11/07/2020

Reportaje
 
1939ko sanferminak, errepresioaren eta minaren gainetik
Juantxo EGAÑA
0711_behatxulo

1939an amaitu berria zen gerra zibila. Nafarroan 1936tik matxinatuen errepresioa ikaragarria izan zen. 1939an, militarrek eta haien ingurukoek sanferminak ospatu zituzten, herritar askoren errepresioaren eta saminaren gainetik. 3.000 nafar baino gehiago hil zituzten aurreko urteetan, horietako 300 Iruñean bertan. Desagertuak eta espetxeratuak ere asko ziren. Alkatea Tomas Mata karlista zen. 1939ko urte horretan txupinazoa Gaztelu Plazatik bota zen, ohikoa zen bezala. Joaquin Ilundain zinegotzia izan zen txupinazoaren metxa piztu zuena. 1931 eta 1936 bitartean, Errepublika garaian, Juan Etxepare Aramendiak jaurti zuen suziria. Gerra zibilaren hasieran matxinatuek hil egin zuten. Garaiko prentsak, sanferminetako beste ekitaldi bat gehiago balitz bezala, Artaxoako erreketeei egindako omenaldia nabarmentzen zuen, baita Rodeznoko kondea eta Juan Antonio Suanzes bezalako ministro frankistak eta Rafael Garcia Valiño espainiar armadako jenerala zezenketetara joan zirela ere. Franco Gipuzkoako seme eta Irungo ohorezko alkate izendatzea egun horietako beste albiste batzuk izan ziren. Horiez gain, Mussoliniren suhia eta Galeazzo Ciano Italiako Kanpo Arazoetako ministroa Donostiara iritsi zirela jakinarazi zuen prentsak, Serrano Suñer ministro frankistarekin batera. Horixe zen giroa. Goiko irudia 1939ko uztailaren 7ko goizeko entzierroan egina dago. Argazkiaren egile gisa Donostian bizi zen Pascual Marin tuterarra azaltzen da. Ziur aski, baina, bere argazkilaritza-negozioko langileren batek egingo zuen argazkia; izan ere, Pascual Marin galdutako bala batek zauritu zuen 1937an Gernika inguruan, eta eskuineko besoa erabili ezinik geratu zen bizitza osorako.