GAUR8
ARRISKUA ARTIKOAN

Errusiako Artikoan gertatutako erregai-isurketa handiak agerian utzi ditu klima aldaketaren arriskuak

Maiatz bukaeran Artikoan gertatu zen istripuak –zirkulu polarrean izandako larriena, 21.000 tona diesel isuriz– klima aldaketak Errusiari aukera ekonomiko handiak eskaintzeaz gain arrisku larriak ere ekar diezazkiokeela agerian utzi du. Kalte ekologikoak eragin ez ezik, permafrostaren urtzeak azpiegitura asko suntsi ditzake.

Errusiako Ipar Handian ur-laster batean isuritako 21.000 tona erregaik «larrialdi egoera» ezartzera behartu ditu agintari errusiarrak. Errusian gertatutako bigarren isurketa toxiko larriena izan da, eta errusiar Zirkulu Polarrean izan den larriena.

Aldi berean, ekologisten eta bertako biztanleen kezka eragin du, inguruko lurrak eta ibaiak kutsatu zirela-eta. Greenpeace erakundeak esan duenez, Artikoan tamaina horretako lehenengo istripua izan da eta duela hiru hamarkada Alaskako kostaldearen aurrean “Exxon Valdez” zisterna-itsasontziaren isurketaren parekoa da.

Izan ere, maiatzaren 29an izandako isurketaren ondorioz, 21.000 tona diesel erregaik inguruko lurrak eta ibaiak kutsatu zituzten.

1994ko uztailean Errusiako Komi Errepublikan oliobide batean gertatutako matxurak bakarrik gainditzen du isuri hau, 94.000 tona petrolio kutsatu Barents itsasora iritsi zirenean.

WWF erakunde ekologistak zabaldutako satelite irudiek erakutsi zituzten erregaiak sortutako orban gorri handiak, Ambarnaia bertako ibaia estaltzen zutenak. Herritarrek ere sare sozialen bidez kutsatutako ur-lasterren bideoak argitaratu zituzten.

WWF pozik agertu zen isurketa kontrolatzeko lanak martxan jarri zirelako eta hesi flotatzaileen bitartez kutsadura geldiarazi zutelako. Horrela, Norilsketik (Ekialdeko Siberia) hurbil dagoen aintzira handi batera ez iristea lortu zuten. Kutsadura Norilsketik kilometro batzuetara dagoen zentral termiko bateko erregai-gordetegi bateko jarioak sortu zuen.

Diesel biltegi batean hasi zen istripua. «30 bat urte zituzten zutabeak bat-batean erori eta biltegia kaltetuta gertatu zen isurketa», azaldu zuen Nornickel meatzaritza enpresaren jabeak. Nornickel NTEK zentral termikoa ustiatzen du.

Norilsk industria-hiri osoa permafrostaren gainean eraikita dago, klima aldaketak eragindako izotzaren urtzeak mehatxatuta. Eta oso litekeena da istripuaren arrazoia Lurraren berotzea egotea.

Agintariek eta ekologistek hasiera batean ez zuten istripuaren arrazoiaren gaineko argibiderik eman, ezta klima aldaketarekin zerikusia duen argitu ere.

Krasnoiarsk eskualdeko fiskalak adierazi zuen «larrialdi egoera» naturala izan zela. Aldi berean, «lurraren kutsaduragatik» ikerketa bat abiarazi du.

Ikerketa batzorde errusiarraren arabera, «20.000 tona hidrokarburo isuri ziren 350 metro karratuko esparruan».

NTEK enpresako zuzendari Serguei Lipinek esan zuenez, 90 langilek osatutako talde batek 500 metro kubo petrolio-produktu garbitu zuten.

Rospotrebnadzor errusiar osasun agentziak, bere aldetik, adierazi zuen ez zuela aurkitu kutsadurarik geruza freatikoetan.

Hala ere, WWFk uraren kalitatea behatzea eskatu du, gai toxikoak erreserba naturaletara iristea galarazteko.

Gobernuaren erreakzioa

Istripuak Vladimir Putin presidente errusiarraren esku- hartzea behartu zuen. «Egoera modu operatiboan konpontzea ez ezik, beharrezkoa da kaltetutako ekosistema berregitea, posible den neurriraino», adierazi zuen.

«Are garrantzitsuagoa da, Artikoa natura hauskorra dela kontuan izanik», gaineratu zuen.

