Ander Gortazar Balerdi - @andergortazar
Arkitektoa

Airea sar dadin

1853ko martxoan eman zuten estreinakoz «La traviata» opera, Giusepe Verdiren musikarekin, Veneziako La Fenice antzokian. Parisen dago girotua eta Violeta Valery gortesaua du protagonista nagusia, zeina, funtzioaren amaieran, tuberkulosiak jota hiltzen den. Paris, XIX. mende amaiera eta tuberkulosia. Ez da kasualitatea.

Covid-19a ez bezala, tuberkulosia ez da birus bat, mikrobakteriek eragindako gaixotasun infekziosoa baizik, eta oso ohikoa izan zen XIX. mendearen bukaerara arte. Hiribildu dentsoak, argiztapen eta aireztapen eskasa, saneamendu-azpiegiturarik ez… Testuinguru horretan jaio zen mugimendu higienista, arkitekturan eta hirigintzan higieneari garrantzia berezia ematen zion korrontea.

Har dezagun Paris. Hiriaren garapena hiri zaharraren dentsifikazioan oinarritu zen historikoki. Baldintza higienikoak nabarmen eskasak ziren auzune itogarrietan eta ideiak behar ziren airea sar zedin. Kaleak estuak ziren, eraikinak gero eta altuagoak eta gero eta herritar gehiago pilatzen zen bertan, pobreak batik bat, aberatsenek harresiez gaindiko faubourg-etara egin zutelako ihes. Hala, Paris erdigunea pobretze fase batean sartu zen, eta ondorioz, baita gatazka sozial fase batean ere (oroit dezagun: Parisko Komuna, 1871). Teoria higienistak eta gatazka sozialaren kudeaketa, biak hartu behar dira kontuan XIX. mende amaierako (eta XX. mende hasierako) hirigintza europarra ulertzeko.

Jarrai dezagun, beraz, Parisekin, ordukoak baitira Frantziako hiriburua goitik behera aldatu zuten hirigintza planak. Georges-Eugène Haussmann-en zuzendaritzapean hiri egitura erabat aldatu zen: fatxaden araudia ezarri zen, espazio berdeak eta hiri-altzariak diseinatu ziren, estolderia eta ur-hornikuntza sarea eraiki zen eta, seguruenik neurri ezagunena dena, egun hain paristarrak iruditzen zaizkigun bulebarrak ireki zituzten.

“Ireki”. Zalantza izan dut aditzarekin. Deformazio profesionala da seguruenik, horman zuloa egin eta leiho batekin ordezkatzeari “leiho bat ireki” esaten dion gremio batekoa naiz eta. “Ireki” aditzak badu eufemismotik asko testuinguru higienistan, bulebar bat irekitzeak auzo baten suntsiketa esan nahi baitzuen eta, ondorioz, baita bertako biztanleriaren lekualdatze behartua ere. Hala egin zuten Parisen bulebarrekin, Madrilen Gran Viarekin, Bartzelonan Via Laietanarekin eta Europa osoan zehar ehunka hiribiderekin.

Nola esan, kontinente zaharrean hiribideak ireki zituztela hiriari barrenak hustuz, txerriei tripak nola, italieratik hartutako mailegu ezin ederrago batek izendatzen duen teknika erabiliz: «sventramento». Alegia, literalki, erraiak erauztea. Tripak ateratzea, airea sar dadin. •