Ramon Sola

Joko politiko berria dakarren hiruki hirukoitza

Emeki-emeki egosten ari zen menua mahai gainean jarri digu asteak. Indar metaketa berria jaio da azkenik Euskal Autonomia Erkidegoan. Bi plater, biak akordio berdina oinarri: estatusa eta aurrekontuak; EAJ-PSE-Elkarrekin Podemos. Kozinatutakoaren itxura berria da; elikagaiak, ez. Lehenari erreparatzen badiogu, jaio aurretik ito da izena, “Estatus Berria” ezin zaiolako deitu adituen batzordetik atera den proposamenari; zaharrak berri idatzi dituzte ordezkari politikoen oinordekoek. Aurrekontuei buruz, Elkarrekin Ahal Duguren aldez aurreko gogoak ezerezean utzi du negoziazio mahaia; zerikusi gutxi izan du joan den urtean EH Bilduk eta Lakuak izan zuten norgehiagoka ideologiko mamitsu, publiko, luze eta estuarekin.

Ariman (estatusa) zein gorputzean (aurrekontuak) bat eginda, botere hiruki berria osatu da Gasteizko Legebiltzarrean. Hurrengo hauteskundeen ostean gobernu tripartitu bilakatzeko hazia ote? Ez da hiruki aldekidea, jakina, EAJren neurria dezente luzeagoa baita. Baina hirukia da. Eta ez da bakarra, argazki orokorrean jada hiruki hirukoitza marraztua baita: Iruñea izan zen lehenik, ia aritmetikaren kasualitatez; Madril etorri da bigarrenik, Sanchez-Iglesiasen arteko akordiora azkar baino azkarrago batu baita EAJ, oraingoan bere bozak merke-merke salduz; eta Gasteiz da hirugarrena, beste bi akordioek lagunduta baina bere ezaugarri propioekin.

Indar metaketa hiru kasuetan berdina izanda, bitxia da aurkari oso ezberdinei egiten diela aurre. Estatu mailan zein Nafarroan, eskuinaren aurrean justifikatzen da tripartitu berria; izan ere, ez Estatuko trifachito-ak ez eta Nafarroako cuatrifachito-ak ere (Navarra Sumako hiru alderdiak gehi Vox) ez dute 2019an gehiengorik lortu. EAEn, aldiz, hirukia ez da osatu eskuinaren aurka, ezker independentista boteregunetik kanpo uzteko baizik, horixe baita EAJk nabarmen markatzen duen lehentasuna. Ikusi besterik ez da jada hogei urte pasa direla Sabin Etxeak ezker abertzalearekin azken akordio sakonak baimendu zituenetik (Ibarretxeren garaiko Legebiltzarreko akordioa, Udalbiltzaren sorrera...) eta, tarte horretan, batera eta bestera itunak egin dituela, Jose Maria Aznar eta Pablo Iglesiasekin kasu. Iragan legealdian eta honen hasieran behin eta berriz planteatu zuen EH Bilduk EAJ zein Elkarrekin Ahal Dugurekin gehiengo handiko herri akordioa egingarria zela, baina hain egingarria ez zirudiena eta indar gutxiago metatzen duena aukeratu dute jeltzaleek: PSE eta Elkarrekin Ahal Dugurekin bat egitea, alegia.

Hirukia hiru kasuetan berdina da, beraz, baina hirukitik kanpo dagoena, guztiz ezberdina. Ondorioz, tokian toki eragindako joko politikoak ez du inolako antzik izango. Eskuin espainiarrak gauza asko, ia den-dena, baldintzatzeko aukera izango du Estatuan, boteregune gehienetan sakonki sustraiturik dagoen heinean; zerbait gutxiago egin ahal izango du Nafarroan, azken hamarkadotako erregimena desegiten ari den neurrian; eta ezer gutxi EAEn, ezeren pareko gelditu baita PP eta ezerez absolutuan Cs eta Vox. EH Bilduri dagokionez, oraindik kontraesankorragoa da agertokia, indar gehien duen lurraldean tripartitu berriak eragiteko gaitasuna nabarmen murrizten baitio, eta Estatuan zein Iruñean, aldiz, bere laguntza beharko baitu, bai behintzat inbestidurez haratago aurrekontuak eta gainerako legeak aurrera atera nahi baditu. •