Maite Ubiria Beaumont

Agenda autoritarioan nola eragingo du birusak?

Konfinamenduak, seguruenik, emozioen kudeaketari begira eragina izango du. Azken egunotan oilo ipurdia eragiteko gai diren mezu, irudi eta keinu bestan bizi izan gara. Urrunketa sozialak sortzen duen hutsunea handia izanik, kantez, txalo zaparradez eta abarreko salbazio ekimenez gure gabeziak estaltzeko beharra areagotu zaigu. Bistan da, horietako egitasmo asko kontagioaren eraginez zabaldu dira, globalizazioaren hariak ez baitira guztiz eten. Alta, benetako sare sozialak ahuldu zaizkigun garaiotan, norbera norberarentzat legea nagusi denean, litekeena da ere aukera berriak zabaltzea etxeko leihoetatik bertatik hasita.

Izurriteak jo aitzin harreman eredua sendotzeko ekimenak martxan ziren lekuetan, zailtasunak zailtasun, saretzeko energia aiseago askatu da. Gazteek tokiko erakunde eta gainerako gizarte eragileen laguntzarekin egin duten urratsak oso seinale ona bidali digu, finean, bestelako geroa eratzeko nahia dugunoi. Argi izpia piztu du, gaixotasun honi, eta oro har gure gizarteak pairatzen dituen gaitz zenbaiti, irtenbidea xerkatzeko bidean, gure baitan sustraitutako irtenbidea, balore komunitario eraldatzaileekin horniturikoa.

Globalizazio ultraliberalaren, hots, kapitalismo bihozgabearen, muga guztiak agerian utzi ditu gure begiek ikusterik ez duten birusak. Ez da ahalmen falta, lehentasun kontua baizik. Nagusi den globalizazio ereduaren xedea aberastasunen transferentzia izanik –zerbait dutenen poltsikoetatik gutxi batzuen kontuetara–, sinpleki, ez zituzten protokoloak aurreikusita bestelako helburu bat betetzeko, alegia, herritarren babesa hobesteko.

Lehentasunak zorrotz azaltzen diren unean, “hemengo” herritarrak hil edo gaixotu egiten direnean, gure egunerokotasunak eztanda egiten duenean, maite ditugunengandik sentitzen dugun kezkak gainerako guztia estaltzen duenean, finean emozioak pil-pilean ditugunean, kapaz izango al gara gogoeta sistematikoari bide bat irekitzeko? Eskuak etengabe garbitzearekin batera, begirada gardena izateko?

Osasun estualdiaren harira, euskal herritarren buruen gainean agintzen duten bi estatuek, salbuespen neurriak hartzeko xedez, salbuespenezko botereak hartzeko erabakiak hartu dituzte. Herritarren mugimenduak murrizteaz gain, agenda autoritarioa besopean agintera heldu ziren hainbat mandatarik, eskumenak pilatu dituzte han eta hemen inor gutxiri azalpen handirik eman gabe. Nehork ezer esan gabe, irakurle konfinatu gehienek Boris Johson, Donald Trump edo Jair Bolsonaro irudikatuko dituzte asmo horien sustatzaile nagusi bezala. Covid-19ak eragindako larrialdiaren harira erakutsi dituzten joerek horrela pentsatzera eramaten dutelako. Azken finean, baina, galdera nonahi dago mahai gainean: agenda autoritarioaren loratzea ekarriko du krisiak edo, alderantziz, lemazain horien –eta hurbileko beste batzuen– anbizioak kamustuko ditu? Askatasun gosea berpiztuko zaigu edo inolako gogoeta kritikorik egin gabe onartuko dugu luzaroan hegalak moztea, ez oraingo testuinguru berezian, baizik eta aurrera begira ere?

Publikoaren balioa azalean utzi du izurriteak. Emmanuel Macron bezalako ultraliberal bat ere eremu pribatuan eskua sartzeko aukera ahotan hartzera heldu da. Behin sukarraldia gaindituta, orain garatutako defentsa komunitarioek berreskuratze soziala ekar dezatela. •