Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Minneapolistik Erriberara, kafea eta Estatua

Eguerdian terrazan kafea hartzen ari ginela udaltzain bi autotik atera ziren eta eskatu ziguten musukoa jartzeko han geundenoi, edaten, jaten edo erretzen ari ez ginen bitartean. Udaltzainak jatorki gerturatu zitzaizkigun eta ohiko tonu formal/probokatzaile eskizofrenikorik gabe, horrek harritu ninduen egia esan. Bazirudien terrazan eseritakoon osasunagatik arduratzen zirela, berme lana besterik egiten ez zutela. Ez zuten inor mehatxatu, ezta oihu egin ere. Denak zuriak zinetelako, pentsatuko du baten batek arrazoiarekin.

Gogoa AEBetara joan zitzaigun. Nola askok musukoa daramana iraintzen duten, kutsatzeko helburua duen gaixo bat bailitzan. Estatubatuar polizia ere etorri zitzaigun gogora. Agertu zen ekainean Minneapolisko polizia departamentua desegingo zutelako albistea. Irakurri dudanez, azaroan bozkatuko da proposamena erreferendum bidez. Proposamena Komunitatearen Babeserako eta Biolentziaren Prebentziorako Saila sortzea da, nahiz eta ez dagoen argi horrekin zer den esan nahi dutena. Albistea jarraitu beharrekoa izango da, nork jakin...

Egia da niri tokatu zaidanetan ez dudala esperientzia onik izan poliziarekin, den kolorekoa izanda ere. Eta hori zuria zarela, pentsatu du (berriro) baten batek arrazoiarekin. Utz gaitzatela bakean, pentsatzen dugu askotan. Hori mania dutena poliziek beti jendea legez kanpoko gauzak egiten dagoelako uste horrekin. Bestalde, hainbeste jendek egiten baditu, agian legea da gaizki dagoena, pentsatuko du besteren batek arrazoiarekin. Nik dakidala, gainera, oro har ez ditut legez kanpoko gauzak egiten. Egia esan, nik polizia baino, beraiek izan dira behin baino gehiagotan ni (edo beste edonor) behar izan dutenak beren lana justifikatzeko. Portzierto, aurrekoan polizia autonomikoek Voxeko ahaldunak errespetu handiz eta ahots ozenez agurtu zituzten eta besteok ez. Hori ez dakit legezkoa den edo ez, baina ez da batere elegantea...

Gaiarekin korapilatzen ari naiz. Kontua da aurrekoan Lucio Urtubia zendu zela. Gehienok bere zahartzaroan ezagutu genuen, bera eta bere abenturak. Hori bai eredugarria, eta ez Tintin eta bere lagun polizia haiek (barka naza komentario horregatik nire haurtzaroko niak). Batzuei eta bestei lagundu eta, zergatik ez, independentistei ere sostengua eman die Luciok azken urteotan. Eta independentiston artean asko gara, galdetuz gero, zerbait izatekotan anarkista izan gaitezkeela erantzungo genukeenak. Telesfororen kantak ere esaten zuen: «mugarik gabeko ludi zabal bat dugu nahi, armadak suntsitu, dirua ere bai, askatasuna dugu nahi». Utz gaitzatela bakean, egin egingo baitugu herrialde on bat.

Izan daiteke Estatuak bakarrik egin ditzakeen gauzak egotea. Osasuna, hezkuntza baliabideak, aireko espazioa, finantzen kontrola, komunikatzeko azpiegiturak... antolatzeko tresna egokia izatea. Guztioi berme batzuk emateko ardura izan dezake Estatuak. Baina omen datorren krisiaren aurrean gero eta Estatu gehiago exijitzeak industrializazio sakonera eta kontsumismora buelta dirudi... Aurrekoan 1945eko britainiar laboristen garaipenari buruzko Ken Loachen dokumentala ikusi nuen eta, ilusioa baino gehiago, ezinegona sortu zidan. Estatuak berez ez gaitu salbatuko. XX. mendeko jendarteari erantzun bat zen, oraingoari ez dakit. Izatekotan, itolarri garenean itoarazteko ohitura izaten baitu Estatuak, salbatzekoa baino gehiago. Eta Estatua gure egin eta herritarron mesedera jartzekoa, agian hori bai dela utopikoa. Agian gakoa herritarron autonomia eta erantzukizunean ere badago, behetik gorako jendarte eredu batean. Beharbada, hobe gutxika Estatuak ziur sobera dituen txiringito andana desegiten hasiko bagina eta benetan pentsatzeari ekin zer den zehazki Estatuak egin beharko lukeena. •