei elkarrizketa egitea erabaki genuen. Artean ez genekien non amaituko genuen. Eta sei elkarrizketa horiek hogeitik gora bihurtu ziren. Orduan hasi ginen dirulaguntzen eta erakundeen babesaren bila eta horrela sortu zen dokumentalaren aukera. Egia esan, berri samarrak ginen horretan eta oso modu artisauan egin dugu. Baina emaitzarekin oso pozik gaude», jarraitu du Sanz-Azkuek.

“Burbunak eta etsayak” sarean dago ikusgai eta gaztelerazko eta ingelesezko azpitituluak ditu. Euskal Telebistan eman dute behin baino gehiagotan eta Eskoziaraino ere iritsi da.

Ondarea, esku onetan

Eñaut Agirre, filologoa eta Dobera euskara elkarteko kidea, izan da proiektuaren beste hanketako bat. «Guk laguntza bat izan dugu lan hau egiteko eta parte desberdinekin konpromisoa hartua genuen; bai Hernaniko Udalarekin, bai Ereñotzukoarekin, Dobera Euskara Elkartearekin eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin. Gu horien parte gara eta dirulaguntza bat ere izan dugu. Konpromiso bat bagenuen egiten genuen lan hori gero nonbait jasoa gera zedin, ez guretzat bakarrik, erabili nahi duen edonorentzat baizik. Ahalik eta eskurik onenetan utzi nahi genuen daukagun material hori. Neurri batean material nahiko sensiblea da, denboran kaltea izan dezakeena eta ondo gorde behar dena. Hortik abiatuta, balorazio bat egin genuen; zer eta zeinek gorde dezake ondoen? Eta aho batez erabaki genuen Filmategia zela lekurik onena material hau jasotzeko».

Dokumentalaren irudi-grabazioan eta postprodukzioan Joxan Ruiz eta Jon Mari Beasain aritu dira. Dokumentalak, jendearen bistara erakutsi dutenak, 60 minutu inguru ditu. Baina horren atzean hogei elkarrizketatik gora eta 24 orduko grabazioak daude. Hori guztia Euskadiko Filmategiko gordailuetan dago orain, interesa duen edonoren eskura.

Naturarekin harreman jarraia

«Nik ez nuen sekula pentsatuko ni jaio naizen herrian bertan animaliei eta landareei buruz horrenbeste zekien jendea egongo zenik. Adibidez, nik eta biologo askok oso ondo dakigu espezie asko definitzen, badakizkigu izen zientifikoak eta euskara batuko izenak. Baina, migrazio garaian zein hegazti pasatzen den zeinekin, zein garaitan pasatzen diren, habiak nola egiten dituzten... hori behaketa zuzenaren bidez ikasten da eta horretarako ordu asko eman behar dira naturarekin harremanetan. Espezialista handiak direnek jakin dezakete zerbait horri buruz, baina kasu honetan topatu duguna da baserri inguruko jendea, bizi osoa zelaian, sagastian, baratzean, lanean pasatu duena eta nahi gabeko behaketa bat izan duena. Eta, gainera, behaketa horiek izan dira beren egunerokotasunean hizketarako aitzakia bat. Naturarekin harreman bat egon da eta, gainera, mendeetako ahozko transmisio bat egon da. Eta hor elkartu dira mendeetako benetako ezagutzak eta kondairak, beti ez dutenak zuzenak izan behar. Natur ondarearen eta ahozko ondarearen arteko nahasketa bat egon da».

Behaketa bat dago jakintza horren atzean, baina begiratzeko modu jakin batekin. Dokumentalean agertzen diren herritarrek natura behatzen dute, ezagutzen dute, errespetatzen dute eta naturaren parte sentitzen dira. «Beraien bizimodua oso lotuta egon da naturarekin; eguneroko lana eta etxean jango dutena naturak baldintzatzen duelako une askotan. Belarra noiz moztu, iniztorra noiz moztu... ezin dute esan irailaren 8an edo 10ean ez doazela iniztorra moztera, azaroan hobeto datorkiela. Horregatik behatu egin behar dute iniztorra, garoa, iratzea noiz dagoen gorritua; mendiaren goiko aldekoa edo beheko aldekoa ote den ganaduaren azpiak egiteko hobea... behaketa hori jarraia da eta, eraginkorra izateko, transmititu egin behar da. Beharrak lotura ekartzen du naturarekin. Loturak ezagutza eta horrek guztiak sentimendu bat naturarekiko. Elkarrizketatutako batzuek esan digute igande arratsaldeak hegaztiei buruz hizketan ematen zituztela».

