Dabid Lazkanoiturburu
UIGURREN «BERREZIKETA»

Etnia turkomanoko herritarren atxiloketa masiboaren filtrazioak sutan jarri du Txina

«Panamako Paperak» kaleratu zituen ikerketa kazetarien nazioarteko ICIJ taldeak Txinak Xinjiangen dituen «berreziketa eremuen» inguruko filtrazioa egin du orain. Eman dituen datuen arabera, milioi bat uigur baino gehiago giltzaperatuta egongo lirateke uneotan. Baieztatuko balitz, Bigarren Mundu Gerratik gutxiengo erlijioso baten aurkako internamendurik handiena litzateke.

Ate bikoitzez giltzapetuta, bideokamerak nonahi, baita komunean ere. Txinako dokumentu ofizialen filtrazio handi batean oinarria omen duen ikerketa batek indartu egin du Txinaren aurkako salaketa. Filtrazio horren arabera, Xinjiang herrialde musulmanean ehunka “berreziketa eremu” zabaldu ditu.

Ikerketa Kazetarien Nazioarteko Partzuergoak (ICIJ) Xinjiangetik bertatik –uigur etnia musulmanaren jatorria– lortu omen ditu 400 orrialdek osatutako 200 dokumentu. Txostena munduko hamazazpi egunkaritan kaleratu da asteon, “Txinako Paperak” titulupean. ICIJ izan zen, hain zuzen, hainbat komunikabideri 2016. urtean makina bat agintari politiko, enpresa gizon, kirolari eta pertsonaia ezagun agerian utzi zituen filtrazioa entzutetsua egin ziena; ustelkeria eta zergak ez ordaintzeko trikimailuak azalerazten zituzten “Panamako Paperak”, zehazki.

Kazetarien Partzuergoaren esanetan, oraingo bere lanak «Bigarren Mundu Gerratik gutxiengo erlijioso-etniko baten kontra eman den internamendurik handienari buruzko xehetasunak ematen ditu». Giza eskubideen aldeko erakundeen eta NBEren ustez, eremuotan milioitik gora uigur atxilotuta dituzte. Ez da salaketa hori egiten den lehen aldia, baina bai orain arte aurkeztu den zehatzena.

Filtrazioa argitaratu duten egunkarien hitzetan, sekretupeko dokumentuak herrialdean agintzen duten goi karguen aginduetan oinarritzen dira. Antza, Xi Jinping buruzagi “ahalguztidunaren” Gobernuak martxan jarritako metodoak zehazten dituzte, milaka eta milaka uigur atxilotzeko metodoak.

Metodoen artean, “berreziketa eremuetan” lan egiten duten kartzelarientzat gidaliburuak, segurtasun protokoloak, atxilotuak behatzeko neurriak eta internatutakoak askatzeko irizpideak aipatzen dira. Era berean, Xinjiangeko herritarren artean identifikatu eta atxilotu daitezkeenak zehazteko politika ere jasotzen da, inteligentzia zerbitzuek osatu eta bidali dituzten zirkularrak hain zuzen.

Gutxiengo kolonizatua

Hamaika milioi inguru uigur bizi dira Xinjiangen, Ekialdeko Turkestan historikoan. Etnikoki turkomanoak dira eta erlijio musulmana dute. Txinako mendebaldeko muga da Xinjiang, eta, beraz, Asiako potentzia “Zetaren Bidea” izenarekin aurrera eramaten ari den proiektu estrategiko erraldoiarentzat ezinbesteko ataurrea. Hala ere, auzia aspaldikoa da. Horren erakusle, azken hamarkadotan herrialdea kolonizatzeari ekin dio Pekinek eta han etniako milioika herritar bertara bidali ditu –Txinako etnia nagusia osatzen duten hanek–. Egun, uigurrak biztanleriaren erdia baino gutxiago dira jada Xinjiangen. Hanak, gehiengo bihurtzetik aparte, agintzen dutenak ere badira, noski.

