Nerea GOTI
politika

KANPAINA, PANDEMIA ETA UDA . Krisialdiari erantzuteko ereduak hautagai

EAEko hauteskunde kanpaina arraroa izango da aurtengoan edonondik begiratuta. Ezagutzen ez zen konfinamendu baten ondoren dator, pandemiaren erdian oraindik eta, lehen aldiz, deskonektatzeko erabili ohi den uda garai betean. Hori horrela, kanpaina diseinatzeko elementuak aletu ditu GAUR8k Gasteizko Legebiltzarreko lau indar nagusiekin. Jada gure artean dugun krisi sozioekonomikoari aurre egiteko ereduak izango dira trakzio elementu nagusiak eta teknologia berriak mezuak helarazteko tresnak. Hori bai, aurrez aurreko formatuak ez dira guztiz desagertuko.

Iñigo iturrate EAJ

 

«Egunez egun aztertu, ebaluatu eta birplanteatuko dugu egoera»

“Euskadi Zutik ¡Saldremos!” leloa du EAJren hauteskunde kanpainak eta Sabin Etxeko makineria topera dago lanean jada egunotan. Argi dago hauteskundeok ezberdinak izango direla, eta covid-19ari aurre egiteko segurtasun distantziek, maskarek, gelek eta edukiera kontrolek isla izango dutela ezinbestean. Baina, hala ere, EAJn tradiziozko formatu baten aldeko apustu sendoa egiten dute, kanpainaren martxaren egunerokoari begirik kendu gabe. «Ez dugu kanpaina telematikorik nahi. Ez diogu ekitaldiak egiteari uko egingo», nabarmendu du Iñigo Iturrate jeltzaleen kanpainaren arduradunak.

Gizartea kaleak berreskuratzen ari den honetan, «gu ez gara etxe barrura sartuko», azaldu du bitarteko telematikoak nagusitzeko aukeraren inguruan galdetuta Iturratek. Hala ere, nabarmendu du aurreko kanpainetan bezala, EAJren agerraldi publiko gehienak sareetan jarraitu ahal izango direla. Gaineratu duenez, beharrezko neurri guztiak hartuta, asmoa da herritarrengana hurbiltzea eta hauteskundeen mezua espazio publikora eramatea. Horregatik, helburua «ahal den neurrian kanpaina kalean egitea» da; hau da, aurrekoetatik ahalik eta gertuen dagoen kanpaina bat egitea. Hala ere, egoera konplexua da. Iñigo Iturratek onartu bezala, osasun larrialdiak hauteskundeen antolaketa baldintzatu du erabat, batez ere «denboren kudeaketari» dagokionez. «Guk, normalean, kanpaina hasi baino hilabete lehenago kanpaina antolatuta daukagu, ekitaldiak ia guztiz erabakita; zer egin, non, egitura eta programa osoa amaituta izaten dugu. Kasu honetan kanpaina faseka joan gara antolatzen, eta, gauzak aldatzen joan diren heinean, antolatzen eta erabakitzen joan gara», azaltzen du.

Egoerak duen «probisionaltasuna» eta «aldakortasunari» begira ere badago EAJren antolaketa taldea. «Badaukagu aurreikuspen bat, baina badakigu gauzak egun batetik bestera alda daitezkeela. Egunean-egunean pentsatu beharko ditugu gauzak, ikusita jendearengandik zer erantzuna dagoen, zenbat jende hurbiltzen den, zelango zailtasunak dauden... Egunero-egunero aztertu, ebaluatu eta birplanteatuko dugu egoera».

Formatu eta euskarriei dagokienez, eskura emateko propaganda gutxitu egin dute, kontaktu horiek saihesteko. «Eskuorriak eta boto paperak izango ditugu kalean. Mahai bat jartzen badugu, jendeak hartu ahal izango ditu, baina gu ez gara ezer ematera joango», aipatu du.

