Mikel Zubimendi Berastegi

Argi-itzaletan nabarmentzen dira munstro eta sorpresak

Erraza da pandemia betean botoa ematea hil ala bizikoa dela esatea; zaila, oso zaila, ulertzea. Erraza da esatea jokoan asko dagoela, baina zaila, oso zaila, jokalari izatea. Ezustea eta ezjakina jaun diren lurraldean, fedezko ekintzak lehendakari. Ez dugula ia ezer ez ulertzen ulertzea gogorra baita, gure existentzia periferikoa eta oso hauskorra dela barneratzea. Joan dira ziurtasunak, agur. Arrakalatu zaizkigu mugiezinak zirela uste genuen lehentasunak, kontraesan printzipal eta bigarren mailakoak, ez gara lehengoak, ja ez gara joan eta bertan gozokoak, orain besteen biriketan bizi gara, eta besteak, gure biriketan.

Gaur bederatzi, pandemia betean, botoa ematera deituak gaude. Inoiz ezagutu ez diren hauteskunde atipiko, ezohiko, eta, era berean, arrunkeriaz beterikoenetan. Ilun dago denean eta ez da argirik ikusten. Urkullu non-stop dagoen telebista publikotik sorpresarik ez dela aurreikusten esaten digute, ez dela larritzekoa, ez dela hainbesterainokoa, ezagun egingo zaigula emaitzek utziko duten panorama. Gordin-gordin esaten digute gainera, dena lotua dagoela, dena determinatua dela, normal-normal joango dela dena… «eta eman botoa PNVri!»

Hori esaten ari direnek ere ez dute hori sinisten. Bai baitakite maiuskulazko “x” bat dagoela ekuazioan, arnasa estutzen digun korapilo estu bat bezala, azken emaitza jakitea ezinezko egiten duena. Eta ez naiz ari halako alderdiak hainbat legebiltzarkide aterako dituela edo honek gora eta besteak behera egingo duela. Alderdien emaitzak dira horiek, ez azken emaitza. Ez dago jakiterik zer etorriko den, datorrenak gure alde edo kontra egingo duen, argi-itzalen aroan sartuta gaudelako eta argi-itzaletan nabarmentzen direlako munstro eta iraultzak. Ez dago esaterik; usaindu daiteke aldaketa datorrela, handia, sakona, eta harekin engaiatu beharra dago, nahitaez. Egokitu eta asmatu, existitzen ez diren soluzio eta jokaldiak egiten asmatu, hartu behar diren erabaki eta egin behar diren ekintzetan, asmatu.

Maskararen politika, distantziazko kanpaina… dena da oso arraroa. Ondo edo gaizki egoteak ez du asko axola, dagoena dago eta dagoenarekin egin behar da. Hauteskunde batzuetarako baino pausatzeko garaia ote zen orain ez da eztabaidatu behar. Egoera berrietan, normala ere badenez, denak daude, denak gaude, apur bat ortopediko, haratago ikusi eta urrutiago pentsatzeko beharrean. Baina ez da erraza. Saturazio handia dago, birusaren informazioarena, Jaurlaritzaren propaganda obszenoarena, eta airea behar dugu, beste freskura bat, barrukoak kanporatzeko, gogo-mirak eta horizonteak zabaltzeko. Eta zaila da, izango ez da ba!

Ez dago esaterik zalantza-dantza honetan EH Bilduk segurtasun denak ekarriko dizkigula. Baina gauza asko emango dizkigula, horretan ez dut zalantzarik. Jendearekin zintzo, jendearekin beti, segurtasun hori badugu, jende ona, saiatua eta ondratua dela. Eta uste dut sorpresa ekarriko digula, zailtasun guztien erdian, benetan serio, ohiko jendetik oso urrun ailegatuta dabilelako. Argi-itzaletan ere nabarmentzen direlako sorpresak. Gustura emango diot botoa EH Bilduri, gustura eramango dut nire jendea botatzera, gustura, eta uste baino errazago, animatu ditut zalantzati zeuden bi minkide bozkatzera.

Asko egongo da jokoan agian, baina joko asko dagoela partida ero honetan, hori ziur, eta Maddalen kapitain, oso ekipo lehiakorra dago. Erne! •