Nerea Goti
PENTSIO DUINEN ALDEKO «JO ETA KE»-A

Elkarretaratzeak astero, manifestazio jendetsuak, oinez Madrila, mozioak udaletan eta, azkena, grebari bultzada

Hego Euskal Herrian pentsio publiko eta duinen aldeko borrokak ez du etenik. Erretiratuei berdin zaie uda, jaiak edo Gabonak izatea; berdin euri zaparrada edo bero sapa. Kalera irten behar bada, kalera. Beste borroka asko ezagututakoak kalean jarraitzeko prest daude, etorkizuna eta justizia soziala jokoan baitaude.

Bidasoaren iparraldean oso etorkizun beltza marrazten duen pentsioen erreforma batek mobilizazio handiak piztu dituen bitartean, hegoaldean, pentsiodunen borrokak bi urte beteko ditu laster. Eta badirudi borrokak luze joko duela oraindik. Erretiratuek argi utzi dute ez daudela etxera ezer gabe edo etorkizunik ziurtatzen ez duten apurrekin itzultzeko prest. Gauzak horrela, gelditu barik, urrats berriak egin dituzte 2019ko ibilbidean eta urte berriari begira ere jarri dira.

0,25eko igoera iraingarri hark mobilizazioen olatua altxatu zuenetik, elkarretaratzeetan ehun astelehenetako muga gainditu dute. Protestak ez dira hiriburuetara mugatu, herrietan ere sekulako mobilizazio jendetsuak izan dira urtean zehar. Aldarrikapenak ez du etenik izan, ezta udan zehar ere. Aste nagusiak eta herrietako jaiak eurak aldarrikapenen bozgorailu izan dira hauteskundez jositako hamarkada ixten duen 2019 honetan.

Mezu propioaz gain, bizitza duinaren aldeko beste borroka batzuekin bat egin dute. Mugimendu feministarenak, gazteriarenak edo klima aldaketaren kontrako borrokak eta pentsiodunen mobilizazioak elkar elikatu eta elkar osatu dute. Hartara, partekatzen duten mezua erdigunean jarri eta bizitza duinaren aldeko ikurra guztiek batera altxatu dute. Hurrengo jomuga, horren adierazle izango den greba orokorra, urtarrilaren 30ean.

Hedatuta eta indartsu

Urteak emandakoaz galdetuta, pentsiodunen mugimenduak aldarrikapenek duten indarra eta hedapena nabarmentzen ditu. Foku informatiboan izan ohi diren hiriburuetako mobilizazioekin batera, herri askotan ez diote mobilizatzeari utzi, eta manifestazio handietan izen propioarekin agertu dira.

Jon Fano Bizkaiko mugimenduko kideetako bat da. Dioenez, mobilizazioek herrialdean duten hedapena datu esanguratsua da. Bizkaian, zehaztu duenez, Durangaldea, Hego Uribe, Ezkerraldea edota Meatzaldean, besteak beste, pentsio publikoen aldeko elkarretaratzeek milaka herritar mobilizatu dituzte. Gainontzeko herrialdeetan antzeko joera izan du mugimenduak, eta nabarmentzekoak dira Gipuzkoan, Eibarren edota Araban, Laudion, esaterako, izandako etengabeko mobilizazioak.

Horrekin batera, udalen ateak ere jo dituzte, pentsio publiko eta duinen aldeko mozioak aurkeztuta. Bizkaiko kasuari erreparatuta, datu zehatzak zabalduko dituzte, baina Fanok aurreratu digunez 51 bat herritan egon da presente pentsiodunen mugimendua, eta 38 herritan lortu da onarpena, neurri handi batean EH Bilduk eskainitako babesari esker.

Asteleheneroko elkarretaratze eta manifestazio handiek aldarrikapenak kalean mantendu dituzten bitartean, bestelako mugimenduak ere izan dira. Horien artean, erretiratu talde batek Madrilera oinez egindako martxa, edo urte bukaerarekin, Hego Euskal Herriko bi parlamentuen aurreko ekimenak.

Burdinaren hura, gogoan

1992. urteko «burdinaren martxaren» itxura hartu zuen 30 lagun inguruk Madrileraino egindako ibilaldiak. 400 kilometro inguru bete zituzten, autoen bozinen agurren artean. Herrietan harrera beroak izan zituzten. GARAri eta NAIZ-i komentatu zietenez, «hunkigarriak» egin zitzaizkien bidean zehar aurkitutako jendearen elkartasunezko keinuak.

Adierazi zutenez, esperientziak balio izan zuen aldarrikapenek kalean duten sostengua baieztatzeko. Indarrak hartuta, kongresu espainolaren aurrera heldu ziren gobernu aurrerakoi bat eskatzeko, eskumako erreforma atzerakoiak bertan behera utzi eta pentsioen sistema publikoa bermatzea eskatzeko.

Kongresu espainoleko bigarren hauteskundeak etorri ziren ondoren. Borroka feministarekin edota klima aldaketaren aurreko borrokarekin gertatu bezala, hautetsontziak botoz betetzeko hitzorduek erakusten dute zenbait indar politikok borroka horien ondoko argazkiak bilatzen dituztela; beste kontu bat da mezuak konpromiso politikoak bilakatzeko orduan.

Promesekin fidatzen ez direlako, siglarik gabeko mugimenduak ekimen legegile baten eskaera eraman berri du Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarretara, besteak beste, Estatuko aurrekontuetan pentsio sistema publikoa finantzatzeko bermea eskatuz.

Legea idazten hasteko eskaera

Milaka lagun bildu zituen protestaldiak urtarrilean eurekin batzartu eta aipatutako ekimen legegilea lantzeari ekitea eskatu zien alderdi politikoei.

Pentsioetan legez gutxienez KPI errealaren araberako igoera bermatzea, gutxieneko 1.080 euroko pentsioa ezartzea eta jasangarritasun faktorea eta murrizketak bertan behera uztea aldarrikatzen dute. Era berean, emakumeen eskubideak bermatzen dituzten neurriak eskatzen dituzte, eta pentsioetan dagoen arrakala ezabatzea.

Madrilen osatuko den gobernuaz ez dute berez gehiegi espero. Salatu dute Sanchez buru izango duen exekutiboak ez duela erakutsi erreformak bertan behera uzteko asmorik. Urratsak egiteko «denbora nahikoa izan du iazko maiatzetik» eta «urte oso baten ondoren ez dakigu urtarrilean zenbatekoa izango den gure pentsioa», aipatu dutenez.

Beste hainbat borroka ezagutu duten horiek badakite gauzak aldatzeko presioa kaletik hasten dela. Horregatik, bestelako ahotsak altxatu badira ere, pentsiodunen mugimenduak urtarrileko greba orokorrean jarri du begirada, harreman zuzena duten bizitza duinaren aldeko borroka ezberdinen bilgunea izango baita deialdia: «Lan, pentsio eta bizitza duinaren alde».