Jeltzalearen esanetan, «ekitaldien irudiak gure mezuarekin eta egoerarekin bat egin nahi du, eta, ildo horretan, eraikitzen dagoen errealitate bat irudikatu dugu». Plano horretan, mezuak «orain eta beti» izan duen lehen mailako garrantzia aldarrikatu du. Nabarmendu duenez, «mezuak momentu bakoitzean dauden kezka, buruhauste edo pentsaerei» erantzun behar die. «Pandemiak gogor jo du gure izaeran, gure bizimoduan, ondorio zuzenak utzi ditu guztiongan, osasunaren aldetik, ekonomiaren eta enpleguaren ikuspegitik, eta ziurgabetasunak mezua baldintzatzen du», gaineratu du. Pandemiak gizartearentzat suposatu duen «astinaldiaren» ondoren, «gure herria zutik jarri behar dugu, zerbitzu publikoak eta pribatuak martxan jarri behar ditugu, enplegua berdin... Hori guztia berreskuratzea da helburua».

Gaixotasunak eta udako deskonexioak ez du kanpainako lana erraztuko, baina Iturratek uste du, norberak bizi izan duen esperientziatik harago, «herri gisa ere asko pasatu» dugula, «eta horrek talde izaera indartzen du, horregatik, auzolanerako deia egiteko une aproposa da». Azken mezu bat ere utzi du Iturratek: «Krisi larri eta une latz asko pasatu ditugu lehenago ere, eta honetatik ere aterako gara denok elkarrekin. Gure kasuan, gure esperientzia, gure nortasuna eta gure lanerako grina gizarteari helarazteko gogoz daude».

Larraitz Ugarte EH Bildu

 

«Ikus-entzunezko euskarri gehiago jarri dugu jende gehiagorengana heltzeko»

«Jendea ilusionatzea eta aktibatzea» dira kanpainen erronka nagusiak, baina ate joka duguna ez da ohiko kanpaina bat. «Atipikoa» da konfinamendu baten ondoren eta pandemia baten erdian heldu delako, baita lehen adiz uda garaian egingo delako ere. Horiek dira Larraitz Ugarte EH Bilduren kanpaina arduradunak deialdi honi ikusten dizkion gako berezietako batzuk. Hala ere, herrietan «jendea animatuta» ikusten dute kanpainari aurre egiteko; koalizioa «gora doan indarra» dela badakite, baina abstentzio zer-nolakoa izango den da uneotan duten «inkognita» handia.

Maddalen Iriarte lehendakarigai duen koalizio subiranistaren kanpainak “Egiteko prest” du lelo nagusia. Ahalik eta herritar gehienengana heltzeko, EH Bilduk «euskarri teknologiko gehiago» erabiliko dituela azaldu du Ugartek: «Ikus-entzunezkoen aldeko apustua egin dugu, bai paretetan bai herrietan euskarri gehiago jarriko ditugu, herrietan bueltaka ibiliko diren beste elementu batzuk... Jendearengana hurbiltzeko saiakera berezia egingo dugu». Aldi berean, teknologia berriek pisua hartu dutela egiaztatu du. «Ikusi dugu ez dugula hainbeste mugitu behar eraginkorrak izateko eta teknologiek horretan laguntzen dutela; ez dituzte eztabaida markoak ordezkatzen, ezta aurrez aurreko harremanak ere, baina jarraipen handia dutela egiaztatu dugu».

Kanpainan elementu asko dira garrantzitsuak, eta «denek daukate eragina», bere ustez. «Mezua, antolakuntza, koordinazio lan handia, estrategia izatea, errealitate politikoaren azterketa ona egitea eta jendearekin konektatzea» aipatu ditu, besteak beste. Nabarmendu du herritarrek dituzten «kezka eta beharrei» erantzuteko premia dagoela, eta eskaintza hori landua eta «tasatua» izan behar dela, «garatu ahal izango duzuna eta hurrengo lau urteetako zure lanaren gida izango dena».

Testuinguru horretan kokatu du Ugartek programaren garrantzia. Planteatu duenez, bizi dugun egoera ez da edonolakoa, ez da «paradigma aldaketarik» egon, eta, ildo horretan, «koalizioaren planteamendu programatiko asko eta errealitateaz eginiko analisia ez dira aldatu», aldaketa «lehentasunen hierarkian» eman da. Zehaztu duenez, koalizioak beti defendatu du «sektore publiko indartsu» bat izatearen beharra, eta behar horrek «intentsitate handiagoa» hartu du orain.

