Ramon Sola

Eraldaketarako «gertaera» izango al da Covid-19 hau?

Gure belaunaldiek sekulan ezagutu ez duten moduko izurrite baten une gorenenetakoan gauden honetan, orriotan jorratu ohi diren gaien neurria aldatu egin da. 2008ko krisialdiak gogor astindu zuen gure gizartea, desorekak handituz eta prekarizatutakoen klase berria erdituz. Hortik gutxira, ezker abertzalearen erabakiek “denbora berria” deitu genuena sortu zuten, gure inguruko politika moldeak irauliz. Beranduxeago, Katalunian gertatutakoa guztiz disruptibotzat hartu genuen. Iraultza feministak abiadura eta sakontasuna hartu zuen gero. Hor segitzen du horrek guztiak, baina gizarte osoa eta mundu zabala iraul dezakeen gertaera tragikoa gailendu da guztiaren gainetik. Auskalo asmo eraldatzaile askok zain zuten “gertaera” birus hiltzaile eta ikusezin hau ote den...

Aurreko bat-bateko gertaera guztiekin alderatuta, Covid-19ak duen eragina mundu gerren osteko handiena da. Eta inoizko zabalena ere bai. Guztiok berdin sufrituko ez badugu ere, ez da hemen irabazle eta galtzailerik antzematen, ez klase aldetik, ez herrien mapari begiratuta. Mundu osoa kolpatu du birusak.

Aterako gara, noski, Txinan bertan ere atera baitira jada. Baina nola aterako garen da orain koxka. Eta borroka abiatua dute batzuek, konfinamendua gerra lubaki bilakatuta. 2008koan ere, hasiera batean herritarrak erreskatatzeko ari zirela finantzak salbatzen sinestarazi nahi izan zuten, baina gezurra zen; orain, hasieratik dirua gizakiaren gainean dutela mozorrorik gabe erakutsi digute Arantxa Tapiak eta enparauek. Autoritarismoaren zaleek ere, amestu ezin zuten egoera aurkitu dute bat-batean eta kosta egingo zaie alarma hotsa itzaltzea; militarra, udaltzaina edo balkoiko inkisidorea izan, berdin da. Demokrazia beti ahoan baina dekretuz gobernatu nahiko luketenek oposiziorik gabeko tartea betikotzeko gura izango dute (jada egin du Orbanek Hungarian); EAEko hauteskundeak ahalik eta lasterren egiteko asmoak horren seinale ematen du. Salbuespen egoera honek ase egin ditzake kontrolaren obsesioak jotakoen amets lizunenak. Beldurra erabiltzearen lagunenak, zer esanik ez: langileei langabeziaren ala osasuna galtzearen artean erabakiarazteak ez du izenik.

Pandemia jada eragiten ari den sarraskiarekin batera, beraz, den-dena oso gaizki buka daiteke. Baina gurean gizarte berria erditzeko gaitasuna eta mundu mailan irizpideak aldarazteko gaitasuna ere barruan daramatza birusak, eragingo duen kaltea orokorra eta erabatekoa den heinean. “Pertsonak erdian jartzea” ezin izango da aurreratzean lelo hutsa izan. Osasunik gabe ekonomiarik ez dela garbi frogatu da. Indibidualtasunaren inperioan ginela, elkartasunik gabe aurrera egiterik ez dela egiaztatu da. Behar larriak direnean aurrekontuak iraultzeko oztoporik ez dela ikusi dugu. Abiadura handiko gizartean bat-batean galga jartzea posible dela ikusi dugu. Epe motzekoaren erreinuan, hausnarketa sakonetarako tartea ageri da. Arinkeria nagusi zela, pitokeriak alboratu eta serio-serio begiratu behar izan dugu barrurantz. Zientziaren zorroztasuna birpiztu da. Azken mailakoak ziren zainketa lanek lehentasun osoa hartu dute. Eztabaida asko suspertu dira: diru publikoaren erabileratik globalizaziora, eutanasiatik oinarrizko errentara... Gauzak ez dira berdinak izango aurrerantzean, guztiz okerragoak edo dezente hobeak baizik. Aterako gara, bai, baina pertsona bera izanda ere, ez gara berdinak izango. Gure gizartea eta mundua ere ezin izango dira orain artekoak izan. •