Maite Ubiria Beaumont

Gizarte kohesioa zalantzan jartzen duen plana auzitan

Frantziako Asanblea Nazionalak azken mende erdiko eztabaidarik garrantzitsuenetarikoari heldu zion iragan astelehenean. Hiru aste, aparteko luzapen edo etendurarik ez bada, iraungo duen prozedurak II. Mundu Gerraren ostean Hexagonoan eraikitako gizarte segurantzaren desagerpenaren hasiera marka dezake. Belaunaldien arteko elkartasunean oinarrituriko sistemak, bere alde on eta muga guztiekin, lanari loturiko esfortzuaren ordainetan, azken urteak duintasunez igarotzeko bermea eskaintzen zien langileei, konfiantzazko katea eraikiz aktiboan ziren langileen eta merezimendu osoz erretretadun estatusa jasotako herritarren artean.

Emmanuel Macronek hitzeman duen sistema berria kapitalizazioan oinarrituko da. Sistema bakarra denontzat, ez ordea eskubideen unibertsaltasunean oinarrituta. Azkenengo bizpahiru hamarkadotan «zorion urteetan» –horrela ezagutzen da Frantzian nazien aurkako okupazioa gainditu ostean heldu zen oparotasun garaia– sorturiko ereduaren «higadura» bilakatu da diskurtso neoliberalaren ardatz. Aurrekontu neurri eta fiskalitate norabide zehatz batzuk indarrean emanez, kutxa zaharra pipiak jota izanki bestelako ontzi diseinu bat asmatzeko premia zegoela sinestarazi nahi izan dute gobernuburuek zein administrazioko kudeatzaileek.

Lan merkatua desarautzeko erreformak bata eta bestearen atzean plantan jarri ostean ereduaren jasangarritasun ezaren mantra barreiatu dute, gizarte segurantza altzari vintage gisa aurkeztuz: ederra bai, baina baliagarria ez. Europa mailan adineko pertsonen artean pobrezia tasarik apalena (%6) du Frantziak. Estatistika aipagarria da, babes sistemaren arrakastatzat har daitekeen adierazle esanguratsua. Baina aspaldi utzi zioten agintariek gizarte kohesioa bermatzeko ezinbestekoa izan den eredua ureztatzeari, beraien ahalegin guztiak sistema horrek «pribilegiatuen kasta» sortu duela sinestaraztera bideratu dituztelako. Horra hor erabili dituzten ezinbesteko argudioetako batzuk: sistema garestiegia da, herritarren artean diskriminazioak sustatzen ditu, inguruko estatuek zehazturiko bidetik urruntzen da, soldatapekoak bakarrik babesten ditu, mundu zabalean lehiatzeko Frantziak dituen aukerak mugatzen ditu... Hots, sistema ez da jasangarria! Are, edonork uler dezake arrazoi xalo batengatik: ile urdindun edo burusoil diren herritar trumilka batek «beranduago hiltzeko kapritxoa» garatu du, hau da, «denon kontura» luzaroan bizitzeko ohitura txarra hartu du. Ideia-toxiko hori gizartearen sektore boteretsuenek garatu eta prekaritatean erabat murgildutako herritarren gainera erori da. Zorionez, kostata bada ere, birusaren hedapena moteltzeko gaitasuna duen harresia altxatu da. Gizarte antolatu batek erreforma oztopatzeko dinamika iraunkorra eman du plantan, bide batez, ezkerraren marka politikoak, berdin Alderdi Sozialista zein Frantzia Intsumitua, urrunago joatera bultzatuz, orain arte baliatu gabeko blokeo eta konfrontazio eskemetara mugiaraziz Legebiltzarrean. Litekeena da, finean, Macronek duen erabateko gehiengoak berak espero baino indar txikiagoa ziurtatzea azkenean, egun ezin baita jada baztertu presidenteak bere erreforma izarra aurrera eramateko botorik gabeko ezohiko prozedura baliatu behar izatea (49.3 artikulua). Estrategia berrosatzeko zailtasunen erakusle, Macronek erlijioaren eta komunitarismoaren komodina atera du. •