Ugarteren ustez, osasun krisialdiak, Zaldibarreko zabortegian gertatutakoak, egoitzen kudeaketarekin gertatutakoak... egungo ereduaren ahuleziak erakutsi ditu: gizartearen begien aurrean jarri du «enpresa pribatuekin baina diru publikoarekin eta kontrol publikorik gabe lan egiten duen administrazio baten funtzionamendua».

Horrez gain, egoera ekonomikoaren larritasuna aipatu du. «Orain bagaude parentesi moduko batean, ziur aski hauteskundeak egitearekin oso lotuta dagoena. 68.000 lanpostu galduko direla esan dute, baina, gure aurreikuspenen arabera, 100.000 galduko dira eta horrek neurri berriak eskatuko ditu, lehentasunak enpleguan eta jendea babesteko. Horregatik plan berezituak egin ditugu».

Mezua plazaratzeko moduari dagokionez, Ugarteren ustez covid-19ak erakutsi du «kultura demokratiko eskasa daukagula». «Hor daukagu irrati-telebista sistema publiko bat Jaurlaritzaren eta alderdi zehatz baten beharren arabera funtzionatzen duena. Horrekin lan egin behar izan dugu azken hilabeteotan; EAJren tesi guztiak izan dira mahai gainean eta besteok aukera oso eskasak izan ditugu».

«Kanpaina honetan lehia nagusia argia» dela uste du, «bi proiektu politikoren arteko lehia da, edo orain arteko errezetak edo gauzak beste era batera egin daitezkeen konfiantza eragin dezakeena», nabarmendu du.

Bestalde, covid-19arekin lotuta, hautagaiek eredugarri izan behar dutela uste du Ugartek, hau da, ekitaldietan gorde beharreko distantziak, edukierak eta osasun protokolo guztiak zorrotz bete behar dituztela. Aurreko deialdirako aurreikusita zeuden formatu eta euskarri batzuek baliogarriak izaten jarraituko dutela uste du, baina berriak eta ezezagunak diren faktore asko ere izango dira. «Euskarri batzuek balio digute, baina, esaterako, herri honetan ez da berdina hauteskundeak apirilean edo uztailean izatea, eta horretara moldatu behar izan ditugu formatu batzuk. Zentzu batean errazagoa izan da agian, baina egokitzapen txiki asko egin behar izan ditugu ordutegiekin, oporrekin...», amaitu du.

Javier Ezkerekotza Elkarrekin Podemos-IU

 

«Bitarteko telematikoak nagusitu dira; jarraipena hirukoiztu ere egin daiteke»

Javier Ezkerekotzak Donostiatik erantzun du GAUR8ren telefono deia, Elkarrekin Podemos-IUk diseinatu duen hauteskunde kanpaina bereziaz hitz egiteko. “Gobernatzeko prest” leloa du Miren Gorrotxategi lehendakarigai duen koalizioaren kanpainak. Ezkerekotzak aipatu duen lehen ideiak ekitaldiak egiteko espazioen kudeaketa konplexuarekin du zerikusia. «Guk gure buruari zenbait iragazki ezarri dizkiogu eta saiatuko gara oso edukiera mugatuekin gauzak egiten, baita oso gauza gutxi egiten ere», zehaztu du. «Arazo nagusia da ekitaldiak murriztu behar dituzula, eta, horietako asko, aurrez aurre jendea hartzera baino, komunikabideen bitartez edo sareetan oihartzuna lortzera bideratuta daudela».

Bitarteko telematikoen aldeko apustu garbia da Elkarrekin Podemos-IUren kanpainaren ezaugarri nagusietako bat. «Konfinamenduan zehar hitzaldiak egin ditugu, formakuntza izaerakoak batez ere, eta ohiko mintzaldi arrunten ikusle kopurua hirukoiztu dugula antzeman dugu; ohiko hitzaldi batera 50 edo 100 lagun joaten baziren, orain 150-200 lagun izaten dira Internetera konektatuta. Ekitaldira bertaratu ezin duenarentzat ere aukera bat da, aurrez grabatutako saio bat jarraitzeko aukera dagoelako», komentatu du.