Naturarekiko miresmen bat ere sumatzen da. Dokumentalean, adibidez, karnabak egiten duen habiaren perfekzioaz aritzen dira, «gizakiak ere ez luke egingo», nabarmentzen dute. «Badakite kabia non egiten duen txori bakoitzak, noiz, zein belar motarekin... hori behaketa oso zehatz baten ondorioz gertatzen da. Ezagutzak eta harremanak derrigorrean ekartzen dute lotura estuagoa naturarekin. Garaiotan behin eta berriz esaten dugu naturarekin kontaktua galdu dugula. Baina, benetan ba al dakigu zein zen kontaktu hori? Nik uste dut ‘Burbunak eta etsayak’ dokumentalak zapore hori uzten duela: hau da, naturarekin kontaktua, eta oraindik etxean daukagu, etxetik gertu bizi diren pertsona horiek bizimodu hori izan dute eta jakinduria hori daukate».

Aldaketa belaunaldiz belaunaldi

Ingurumen hezkuntzan oso aditua den psikologo Heike Freirek dioenez, gure mundua artifiziala den unera iritsi gara, «kapsula artifiziala», bere hitzetan. Naturarekin harreman falta hori ez omen da naturaren kontra bakarrik joango, kultura bat, hiztegi bat, ohiturak eta bizitzeko modu bat galduko dira. «Bizpahiru belaunalditan aldaketa handi bat gertatu da. Dokumentala ikusten duena horrekin konturatuko da».

Hasieran, beraz, izenen bila hasi ziren, narrastiak, anfibioak eta ingurua izendatzeko izen zehatzen bila. Eñaut Agirreren esanean, «ezagutza galdu ahala, izen horiek galdu egingo zirela ikusten genuen, betirako gainera. Bilduta dagoena bilduta dago eta espezie horiek badituzte beren izenak euskara batuan. Baina ingurune batean lupa jarriz gero, sekulako izen mordoa topatzen dira. Guk hori egin dugu, lupa jarri dugu, lupa jarri Hernani inguruan eta sekulako altxorra topatu dugu. Baina hori baino gehiago da. Ez da bakarrik espezie bakoitzari ematen zaion izena, hitz egiteko modu bat dago horren atzean. Erritmo bat eta grazi bat daukan hitz egiteko modua da. Jende honek euskaraz pentsatzen du eta edozer azaltzeko gai da euskararekin eta, gainera, modu oso ederrean azaltzeko gai. Hori da bilatu duguna».

Elkarrizketatuak, jakiturian jantziak ez ezik, hiztun onak dira, Agirreren ustez. «Grazi bat daukate hizketarako. Hiztun apartak dira eta hori jaso nahi izan dugu. Pertsonaiak ondo aukeratutakoak dira, badaukate zer kontatua eta dokumental honetan ahozkotasun altxor handi-handi bat dago. Naturari lotutako jakinduria daukate denek, baina gero bakoitza espezializatua da. Adibidez, badaude arrantzan adituak direnak, ez dago sinisterik noraino ezagutzen duten. Harri azpitako azkeneko zizarea edo azkeneko ur zorria zein den badakite. Adinagatik, gainera, ikuspegi historiko bat daukate; zer zen arrantza lehen eta zer den orain. Sarearekin egiten zuten arrantza eta diruagatik egiten zuten. Beste batzuk ehiztariak dira, beste batzuk ‘sorginak’. Auzoan, medikuarengana joatea asko kostatzen zen garaian, emakume horiengana joaten ziren gaixo zeudenak eta sendabelarrekin egiten zuten lana».

Ereñotzun kokatzen da bereziki dokumentala. «Interesgarria da aipatzea Hernanin Ereñotzun baino salto handiagoa egon dela. Ereñotzun sentitu dut gure adineko jendeak ikusten duela beren gurasoak direla jakinduria hori dutenak. Hernanin uste dut belaunaldi bat galduago daukagula, gure gurasoek ikusten zuten beren gurasoek zekitela», dio Eñaut Agirrek.

