Joxean Agirre

Aitona

Claudio Magrisek kontatzen du Heidegger bizi izan zen etxea bisitatzera joan zela behin Messkirchera eta, Kirchplatzen hirugarren zenbakiaren aurrean zegoela, emakume adineko bati galdetu ziola ea Martin Heidegger han bizi izan al zen eta «a, bai, Martin?, sakristauaren semea?», erantzun ziola. Seguru nago Izabara joan eta adineko bati Pedro Migel Etxenikez galdetuko bagenio, «a!, bai, Felisaren semea?», edo «Pedroren semea?», erantzungo lukeela, adinkideentzako gurasoak semea baino garrantzitsuagoak izaten baitira.

Jon Idigoras beti izan Zornotzan Juanitaren semea. Iheslari bezala Ipar Euskal Herrian zegoela nortasun agiri faltsuarekin Bilbora bidali zuten klandestinitatean LAB sindikatua antolatzera eta, Zazpizkaleetatik barrena bere ustetan mozorrotuta eta lasai zihoala, amaren lagun batek ezagutu zuen eta «zu, Joxe Dominen eta Juanitaren semea zara!», esan zion; eta Jonek oso serio «señora, yo soy Juan Lopez y soy de Miranda de Ebro» esan bazion ere, «baina igual iguala da-eta», esanez joan omen zen andrea kaletik zehar.

Bizitzaren zati handi batean gurasoen seme-alabak gara. Ondoren eta kolpetik gure seme-alaben guraso bilakatzen gara eta, kondizio horretara ohitzen hasita gaudenean eta gauzak ondo bidean, aitona edo amona bilakatzen gara, bizitza aitaren batean igarotzen baita, Nabokovek esan zuen bezala, argi izpi bat baita bi iluntasunen artean.

Urte berriarekin batera aitona izateko zorian nago eta arraro egingo zait titulu berri horretara ohitzea. Badakit urte gutxi barru, mutila futbolean edo pilotan jokatzen hasten denean partidaren bat ikustera joango naizela eta han egongo naizela bakar-bakarrik harmailetatik begira, aitona gehienak egoten diren bezala. Eta partida bukatzean irakasleak edo entrenatzaileak, «zein duk hor harmailetan hiri begira zegoen agure hori?», galdetzen dionean, nire bilobak (Telmo, Deun, Mikel edo Pello izan daiteke edo beste zerbait, jaio eta aurpegia ikusi arte ez diotela izenik jarriko erabaki baitute), nire biloba horrek, diot, «bai, nire aitona da, aitona Joxean», erantzungo duela, eta aurrerantzean bere adinkideen artean ni Telmoren, Deunen, Mikelen edo Peruren aitona izango naizela. •