Ezkerekotzaren ustez, covid-19ak hainbat ohitura aldaketa azkartu ditu, eta teknologia berrien erabilera da horietako bat. «Bagenekien guztiok berandu baino lehen era ez tradizionalean lan egiten hasiko ginela, teknologia dagoeneko gure artean dagoelako eta erabiltzen eta aprobetxatzen jakin behar baita. Pandemiarekin behartuta sentitu gara eta ekin diogu», nabarmendu du. Onartu duenez, «zerbait berria denean, beldur puntu bat dago, baina kasu honetan betebeharra zen, ez zegoen beste aukerarik eta frogatu dugu emaitza tradizionalki egiten genuenarena baino askoz hobea ere izan daitekeela».

Kanpainako ekitaldien jarraipenaren kontura, aipatu du edukiera aurretik mugatzeko formuletan ari direla lanean. «Bertaratzen denak jakin behar du agerraldira sartu ahal izango duen edo ez, alperrik joan ez dadin. «Oreka bilatu behar dugu jende pilaketak saihesteko», nabarmendu du.

Kanpainan gogor baldintzatuko duen aldagaietako bat da herritarren kutsatzeko beldurra izango da zalantzarik gabe. Horregatik, osasun neurriak zorrotz betetzearen garrantzia azpimarratu du. «Arauak betearazi behar ditugu, zoritxarrez nahiko gauza desegokiak ikusten ari garelako».

Bestalde, mezuari berari eman dio garrantzi berezia Ezkerekotzak. Bizi dugun egoera berezia barneratuta, Elkarrekin Podemos-IUn «jendea ilusionatzen eta arduratzen» saiatzen ari direla azaldu du: «Aurrez aurre ditugun arazo larrientzako soluziobideetan sakonduko duen eredua eratzea da helburua. Hori da erabiliko dugun elementu nagusia, ez dago besterik», adierazi du. Ideia horrekin lotuta, donostiarrak onartu du ilusioa pizteko une zaila dela: «Hauteskunde hauek duten garrantzia zalantzak jartzerik ez dagoen arren, jendeak beste arazo batzuk baititu buruan uneotan. Gertatuko denaren aurreko kezka dago batetik, eta, bestetik, deskonektatzeko gogoa; bizitakoaren ondoren burua oporretan du jendeak eta horrek eragina izango du».

Ezkerekotzaren iritziz, «kalean antzematen da desajuste eta desblokeo moduko bat dagoela», eta horrek gauzak asko zailduko dizkie alderdi guztiei kanpainan zehar. «Jende askok hauteskunde dinamikan sartzeko zailtasunak izango dituela agerikoa da». Gogoratu duenez, pertzepzio hori izan zen, hain zuzen ere, deialdia une honetan ez egitea eskatzeko arrazoia, ez zutelako ikusten une egokiena zenik.

Hala ere, hauteskundeak uztailaren 12rako deitu dira eta errealitate horretara egokitu beharra dagoela dio Ezkerekotzak. Horregatik, «beti garrantzitsua den leloak», hauteslea konektatu behar duela aipatzen du, «problematika sozioekonomikoa ikustaraziz». Dioenez, herritarrak jabetu behar dira jokoan dagoela hurrengo lau urteetako egoera. «Hauek ez dira hauteskunde normalak. Hitz egiten ari gara soluziobiderako proiektu baten garapenaz, eta proiektu horrek benetan gehiengo soziala defendatzen duenaren esku izan behar du», nabarmendu duenez. Euskal herritarrek duten «kultura politikoan» eta erakutsitako «arduran» du «itxaropena», jokoan bizitza proiektuak daudelako.

Miguel Angel Morales PSE

 

«Ikusi dugu teknologia berriek erantzun ona dutela; trebezia berezirik ez dutenen artean, Whatsappak»

Miguel Angel Morales buru duen lantaldeak gidatuko du Idoia Mendia PSEko lehendakarigaiaren kanpina, “Soluciones. Erantzunak” lelopean. Kanpaina diseinatzen ibili den taldeak aipatu kanpainaren hasiera dataren inguruko «ziurgabetasunak» eragina izan duela euren lanean. «Aurreikus zitekeen noiz izango ziren hauteskundeak, baina ez geunden %100ean seguru». Behin hitzordua jarrita, ekitaldien edukierari eta mitinetan gorde beharreko segurtasun neurriei lehentasuna emateko ordua iritsi da; osasun egoerak ekarriko dituen aldaketak aldaketa, ohiko formatuko agerraldiak alboratuko ez dituztela aurreratu du Moralesek.

