Amagoia Mujika Telleria

«Te comería»

Oraingoak ez omen dira gu bezalakoak. Guk gorputzak ezkutatzen omen genituen eta, oraingoek, ahalik eta gehien erakutsi. Ez dakit. Lehengoak denak ez ginen berdinak eta oraingoak ere ez dira izango, noski. Lehen bezala orain, denetarik. Niri poza ematen dit neska gazteek beren gorputza ondo maitatzen dutenean eta, batez ere, gogoak ematen dien bezala ezkutatzen edo erakusten dutenean.

Han joan dira, galtza motzetan, bizikletak hartuta. Eta hanka ederrak dituzte, noski baietz. Zebrabidean auto bat geratu egin da, gidariak leihoa jaitsi du eta mantso-mantso «te comería» esan dio nesketako bati, «begietara begira-begira». Seko beldurtuta etxeratu dira, izozkia mikaztu zaie eta arratsaldea izoztu. «Begietara begira-begira» esan dio, oso serio, eta beldurtu egin dira. Nola ez dira beldurtuko ba!

Kalean libre ibiltzen ikasten ari diren garaian; garaiezinak, indartsuak eta askeak sentitzen diren garaian; han azaldu da betiko baboso tipikoa eta ttak, beldur dosi justua. Beldur dosi justua kalea ez dela ez askea ez segurua gogorarazteko. Zer uste zuten ba?

Gizonezko batek gosea duenean pintxoari begiratzen dion begiratu berarekin begiratzen zaituenean, horixe sentitzen zara, pintxo tentagarri bat. Norbaiten oinarrizko beharra ondo aseko lukeen gauza bat. Horregatik «te comería» hori.

Ze nazka eta ze amorrua. Zenbat belaunaldi gehiago beharko ditugu baboso-ekin bukatzeko? Ez dakit neska gazteak aldatu egin ote diren. Tamalez, erasotzaileak ez dira apenas aldatu. •