Horrela bada, uigurren artean Pekinen aurkako haserrea nagusitu da. Txinaren aurkako saiakera armatuak ere izan dira, baita komunitateen arteko liskarrak eta pogrom-ak ere. Adibidez, 2009an, 200 hildakotik gora eragin zituen erasoa izan zen.

Egoera larriaren erakusle, Ekialdeko Turkestanen independentzia edota gutxieneko eskubideak aldarrikatzen dituztenak kartzelan edo erbestean daude egun, Munduko Uigurren Batzarreko kideak kasu. Egoera are gehiago korapilatzeko, islamismoarekin, eta, haratago, baita jihadismoarekin ere, bat egin duten uigurrak badaude. Batez ere Siriako gerran parte hartu dute, Al-Qaedaren eskutik.

«Errukirik gabe»

Txinako Gobernuak egoera baliatu du errepresioa eta kolonizazioa bultzatzeko. Kunmingeko tren geltokiaren eta uigurren hiriburu historikoa den Urumquiko atentatuen ostean, 31 eta 39 hildako eragin zituzten hurrenez hurren, Xi Jinping Txinako Alderdi Komunistako idazkari nagusiak dei egin zuen 2014an «inolako errukirik gabe terrorismoari, separatismoari eta infiltrazioei aurre egiteko, herriaren diktadura demokratikoaren armak» erabiliz eta «beraiek bezain krudelak garela erakutsiz».«Behar den jende guztia atxilotzeko» deia ere egiten zuen agindu sekretu hori Xinjiangeko agintari guztiei helarazi zitzaien 2016an.

Filtrazioak berak, hain mardula izanik, Txinako Gobernuaren barnean Xi Jinpingen politikarekin bat ez datorrenik badagoela erakuts dezake. Izan ere, dokumentuak filtratu dituena “iturri ofizial” bat izan behar da derrigor. Filtratu diren dokumentuetako batek erakusten duenez, gainera, neurriekin ados ez zegoen eta milaka atxilotu askatzea erabaki zuen agintari bat alderditik kanporatu eta purgatu egin zuten. Hori bai, dirudienez, agintari gehienek zorrotz bete dituzte aginduak.

Atxilotze sistema ustez susmagarriak diren uigurren identifikazioarekin hasten da. Horretarako, kameren bidezko aurpegi-errekonozimenduaz gain, mugikor aplikazio bat erabiltzen dute, Zapya. Jatorriz Internet konexio eskasa duten herrialdeei begira sortu zen aplikazioa, eta, sarearen beharrik gabe, testuak, argazkiak eta bideoak partekatzea ahalbidetzen du, mugikorra inguruan den beste gailu batentzat wifi puntu bilakatuz. Bada, Txinan ez ezik, Myanmar, Pakistan eta Indian asko erabiltzen den Zapya aplikazioa behatu eta Korana irakurtzeko gomendioak edota ekitaldi islamikoetan parte hartzeko mezuak igortzen dituztenak identifikatu eta atxilotu egiten dituzte zerbitzu sekretuek.

Txinako gizona Xinjiangen

Urte batean bi milioi mezu kontrolatu zituzten, dokumentuen arabera. Dokumentuetako batek Xinjiangen Segurtasun arloko arduradun nagusia den Zhu Hailunen sinadura darama. Zhu omen da, iturri guztien arabera, Xinjiangek pairatzen duen errepresioaren arduradun nagusia. Baina badu bere gainean beste goi kargurik.

Chen Quanguo da 2016tik Alderdi Komunistak Xinjiangen duen kargurik altuena. Tibeten aurkako errepresio kanpaina zuzendu ostean iritsi zen, sari gisa Politburoan eserleku bat lortu ostean. Bera omen da Xiren aginduak betearazten dituena eta “berreziketa eremuen” sistema martxan jarri duena.

