Pello Otxandiano

Telesaila

Hauteskunde emaitzekin batera panorama politikoa astindu duten mugimenduak urgaineratu dira asteon. Argitzeke zegoen hauteskunde errepikapenaren ondorengo mapa politikoa, zein puntutaraino beteko liratekeen Sanchezek hauteskundeak errepikatzeko egindako aurreikuspenak. Emaitzak mahaigaineratu eta biharamunean inork espero ez zuena gertatu da.

Denetik entzuten da, koalizio gobernuaren proposamenaren atzean dagoenaren inguruan nork bere interpretazioa du. Nirea botako dut hemen, baina lehenago oinarrizkoak iruditzen zaizkidan kontu batzuk azpimarratu nahi nituzke. Lehena, batzuen eta besteen jokaldi taktikoak ezin daitezkeela egiturazko analisi batetik at interpretatu. Gauzen egoera ez da magiaz aldatzen egun batetik bestera. Beraz, edozein kasutan, era bateko edo besteko Espainiako Gobernua izan abendutik aurrera, ezinbestekoa zaigu begirada sakonago bat, epe erdiko ikuspegi bat: mundua norantz ari den mugitzen eta estatuen krisi politikoak zer oinarri duen.

Joko-teoriaren eta komunikazio politikorako dispositibo sofistikatuen zale asko dago “Txiolandian”. Hau guztia, egoeraren larritasunagatik eta jokoan dagoen guztiagatik ez balitz, dibertigarria litzateke oso. Aitortu behar dut ni ere engantxatuta naukala, desorduetan ere mugikorrari itsatsita egon naizela aste osoan. Alabaina, marketin politikoaz harago doan gogoeta maila bat eskatzen du honek guztiak, eta zuhurtzia taktikoa. Asko dago jokoan eta garai arriskutsuetan ari gara.

Esango nuke EH Bilduren emaitza onen iturri nagusia hauxe dela, hain zuzen: azken bi urteetan analisi koiuntural zorrotz bat jarri duela mahai gainean, arnas luzeko norabide bat proposatu duela eta norabide hori elikatu eta sinesgarri egin duten ekimenak kateatu dituela bata bestearen segidan, bide argi eta koherente bat marraztuz, pedagogia politiko on bat egitea ahalbidetu diotenak.

Sendotasun politikoa epe motzeko eta iraungitze azkarreko politika mediatiko taktizistaren gainetik. Arnaldo Otegik politikak beste zerbait beharko lukeela esan du asteon, printzipio gehiago eta taktizismo gutxiago. Ados nago, eta bat egiten dut berarekin Espainian gaur egun jaun eta jabe den bestelako politika horrek ezkerrari eta edozein egitasmo emantzipatzaileri kalte izugarria eragiten diola dioenean. Nork bere biziraupen politikoa lehenetsi duelarik, ez dira ohartzen jendea nazkatu egiten dutela eta eskuinak kapitalizatzen duen alderdi politiko guztiekiko mesfidantza areagotu baino ez dutela egiten. Beraz, bereiz ditzagun, arren, telesail politikoak eta errealitatea.

Hortik aurrera, gaur arteko kapituluak ikusita, hauxe da nire interpretazioa: establishment-ak behartuta egin zion uko irailean gobernu koalizioari Sanchezek. Hauteskunde errepikapenarekin PSOE indartu, eta Podemos eta Ciudadanos ahulduko zirela aurreikusi zuen, eta, ondorioz, egoera hobean egongo zela edozein aukera saiatzeko. Usteak erdiak ustel: Ciudadanosen gainbehera bai gertatu da (VOXen indartze ez kontrolatu baten ondorioz), baina PSOE ahulduta atera da eta Podemos ez aurreikusi zen beste. Desastre bat Sanchezentzat.

Uste dut Estatu sakonak soluzio autoritarioaren alde egin duela, eta hori ez dela aldatu; eta koalizio proposamena Sanchezen beraren abentura oso partikular bat dela. Txapuza monumental bat, sinesgarritasun defizit handi bat duen operazio oso espainol bat, momentu honetan espainiar sistema politikoa zein prekarioa den ondo adierazten duena. Zerk motibatua? Auskalo. Sanchezen presidente izateko gogo desesperatuak? Operazio makabro bat egon daitekeela atzean, zeinaren helburua PSOE-PP-C’s kontzentrazio gobernu bat justifikatzea den? Luze joango dira datozen lau asteak, telesailaren kapitulu asko irentsi beharko ditugu. Hori da okurritzen zaidan gauza ziur bakarra. •