Amagoia Mujika Telleria
HIZKUNTZA AKTIBAZIOA

Nola piztu herritarrak hizkuntza errealitatea euskararen alde astintzeko?

Euskararen erabilera pizteko formula magikoaren bila bezala dabil euskalgintza, formula magikorik existitzen ez dela jakitun. Jakina dena da herritarrak piztea, aktibatzea, beharrezko baldintza dela hizkuntza errealitatea astintzeko. Aktibaziorako prozesuak eta gakoak ikertu ditu Soziolinguistika Klusterrak azken lau urtean, argi printza batzuk eskaintzeko.

Euskara dakitenak eta euskararen alde daudenak gero eta gehiago diren arren, hortik euskaraz egitera koska bat dago, oraindik igotzea kostatzen den maila bat. Hori da, hain justu, euskararen sustapen lanetan dabiltzanentzat erdigunean bete-betean dagoen kezka: Nola aktibatu herritarrak hizkuntza errealitatea eraldatzeko.

2015etik Soziolinguistika Klusterrak gidatutako lantalde bat euskararen erabilera sustatzeko tokian tokiko aktibazio-prozesuen ezaugarriak ikertzen aritu da.

«Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskariz abiatu genuen ikerketa proiektua. Identifikatu genuen euskararen erabilera areagotzeko garrantzitsua zela herritarrak aktibatzea. Erabilerak gora egiteko beharrezkoa da herritarrak subjektu aktibo izatea, horrek ekarriko baitu etorkizunean euskararen erabilerak gora egitea. Hori izan da momentuko irakurketa eta herritarren aktibazio hori sustatzeko zer gako eta zer prozesu egin daitezkeen zehaztearen eskaera jaso genuen. Horretan gauzatu da ikerketa», azaldu du Soziolinguistika Klusterreko kide eta proiektuaren koordinatzaile Maialen Iñarrak.

Baina, aktibazioaz ari garenean, zertaz ari gara? «Aktibazioa hitza askotan lotzen dugu ekitaldi batekin, jaialdiren batekin, ospakizun batekin. Egun bateko kontua bailitzan, denok plazan elkartuta. Baina azkenean hori gauzatzeko aurrelan handia dago, baita horren osteko lana ere. Hizkuntza aktibazioaz hitz egiten dugunean, bere osotasunean ulertu behar da prozesua. Hizkuntza errealitatean eragiteko asmoz abiatzen den antolakuntza prozesu batez ari gara. Gure ustez, gainera, antolakuntza prozesu hori elkarlan ireki batekin eta modu malguan egin beharko litzateke, abiatzen dituen ekintza multzo horiek ahalik eta eraginkorrenak izateko. Prozesua bere osotasunean hartuta oso prozesu luzea da eta olatuak ditu. Batzuetan puntu gorenak izango ditugu, ikusgarrienak egiten diren ekintza horiekin, baina gero noski apalaldiak ere badaude. Zailtasunak ere etortzen dira. Horiek ere aurreikusi eta kudeatu behar dira aktibazio prozesu horretan», azaldu du Iñarrak.

Aktibatzeko gakoak

Alde batetik, tokian tokiko herritarrak euskararen jiran aktibatzeko zaindu beharreko gakoak zeintzuk diren identifikatu ditu lau urteko ikerketak. Beste alde batetik, aktibazio horretarako prozesua zein izan litekeen marraztu edo proposatu du.

Hiru fasetan gauzatu da ikerketa. «Lehen fasean sei esperientzia izan genituen aztergai, beraien inguruan herritarrak aktibatzea lortu zuten sei ekimen: Gernikako Astra kulturarako fabrika soziala; Lasarte-Oriako Ttakun Euskara Elkartea, Emakumeen Mundu Martxa, Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako ekimena, Otxandioko Herri-ola herrigintza egitasmoa eta Eibarko Akebai egitasmoa. Euskarari lotutakoak, baina baita beste arlo batzuetakoak ere, feminismotik edo herrigintzatik sortutakoak kasu», azaldu du Iñarrak.

Esperientzia arrakastatsu horietatik gakoak identifikatu eta bigarren fasean bi esku-hartze kontrolatu gauzatu ziren. «Beharrezko ikusi genuen pare bat guneetara jotzea gako horiek nola landu daitezkeen ikusteko, aktibazio hori sustatzeko. Jakin izan genuen bai Tolosaldean bai Arrasaten bazutela kezka bat gai honekin. Hain zuzen, Arrasaten euskalgintzako eragile mordo bat dago, baina sentitzen zuten ez zirela asmatzen ari benetan Arrasateko herritarrak gai honetan aktibatzen. Tolosaldean ere bazen ekimen bat. Tolosako Galtzaundi Euskara Elkarteak eskualdetzeko joera bat edo asmo bat adierazi zigun. Herritik eskualderako salto hori egiteko iruditu zitzaigun lagungarri izan zitezkeela ordura arte identifikatu genituen gakoak lantzea. Bi gune horietan ondorengoa proposatu genuen: Guk orain arte identifikatu ditugun gakoak landu eta gune hauetan esku hartuz, irudika dezagun nola gauzatu prozesu bat herritarrak euskararen jiran aktibatzeko».