Dokumentuen artean badaude Zhu Hailungen sinadura daramaten gehiago. Telegrama batean, Xinjiangeko “bigarren agintariak” herrialdeko prefektura guztiei eremuak nola gestionatu behar diren agintzen die. Ate bikoitzak jartzea eta nonahi, logela eta komunak barne, kamerak jartzean agintzen du.2017ko zirkular horretan, protokolo zorrotzak agintzeaz gain, “ikasleek” (horrela deitzen zaie atxilotuei) “graduazioa” (askatasuna) lortzeko bete beharreko baldintzak zehazten dira.

«Salam Aleikum» ez, mandarinez

Ihesaldiak ekiditeko helburuarekin, kontrolak, patruilak eta kamerak eta alarmak jartzea agintzen du dokumentuak. Gutxienez urtebeteko egonaldia gomendatzen du gidaliburuak, baina batzuetan epe hori gainditzen dela salatu dute bertan preso egon diren hainbatek. Atxilotuek ebaluazio kontrol bat gainditu behar dute eta beraien «aldaketa ideologikoa, diziplina eta ikasteko eta entrenatzeko grina» neurtzen da askatu baino lehen.

Lekuko batzuk salatu duten moduan, «Salam Aleikum, Aleikum Salam» agurra erabiltzea debekatuta dago eta derrigorrezkoa da mandarin txinera erabiltzea. Herrialdeko hizkuntza ofiziala eta gehien hitz egiten dena bada ere, hegoaldean, adibidez, ez da mintzatzen.

Kartzelariek ez omen dute “ikasleekin” inolako harremanik izateko baimenik. Dokumentuan artean Xinjiangera bueltatzen diren eta beren inguruko lagunak edo senideak desagertu egin direla ikusten duten herritarrei zer esan behar zaien argitzeko funtzionarioentzat zirkular bat ere badago. Zirkularrak herritarrok lasaitzea gomendatzen du, baina, ezinezkoa balitz, mehatxatzea agintzen du, honakoa gogoraraziz: egiten dutenak edota esaten dutenak eragina izan dezake beren gertukoek giltzaperatuta igaroko duten denboran.

Filtrazioak, ordea, ez dira iritsi Txinako Gobernuak martxan jarri omen duen Ekintza Bateratuen Plataforma (IJOP) sistemaren funtzionamendua ezagutzera. Uigurren behaketa masiborako sistema da eta, esate baterako, aipatutako Zapya aplikazioarekin lortutako susmagarrien datuak sistema horrekin partekatu eta alderatzen dira.

Ez da, uigurren ustez, ikerketaren hutsune bakarra. Ekialdeko Turkestanen Berpizte Nazionalerako Mugimenduak, adibidez, 500 «atxilotze eremu» ingururen berri eman du egunotan, tartean «182 kontzentrazio eremu, 209 presondegi eta 74 derrigorrezko lan eremu». Hori horrela balitz, atxilotutakoak askoz gehiago lirateke, hiru milioi pertsona inguru. Milioi bat edo hiru, James Leilbold aditu australiarraren ustez, filtrazioek argi uzten dute dokumentuetan aipatutakoak «heziketa zentroak izatetik oso urrun ez, baizik eta antipodatan» daudela.

 

Txina, atentatuak eten izanarekin pozik

Txinak azaldu duenez, «kanpoko komunikabide batzuk bazterrak nahasten dabiltza Xinjiangen gertatzen dena esajeratuz eta Txina terrorismoaren eta erradikalizazioaren aurka aurrera eramaten ari den kanpaina zikindu nahian». Geng Shuang Atzerri Ministerioko eledunak gaineratu duenez, «ez dute beraien helburua lortuko eta gezur hauei erantzunik onena Xinjiang egonkor eta oparoa izango da».

Pekinek gezurtatu egiten du milioi bat uigur «atxilotuta» dituenik eta zentroak «lanbide heziketakoak» direla dio. Are gehiago, bertan daudenak boluntarioki sartzen direla zentroetan ziurtatu du. «Abian jarritako politikari esker azken hiru urteotan ez da atentatu edo erasorik izan Xinjiangen, 1990tik 2016ra bitartean milaka izan zirenean. Atzerriko komunikabideak, aldiz, ezikusiarena egiten dute horren aurrean», dio Gengek.