Putinek adierazi zuenez, lan handia egin dute egoera kontrolatzeko eta kutsatutako lurraldeak garbitzen hasteko.

Hala ere, etorkizunean horrelako istripuak berriro gerta ez daitezen neurriak hartzera deitu zuen. Naturaz arduratzen den Rosprirodnadzor estatu-erakundeko presidente Svetlana Radionovak iragarri zuen uztailetik aurrera errusiar Artikoan kokatutako 426 enpresa ikuskatuko dituztela.

Bestetik, Nornikel enpresak –isuria eragin zuen termoelektrikaren jabeak– bere instalazioetan dituen hidrokarburo biltegi guztiak aztertuko dituela adierazi zuen. Rostejnadzor estatu-segurtasun konpainiarekin batera egingo du lan hori.

Ikuskapen horretan Nornikelek 36 milioi dolar erabiliko ditu aurten eta beste 159 milioi, 2021ean.

Vladimir Potanin enpresako zuzendariak adierazi zuenez, ikuskapenak «ahulgune guztiak» aurkitzeko helburua izango du eta uztailaren 24an bukatuko da.

Ekainaren hasieran hasitako operazioan, isurketaren ondorioak arintzeko eta dieselak Daldika eta Ambaranauya ibaietatik aurrera ez egiteko lanetan parte hartu zuten Nornikel enpresak, Larrialdietako Ministerioak eta hainbat petrolio-enpresak.

Presidentearekin izandako bileran, Evgueni Zinichev Larrialdietako ministroak azaldu zuen ordura arte 32.000 metro kubiko diesel ur-disoluzio eta 103.000 metro kubiko lur kutsatu jasoak zituztela.

Kutsatutako soluzio hori ibaiaren ur-bazterretan kokatutako 103 tanga hermetikotan gorde zuten. Lurra, berriz, itxitako hangarretan.

Berotze globalaren ondorioa

Norilskeko isurketa erraldoiak agerian utzi du izoztutako ekosistema ahuletan eragin handia duen klima aldaketak, Errusiari aukera handiak eskaintzeaz gain –Artikoan jarduera ekonomikoa suspertzeko–, arrisku larriak ere sortzen dituela.

Izan ere, ekologo eta ikertzaileen arabera, berotze globala izan daiteke Artiko errusiarrean gertatutako ezbeharraren iturburua.

Kremlinen bozeramaile Dmitir Peskov-ek argi utzi zuen istripuak ez duela geldiaraziko eskualde hau ustiatzeko asmoa. Hala ere, oztopatu oztopa dezake.

«Klima aldaketak asko eragiten dio Artikoari, tenperatura munduko gainerako lekuetan baino azkarrago igotzen da, permafrosta urtu egiten da eta industria-, garraio- eta gizarte- azpiegitura suntsitu egiten da», azaldu du Vasili Yablokov Greenpeacek Errusian dituen klima eta energia proiektuen koordinatzaileak, isuriaren arrazoien inguruan.

Hain zuzen, ekainean Errusiako Zirkulu Polarreko hiri batean 38 gradura iritsi zen termometroa. Behin betiko baieztapenaren zain, Munduko Meteorologia Erakundeak marka berri bat dela adierazi zuen.

30 gradu inguruko tenperaturak Artikoan udan arraroak ez badira ere, Artikoa munduko batez besteko berotze mailaren bikoitza pairatzen ari da, erakunde horrek dioenez. 38 graduko errekorra, gainera, sute handien eta bero siberiarra izan den denboraldi luze baten ondoren gertatu da. Eta elur gutxiko udaberri baten ondoren.

Izan ere, maiatzean Siberiako toki askotan tenperatura batez bestekoa baino 10 gradu beroagoa izan zen. Eta ikertzaileen arabera, ezohiko bero horrek eragin zuen planetako ipar hemisferioan inoiz erregistratutako maiatzik beroena.

Yaboklovek azaldu zuenez, istripuaren arrazoi nagusia permafrosta urtzea izan zen, matxuratu zen erregai tangaren zimenduak kaltetu baitzituen, baina beste faktore batzuk ere badaudela adierazi zuen.

«Instalazioaren ustiapen arduragabea izan den kasu nabarmena da, duela bi urte konpondu behar zen eta», esan zuen.

Oleg Anisimov klima aditua are kategorikoagoa izan zen, istripua berotze globalaren aurrean kontingentzia-politikarik ez dagoelako gertatu zela esanda.

