Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria

Globalizazioaren deseskalatzea

Ikasle batek komentatu du «Vitoriara» egin duela asteburuan gurasoekin bidaia. Barretxoa eragin du komentarioak, eta niri amatxi eta atautxi etorri zaizkit gogora, nola ezkon bidaia Donostiara egin zuten. Aurreko online klasean, infekzioen globalizazioa genuen mintzagai, eta harritu nau zenbat kostatu den “globalizazio” terminoa definitzea nerabeen artean... Gogoratu dut, garai horretan –“globalizazio” terminoa biralizatzen ari zenean, hain zuzen– klaseko pare batek besterik ez genuela noizbait hegazkinez bidaiatu.

Lerrook pandemiaren “pangaitik” immunizatu nahi izan ditut, baina apenas topatu dut irtenbiderik ohiko zientzia agerkarietan eta zientzia efemerideetara jotzea erabaki dut. Gaurko gaia globalizazioa izan behar zela argi ikusi dut berehala. Hegazkinekin jarraituz, atzoko egunez patentatu baitzuten Wright anaiek aireplanoa duela 116 urte, eta, biharko egunez, duela 44, Concorde hegazkinak Londres eta Washington konektatu zituen lehen aldiz. Maiatzaren 24az ere heldu zen lehen emakumea airez Ingalaterratik Australiara duela 90 urte, eta hamar urte geroago, errotore bakarreko helikopteroaren lehen proba arrakastatsua egin zen. Globalizazioa, baina, ez da soilik airez gorpuztu den fenomenoa, eta biharko egunak baditu efemeride mamitsuagoak.

1624ko maiatzaren 24an, adibidez, «erosi» ei zioten Manhattan uhartea Ienape jatorrizko herriari eta, 195 urte geroago, bertatik aterako zen Atlantikoa zeharkatuko zuen lehen baporea, batzuentzat globalizazioaren abiapuntu den traiektuan belaontziak ordezkatuz. Soilik 11 urte geroago, 1930ean, globalizazioaren fenomenoari lotzen zaion beste komunikabide garrantzitsu bat jarri zen abian Liverpool eta Manchester burdinbidez lotuz, eta, urte bereko maiatzaren 24an, trena abiatuko zen lehen aldiz Baltimorretik ere. Gure herria eraldatu zuen burdinak altzairuari bide eman eta zubiak eraikitzeko baliatu zen; altzairuzko kableak erabili zituen lehen zubi esekia bihar duela 137 urte zabaldu zen, Brooklyn Manhattan uhartearekin lotuz.

Eta hori guztia gutxi balitz, informazioaren globalizazioaren mugarri nagusi batek ere bihar du urtemuga, 176 urte betetzen baitira Samuel Morsek lehen mezu telegrafikoa bidali zuela, informazioaren aro berri bat zabalduz, eta, besteak beste, justu 121 urte geroago Erresuma Batua sistema metriko dezimala hartzera bultzatuz. Errematerako, biharko egunez duela 27 urte, Microsoftek Windows NT garatu zuen.

Jakina zen globalizazioa ekologikoki jasanezina zela, eta, infekzioak mehatxu bihurtu zaizkigunean, biodibertsitatea babestea ei da zoonosi berrien aurkako txertorik onena. Pertsonen mugikortasuna mugatzetik abiatu da globalizazioaren deseskalatzea, eta askok aldarrikatu dute elikagai eta oinarrizko materialen mugimenduak bide bera jarraitu beharko lukeela. Are, etxealdiaren eraginez zentralizatu eta homogeneizatzeko norabidea disparatu duten informazio eta kultur produktuei ere, tokiko alternatibak sortu eta indartuz aurre egin beharko genieke. Borroka garaia da, eta bai, jai garaia ere bai! Egiten ez dituztenek, ezin dituzte desegin, eta egiten dituztenak dira, hain justu, gauza berriak asmatzen espezialistak. Ez da urrun joan beharrik, ez da gehiegi behar... Herri biren arteko lepoan ezagutu ziren amatxi eta atautxi. •