PSEn bi ekitaldi mota aurreikusi dituzte. Batetik, Idoia Mendia lehendakarigaiak beste hautagai batzuekin eginikoak, «izaera sektorialagoa» dutenak, osasungintzaren, hezkuntzaren edota industriaren ingurukoak, besteak beste. Bestetik, ekitaldi handiagoak ere aurreikusten dituzte, Pedro Sanchez Gobernu espainoleko presidentearen parte hartzea izango duten hitzorduen gisakoak. «Lehenak errazagoak dira antolaketaren ikuspuntutik, espazio txikiagoetan egiten direlako, ia publikorik gabe, gehienbat komunikabideentzat. Ekitaldiotan segurtasun distantziak gordetzea izango da zaindu beharrekoa. Beste ekitaldiak, parte hartze handikoak, konplikatuagoak dira orain; edukiera kontrolatu beharko dugu, publikoa jazarrita egon beharko da...», azaldu du Moralesek.

Ekitaldi handiago horietan parte hartzea kontrolpean izateko formulak aztertzen ari dira, eta, militantziari egin ohi zaion deialdi zabala egin beharrean, bertaratuko diren horiei zein ordutan eta zein baldintzak betez egin behar duten jakinarazteko bideak aztertzen ari dira. Kanpaina hasi aurreko ekitaldia Gasteizen egin zuten, «eta entsegu baten modukoa» izan zen. Hesiak baliatu zituzten espazioak mugatu, sarbideak kontrolatu eta parte hartzaileei jarraibideak emateko.

Pandemiak eragindako egoera bereziak edo hauteskundeak udan lehen aldiz egiteak zailtasunak ekarriko baditu ere, Moralesek uste du «ariketa demokratiko ona» izango dela guztiontzat. «Kanpaina uneotan nola egingo dugu esaten da, baina guk uste dugu alderdiek beraien programak eta proposamenak plazaratzea ariketa demokratiko bat dela. Gainera, inkesten arabera, abstentzioa ez da izango katastrofista batzuek aurreikusitakoaren tamainakoa», aipatu duenez. Horren inguruan posta bidezko botoa asko igotzen ari dela nabarmendu du Moralesek. «Horrek adierazten du jendeak bozkatzeko interesa daukala, interesik egongo ez balitz, jendea ez litzateke tramitea egiteaz kezkatuko».

Berez ez dira baliabide berriak, baina, bizi dugun egoeran, bide telematikoek pisu handiagoa izango dute PSEren kanpainan. Konfinamendua arintzen hasi aurretik, mugikortasuna oraindik mugatuta zegoenean, alderdikideak hasi ziren jada Skype edota Zoom moduko erremintekin bideokonferentzia bidezko bilerak edota konferentziak egiten. «Ikusi dugu oso erantzun positiboa dutela. Pedro Sanchezen Donostiako ekitaldian, esaterako, 150 lagun elkartuko dira, baina jende askok ekitaldia jarraitu nahi izango du eta guk aukera eskaintzeko ahalegin hori egingo dugu», adierazi du Moralesek.

Lantaldean Whatsapparen garrantzia nabarmendu dute. «Oso ondo funtzionatzen du teknologia berrien erabileran oso trebeak ez diren lagun askoren artean». Diotenez, sare sozialek ondo funtzionatzen dute, baina «benetan funtzionatzen duena ezagun batek bidaltzen dizun bideo hori da, artxibo hori lortzeko ez delako beharrezkoa sareetako militantzia hori».

Mezuaren inguran, Moralesek nabarmendu du ez zutela programa aldatu nahi izan, baina, hori bai, “Berreraikitzeko oinarriak” izenburudun dokumentu bat plazaratzea erabaki dute epe laburrean, hau da, «hemendik abendura», hartu beharreko neurriekin. Osasungintza, automobilgintza edota ikerketa eta formakuntzari lotutako neurriak izango dira kanpainako ardatzak, eta, horrez gain, «egin dugun kudeaketa defendatuko dugu, Gobernu zentralean eta Eusko Jaurlaritzan egin duguna. Horretan ez da aldaketarik egon aurreko deialditik honetara».