«Klima aldaketa existitzen da eta ondorioak dituen seinalea da», nabarmendu zuen zientzialari errusiarrak.

«Ez du merezi (...) zabarkeria non egon zen bilatzea. Jendeak indarrean zeuden aginduak bete zituen, baina horietan ez da ezer esaten klima-aldaketari buruz, hori da arazoa. Herriaren zuzendaritzak klima aldaketari buruzko erabakiak hartzeko beharraz hausnartu behar du», gaineratu zuen.

Zientzialariak gogora ekarri duenez, duela 20 urte ezaguna zen berotze globalak eragina izango zuela Artikoan, baso-suteen kopuruak gora egingo zuela, iparraldeko itsas ibilbidea irekiko zela eta permafrosta urtuko zela.

Anisimovek adierazi zuenez, beste herrialde batzuetan ez bezala, klima beroagoekin eta berotze globalak ekarriko lituzkeen bero eta lehorteekin, Errusiak «zentzu askotan» irabazia izan zezakeen.

«Siberiako ibaiak emaritsuagoak dira, nekazaritzarako aukera gehiago daude. Iparraldeko itsas ibilbidean ere nabigazioa irekitzen da. Baina aukera horiek guztiak potentzialak dira. Lan egiten ez bada, ez dute ezer emango», azaldu zuen.

Arazoak doakoak dira

Egoera horri etekina ateratzeko, ahalegin material eta finantzario handia egin behar da, eta baldintza berrietara egokitutako azpiegitura eraiki behar da.

Klimari lotutako arazoak, berriz «bakarrik datoz», ahalegindu beharrik gabe eta inolako inbertsiorik gabe.

Hori dela eta, Vladimir Putin Errusiako presidenteak zabaltzen diren aukerez hitz egin zuenean, «bigarren zatia ahaztu zuen», klima aldaketaren ondorio negatiboekin lotutakoak.

«Norilsken gertatutakoa normala da egoera honetan. Eskerrak ez zen bizitzarik galdu, etxebizitza-eraikin bat izan zitekeen eta. Gertatutakoa hondamendi ekologikoa da, baina ez da hilgarria», esan zuen. Bere esanetan, isuritako hidrokarburoak «substantzia naturalak» dira, ez dira pestizida edo pozoia.

Eta dieselaren kutsadurak urteetan iraungo duen arren, «ez da konpondu ezin den kaltea», eraikinak masiboki eraistea eta, ondorioz, giza bizitzak galtzea bezala, esaterako. Hori bai izango litzatekeela «hondamendi handia».

Yablokovek, bere aldetik, eskualdeari arreta berezia eskaintzeko eskatu zuen. Han, permafrost inguruan, antzeko instalazio asko daudelako, ekologiarentzat arriskutsuak direnak, eta, zaintzen ez badira, horrelako istripu askoz gehiago egongo dira.

Worstpolluted.org webguneak munduko hiririk kutsatuenetakoen artean sartu du Norilsk, eskualde honetan dauden nikel eta kobre enpresen kopuruagatik.

Greenpeaceko ordezkariaren ustez, Errusiako Larrialdi Ministerioak hondamendiaren ondorioak arintzeko iragarritako bi asteak ez dira nahikoa.

«Zalantzarik gabe, hidrokarburoak aurrera egiten jarraitzen du, ibaien hondoan geratzen da, ibaiertzak kutsatzen ditu, eta garbiketak denbora gehiago beharko du, urte batzuk edo hamarkada batzuk», ohartarazi du.

Bestalde, Errusiako Gobernuak iragarri du uztailean Artikoa garatzeko estrategia berri bat aurkeztuko diola Putin presidenteari.

Eta estrategia berri horretan, jakina, ez ditu ahaztuko atera ditzakeen onura ekonomikoak.

Yuri Trutnev lehen ministrorde eta Errusiako presidenteak Ekialde Urruneko barruti federalean duen ordezkariak iragarri duenez, estrategia horrek egungoa –«ez oso eraginkorra»– ordezkatuko du, eta «lurraldeak garatzeko mekanismo berriak» proposatuko ditu.

Dokumentu berriak mekanismoak izango ditu Artiko errusiarrera inbertsioak erakartzeko eta lanpostu berriak sortzeko, aseguruen sorospenaren eta inbertsiogileen aldeko kredituen tasen bidez, bai eta hirigune berriak garatzeko ere.