Ion Mari Beasainen aita izan daiteke horren adibide bat. Dokumentalean parte hartu du eta sekulako jakintza duela erakutsi. «Nire aitak mendi buelta bat egiten duenean, pausoz pauso toki bakoitzaren izen zehatza aipatzen du. Badaki nola izena duen txoko bakoitzak. Toponimo aberastasun handia ere badago, tamalez galtzen ari dena. Baina nire aita, bederatzi urte zituenerako, mendira bidaltzen zuten ardiekin, bakarrik. Normala da jakintza hori izatea».

“Burbunak eta etsayak” dokumentalean Ereñotzuko haurrak ere ageri dira, etorkizunaren printza. «Dokumentalean mezu baikorra zabaldu nahi dugu. Askotan naturarekiko lotura horri buruz oso modu malenkoniatsuan hitz egiten dugu, galdu bagenu bezala, oraindik hemen dagoenean. Oraindik transmititu daiteke informazio hori guztia. Toki batzuetan interesa dago, Ereñotzun garbi ikusi dugu hori, badago egarri bat eta gose bat eta nik itxaropena badaukat hau ez dela erabat galduko. Dokumental hau ekarpen bat da bide horretan», nabarmendu du Agirrek.

Natura ondarearen eta hizkuntza ondarearen gordailuak topatu dituzte uste baino gertuago. Bizitza osoa naturari begira, naturatik eta naturarentzat eman dutenen jakintza deskubritu dute. Orain, jakintza hori, ondare hori, Filmategian utzi dute, merezi duelako ondo gordetzea.

ION lopez

«Etxeko trastelekuan dauden pelikula horietan sekulako altxorrak daude, sekulako ondarea»

“Burbunak eta etsayak” dokumentalak ordubeteko iraupena du. Bistaratu den ordubete horren atzean beste hogeita lau orduko grabazioak daude. Orain Euskadiko Filmategian dago dena jasoa, denboraren joanean gero eta balio handiagoa izango duen altxorra.

Proposamen bereziarekin etorri dira Hernani aldetik.

Ez da eskaera ohikoa izan, guk normalean bukatutako produktuak jasotzen ditugulako; zinera joaten den pelikula, telebistan proiektatzen den dokumentala edo dena delakoa. Bestelako formatuak ere jasotzen ditugu, familia girokoak adibidez, baina argitara ematen diren produktuen kasuan, normalean bukatutako proiektua jasotzen dugu. Hasieran, egia esan, larritu ere egin nintzen, gordailuetan toki dezente behar duelako –24 orduko grabazioak dira kalitate altuko formatuan–, baina proposamena onartzea erabaki genuen. Amaierako produktua edonork ikus dezake, baina agian bereziki interesatzen zaio norbaiti dokumentalean parte hartu duen herritar baten ibilbidea; edo Ereñotzuko pasarteak; edo arrantzari buruzko zehaztapenak; edo euskalkiari buruzko xehetasunak... Proiektu honen grabazio orduek interesa daukate eta horregatik kontserbatzeko asmoa daukagu. Hori da gure eginbeharra, materiala kontserbatzea eta ezagutzera ematea. Orain, norbaitek Urumearen inguruko informazioa edo irudiak eskatzen badizkigu, sekulako altxorra daukagu. Orain arte gutxi samar genuen.

Ondare bat dago. Hizkuntza, ohiturak, bizimodua.

Finean, mugimendudun irudiaren ondarearen gordailua da Filmategia. Datorren astean ibaiak aztertzen ari den ikertzaile bat gerturatzen bazaigu, material hori erakutsiko diogu. Edo ekoiztetxe bat etortzen bada Urumeako irudi eske, erakutsiko dizkiogu –gure bezero garrantzitsuak dira ekoiztetxeak, artxiboko irudiak ikustera etortzen dira–. Hori bai, hemendik ez da irudirik ateratzen jabearen baimenik gabe. Hori behar-beharrezkoa da beti, eta are gehiago erabilera komertzialerako behar badituzte. Hemen jendearen esku egongo da material hori.

Zein da prozesua orain?

Lehendabizi ziurtagiri bat egiten dugu, material hori guztia Filmategian geratu dela esanez eta materialaren jabetza haiena dela zehaztuz. Ziurtagiri horretan, era berean, esaten da material hori ikusgai egongo dela, jendeak kontsultatzeko moduan, baina ezingo dela hemendik atera jabeen baimenik gabe. Eta Filmategiak konpromisoa hartzen du materiala ahalik baldintza onenetan kontserbatzeko. Normalean kopia digital bat egiten da, gordailura iristen diren materialak analogikoak izaten direlako. Kasu honetan materiala dagoeneko digitala da.