Euskaraldiari begiratua

Ikerketaren lehen bi faseak burututa zeudela, 2018. urtean pare-parean gertatu zen euskalgintzak sustatutako aktibazio ekimen garrantzitsua: Euskaraldia. Hartara, interesgarri jo zuten Euskaraldia ere ikertzea, herri aktibaziorako gako garrantzitsuak ukitu baitzituen Euskal Herri mailako ekimen sonatuak. Izan ere, aktibazioaren ikuspuntutik ertz interesgarriak ditu Euskaraldiak. «Erakunde publikoek eta gizarte eragileek elkarlanean herritarren hizkuntzaren inguruko aktibazioa bultzatzeko ekimena izan da; beraz, bete-betean sartzen da tokian tokiko aktibazioko ikerketa proiektuaren oinarrien barruan. Bestetik, izan duen hedapenak aukera handia ematen du ekimen bera toki desberdinetan nola garatu den jakiteko», jasotzen du ikerketak.

Ez dago formula magikorik

Euskararen erabilera pizteko formula magikorik ez dago, baina badira metxa indartsuak, herritarrek piztuak, eta horiek identifikatzea izan da ikerketaren helburua. «Zaila da, azkenean aktibazio prozesuak oso prozesu konplexuak dira, modu pausatuan eta epe luzean gauzatzekoak. Ez da egun batetik bestera lortzen dena. Ez dugu ahaztu behar aktibazio prozesu batean historikoki finkatutako ohitura batzuk eta egitura batzuk eraldatu nahi izaten direla. Aktibazio prozesuek beti dute helburu positibo bat, behar bat edo kezka bat identifikatzen delako, egungo errealitatean eraldatu nahi duguna. Eraldaketa bat suposatzen duen heinean, konplexu bihurtzen du guztia», egin du gogoeta Maialen Iñarrak.

Hartara, “Tokian tokiko hizkuntza-aktibazioa. Herritarrak eta euskara: aktibaziorako prozesua eta gakoak” izeneko ikerketaren emaitzak konplexutasun horren barruan ulertu behar dira.

«Ikerketa egin ostean eskuratu ditugun emaitzak ez dira hartu behar aktibaziorako huts egiten ez duten errezeta ziur moduan. Hainbat esperientzia izan ditugu aztergai lau urtean zehar, hamaika esperientziatik gora aztertu ditugu, baina azkenean tokian tokiko errealitateak, ohiturak, egiturak... bakoitzak bereak ditu eta ikerketaren bidez eskuratu ditugun emaitza hauek tokian toki egokitzeko modukoak dira eta, gainera, egokitzapen horiek egin behar dira. Ondorioak modu malguan hartu behar ditugu eta eraldatu nahi dugun errealitatera egokitzeko gaitasuna izan behar dugu», egin du zehaztapena ikerketaren koordinatzaileak.

Akaso, toki batean funtzionatzen duenak beste batean ez du funtzionatzen eta garai batean funtzionatzen duenak beste garai batean ez.

«Saiakera egin dugu oinarrizko gakoak identifikatzeko eta edozein momentutan eta edozein tokitan gaudela ere, identifikatu ditugun sei gako horiek buruan izateko». Gako horiek, tokian toki, gehiago edo gutxiago gara daitezke. «Gu puntu honetara iritsi gara, baina badago sorpresa faktorea, edo ikusi ezin daitekeen gertaera bat. Gerta daiteke gertaera hori izatea hain justu herritarrak aktibatzea lortzen duena», esan du Iñarrak.

Proiektuan Soziolinguistika Klusterraren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren bidelagun izan dira EHUko Parte Hartuz Institutua, Elhuyar, Emun, Euskaltzaleen Topagunea, Donostiako Udala eta tokian tokiko hainbat eragile: Astra, Ttakun euskara elkartea, Herri-ola egitasmoa, Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako, Emakumeen Mundu Martxa, Akebai, Arrasateko eta Tolosaldeko euskalgintza eta Arrasate, Donostia, Errenteria, Hondarribi eta Ikaztegietako Euskaraldiko batzordeak.