Isidro Esnaola

Liberalen legeak Estatuaren esku hartzea murrizteko

Larrialdi egoera altxatuta, medikuntza premiak bigarren maila batera pasatu dira eta behar ekonomikoak, berriz, lehenengo lerrora datoz. Hilabete hauetan dirutza gastatu behar izan du Estatuak itxialdi orokorra mantendu ahal izateko; eta oraindik baliabideak gastatu beharko ditu. Gainera, testuinguru ekonomikoa ziurgabetasunez beterik dago. Hurrengo hilabeteetan ekonomiaren bilakaera nolakoa izango den aurreikustea oso zaila da, baina, oro har, eboluzio kaxkarra izango duela hautematen da. Hori dela eta, sektore ekonomiko ia denak laguntza gehiago eskatzen ari dira. Ez hori soilik: orain arte Estatuak onartu dituen laguntza lerroak ez omen dira nahikoak; diru gehiago nahi dute. Egoera benetan xelebrea da: Estatuak ekonomian esku hartzea ukatzen dutenek haren inplikazioa nahi dute orain. Dirua jasotzeko beti daude prest enpresariak; hori bai, euren ekarpena handitzeko eskatzen zaienean, enpresen deslokalizazioaren ohiko mehatxua entzuten da.

Estatuaren esku hartzearen aldeko bat-bateko jarrera hori ez da berria. Beti gertatzen da gauzak okertzen direnean. Interesgarria izaten da erabiltzen den justifikazioa: egoeraren larritasunak agintzen du Estatuaren esku hartzea. Ez besterik. Inorentzat ez da arraroa hori eskatzea. Oso barneratuta dugu Estatua dela azken babes sarea. Hori bai, gauzak zuzentzen direnean, berriz hasten dira askatasuna eskatzen eta Estatuaren esku hartzea murrizten. Teoria bitxiak erabiltzen dituzte horretarako, adibidez, Sayren Legea. Jean-Baptiste Say frantses ekonomialaria eta enpresaria izan zen eta Adam Smithen jarraitzailea. Berak formulatu zuen “legeak” hau dio gutxi gorabehera: eskariaren tamainak finkatzen du ekoizpena, hots, ekoizteak berak sortzen du eskaria. Ideia horren zuzentasunaren bueltan eztabaida eskolastiko amaigabeak egin dituzte ekonomialariek.

Kontua ez da zuzena den ala ez, baizik eta “lege” horrek dituen ondorio praktikoak. Hasteko eta behin, hori horrela bada, merkatuak ez du inolako esku hartzerik behar, are gutxiago Estatuarena. Horregatik liberalek Sayren Legearen zuzentasuna irmoki defendatu dute eta sutsuki egin dute Gobernuak jarduera ekonomikoan esku hartzearen aurka. Hori horrela izan zen Depresio Handia iritsi arte. Orduan, John Maynard Keynesek esan zuen orokorrean gauzak horrela zirela, baina zenbait kasutan arazo txiki batzuk sortzen zirela eta kasu horietan egokia zela Estatuak ekonomian esku hartzea. Keynesen emendakin partzialak beste esku hartze zabalago baterako bidea ireki zuen. Reaganek eta Thatcherrek, berriz, buelta eman zioten Estatuaren esku hartzeari. Eta, horrela, jira eta buelta, gaur egun arte.

Sayren Legea tontakeria bat da, baina, antzeko beste “lege ekonomiko” batzuek bezala, jokoa eman dezake posizio politiko zehatz batzuk justifikatzeko, esate baterako, Estatuak ekonomian egiten duen esku hartzea murrizteko. Eta horretarako erabiltzen dira batere lotsarik gabe. Pandemiak erakutsi digu Estatuaren rola ekonomian ez dela soilik azken babes sarea izatea; horrez gain, jarduera ekonomikoaren antolaketaren oinarria da: funtsezkoa da bere jarduna kredituan, hornikuntzan, prezioen finkapenean, zaintzan eta beste hainbat zerbitzutan. Hori da, hain zuzen ere, krisi honek utzi digun irakaspen nagusia. Gogoratzea komeni da, laster hasiko baitira Estatuaren esku-hartzea mugatu nahian. •