Ander Gortazar Balerdi - @andergortazar
Arkitektoa

Tabako egunak

Mudantza bat ez da drama bat, baina bada sintoma bat. Tobacco Days liburu dendak Tabakalera utzi eta 700 metrora irekiko ditu berriz ateak, Gros auzoan, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa liburu dendarik gabe utziz. Erabakiaren arrazoiaren zaurian piko egin gabe, porrot txiki baten moduan ikusten dut. Porrot ñimiñoa halako eraikin erraldoi batentzat? Nondik begiratzen den.

Tabakalerak bost urte beteko ditu irailean, handitan zer izan nahi duen oso garbi izan gabe. Hitz potoloak bai –produkzioa, pentsamendua, arte garaikidea, ikus-entzunezkoak–, baina horiek guztiak lotuko dituen hari koherente bat topatzea gero eta gehiago kostatzen da. Badira, bai, erakusketak, eta zinema-programazio duin bat eta zine-eskola, eta liburutegi berritzaile bat eta tailerrak. Bulegoak ere franko, gehienak kultura munduarekin zerikusia duten instituzioenak, bizpahiru denda –hiru lehen, bi orain– eta ostalaritza eskaintza arrakastatsu bat. Eta hotel bat. Baina horiek guztiak proiektu ulergarri baten aterkipean biltzeko saiakerak huts egiten badu –eta ez al da hori gertatzen ari?–, Tabakalera ez da funtzioz betetzeko zailtasunak dituen espazio handiegi bat baino. Bisitan etorri ziren lagun poloniarren begirada intuitiboaren arabera, «eraikin huts handia». Horratx arrisku bat.

Positiboa al da hirian, deszentralizatuta, funtzionatzen zuten hainbat ekimen autonomo kaxa handi berean zentralizatzea? Garai batean boladan zegoen “sinergia” hitza, agian orain beste hitz bat da modan dagoena.

Bosgarren urteurrena ate-joka dugun honetan, testuinguruari erreparatzea ere komeni da, etor daitekeenari aurrea hartzeko soilik bada ere. Abiadura handiko trenaren geltokiaren lanak berehala dira hastekoak, inguruari zentraltasun are handiagoa emango diotenak. Geltokiaren estalkiak plaza erraldoi bat sortuko du Tabakalera gainean eta, eraikinarekin nolabait lotzen ez bada behintzat, apenas izango du funtzionatzeko aukerarik. Ikusi beharko da ea eraikinaren proiektu arkitektonikoa hori erraz onartzeko gai den ala ez. Hor bada aukera bat, baina baita beste arrisku bat ere, eraikina pixkanaka geltokiaren gorputz-adar bat bilakatzekoa. Era berean, Tabakalera hegoaldean ordenazioz kanpo dauden hainbat eraikin daude, esperoan, higiezinen presioa noiz konplitu zain, eta hor proposatuko den horrek ere eragingo dio Tabakalerari.

Autobus eta abiadura handiko trenaren geltokiak, Egiako pasabideak eta Tabakalerak hiri-pieza berezi bat osatzen/osatuko dute. Aldaketa konstantean egongo den organismo bizi baten tankerakoa imajinatzen dut eta, beste hirietako antzeko adibideak buruan, interes, inertzia eta estrategia ezberdinen arteko batailatxo konstante baten moduan ere bai. Kultura, etekin ekonomikoa, turismoa, zerbitzu publikoa, mugikortasuna, kontsumoa, produkzioa eta beste hainbat aktore nor baino nor, hiri-pieza hori haien beharretara lerratzeko lehian. •