Ondare digitala da, beraz. Egungoa izanagatik, galzorian dagoena.

Bai, ondarea da eta digitala da. Hori ez da ohikoa izaten eta horregatik gauza ederra da. Guk denetarik jasotzen dugu; ia astero jasotzen ditugu film digitalak, gaur egun egiten direnak. Baina batez ere pelikula analogikoak jasotzen ditugu, zaharrak. Batzuetan 35 milimetroko pelikula komertzialak, gero eta gutxiago, baina askotan –astean bitan edo hirutan– 8 eta super 8 film zaharrak, jendeak ganbaran edo trastelekuan jasota dituenak. Kasu horietan prozesua berdina izaten da. Ziurtagiria eta gordailua egiten dira. Eta, gero, digitalizatu egiten dugu materiala. Gainera, horretarako makina berezi bat daukagu eta kalitate oso onean egiten dugu kopia digitala. Doako zerbitzu bat da; haientzat etxean dauzkaten film horiek berreskuratzeko modu bat, eta guretzat ondarea osatzeko modu bat. Gero material hori ikusgai egoten da hemen.

Aurrekoan, adibidez, Bartzelonako ekoiztetxe batetik etorri zen gizonezko bat, janariaren inguruko lan baterako material bila. Familia film horietan material mordoa dago. Finean, etxeko pelikula horietan jendeak familia bazkariak, herriko jaiak, errege eguneko bazkariak grabatzen zituen. Benetan material interesgarria dago familia pelikula horietan.

Asko duzue hemen bilduta, baina zenbat egongo ote den etxeko ganbaretan hautsa hartuta.

Bai, eta pena da. Guk tarteka deialdiak egiten ditugu herritarrek etxean dituzten pelikula horiek hona ekartzeko. Baina jendea animatu nahiko nuke etxean topatutako materiala hona ekartzera. Askok proiektore bat eta pelikula kaxa bat deskubritzen dute etxeko bazter batean. Askotan pelikula horiek proiektatzen saiatzen dira eta hori ez egiteko deia egiten dut hemendik. Pelikulak ahuldu egiten dira denborarekin eta proiektorean sartzean hausteko arrisku handia dago. Hobe da pelikula zahar horiek hona ekartzea. Guk digitalizatu eta nahi adina aldiz ikusi ahal izango dituzte ondoren.

Etxeko pelikula horietan sekulako altxorrak eta sekulako ondarea dago. Guk BBC esaten diogu, gaztelerazko ‘bodas, bautizos y comuniones’. Horietan, ohiko egoeratan, sekulako altxorrak topa daitezke.

Adibidez?

Adibidez, orain bete dira 50 urte Oteizaren apostoluak Arantzazun jarri zituztela. Baditugu filmagailu batekin hartutako irudi batzuk, ezkontza batekoak. Ezkongaiak Arantzazuko elizara sartzen ikusten dira. Baina filmagailu horiek ez zuten argi ona, ilunak ziren, eta filmatzen ari zen gizonezkoa kanpoan geratu zen, ezkongaiak noiz aterako. Une batean kamera altxatzen du eta apostolu bat jartzen ari ziren momentua harrapatzen du. Eta hurrengo toman ezkonberriak ikusten dira elizatik ateratzen. Filmatzen ari zena ez zen konturatu harrapatu zuenaz, berari benetan ezkontza interesatzen zitzaion, baina apostoluak jartzeko momentuaren irudi mugimendudun bakarra edo bakarretakoa dela esango nuke. Bitxia.

Beste adibide bat. Añorgako jaien irudi pila bat dauzkagu. Cementos Rezola lantegiaren jabeek enpresa bati enkargatzen zioten jaiak grabatzea, gainera kalitate onean. Beti irudi berdintsuak dira; meza, dantzariak eta pilota partidak. Urtez urte errepikatzen dira. Baina halako batean topatu genuen Roncalli kardinalak zuzendutako meza bat, gerora Juan XXIII.a aita santua izandakoa. Ba bai, Añorgan egon zen festetan meza ematen.