Unai Garcia
Ingurumen teknikaria (Grunver Sostenibilidad)

Norberaren karbono aztarna murrizteko jarraibideak: 1. Garraioa.

Hamar urte ditugu isuritako berotegi efektuko gasen emisioak %45 murrizteko, 2050erako planetaren tenperatura, industriaurrekoarekin alderatuta, 1,5ºC baino gehiago ez handitzeko helburua lortu nahi badugu. Gobernu, legegile eta enpresa handiek dute klima larrialdia saihesteko erantzukizuna, baina isuritako gasen %65 kontsumitzaileon eguneroko jarrerei egotz dakieke.

Azken hamarkadetan atmosferara isuritako berotegi efektuko gasek ondorio atzeraezinak sortuko dituzte planetako kliman. Hala ere, giza osasunean eta ekosistemetan eragindako kaltea nabarmen arinagoa izango da tenperaturaren igoera 2ºC-koa baino baxuagoa bada, industria aroaren hasierakoarekin alderatuta.

2016an Nazio Batuek bi gradu horiek ezarri zituzten mugatzat Parisko Hitzarmenean, non 175 herrialdek 2050ean isuritako gasak zero izateko konpromisoa hartu zuten. Berotze globalaren aurkako borrokan inoizko akordiorik esanguratsuena izan arren, ez zen lortu isuriak murrizteko planak lotesleak izatea, eta munduko igorle handienak, AEBek, 2017an iragarri zuen hitzarmenetik ateratzeko asmoa. Horrez gain, gaur garatzen hasi behar diren ekintza plan gehienek oraindik asmatu ez diren teknologien esku jartzen dute helburua lortzea.

Horregatik, Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak (IPCC) itu hurbilago bat zehaztu du: 2030. urterako emisioak %45 murriztu behar izango ditugu, bide onetik goazela bermatzeko. Hau da, urtero isurtzen diren 48.000 milioi tona CO2 baliokide inguru, ia erdira murriztu behar dira hamar urtean. Edo era ulergarriago batean esanda, urte batean gutako bakoitzak igortzen dituen 7,4 tonetatik, 3,33 ezabatu behar ditugu xede hori lortzeko (AEBetan pertsona bakoitzak 20 tona isurtzen ditu; Kongon, 0,6).

Adituak bat datoz: igorpenak era eraginkorrean murrizteko, estatuek errotik heldu behar diote arazoari. Horretarako, sektore kutsatzaileenak gogor arautu eta inbertsioak indartu behar dira emisio baxuagoko teknologietan. Hala ere, igortzen diren berotegi efektuko gasen %65 kontsumitzaileon eguneroko jarrerekin lot daitezke. Endesa da energia sortu eta kutsatzen duena (Estatu espainolean emisio gehien egiten dituen enpresa), baina guk egin ditzakegu elektrizitate kontsumoa murrizteko ahaleginak, esate baterako.

Legegile eta enpresa handiek duten erantzukizuna alde batera utzita, gutako bakoitzak, 2030. urterako, karbono aztarna 3,33 tona murrizteko aplika ditzakeen jarraibide batzuk aztertuko ditugu datozen asteetan. Gaurkoan, garraioaren arloan egin ditzakegun jarrera aldaketei lotutakoak.

1. Urtero hegazkinez egiten den bidaia bat ezabatzea

Hegazkina da kilometro bakoitzeko berotegi efektuko gas gehien igortzen dituen garraiobidea. Sarritan, hegan egitea merkeagoa da, baina, horren ordez, urtero, distantzia ertaineko bidaia bat egiteko, autobusa edo trena erabilita, 0,6 tona CO2 baliokide inguru aurreztu daitezke.

2. Telelana

Koronabirusak eragindako itxialdiak gutako askok etxetik lan egin dezakegula frogatu du. Horretarako aukera izanez gero, telelanaren bidez, gure urteko karbono aztarna 0,4 tona CO2 baliokide inguru murritz daiteke.

3. Erosketak dendan bertan jasotzea

Dendara oinez edo garraio publikoan joan baldin bagaitezke eta Internet bidez erositakoa bertan jaso, 0,1 tona CO2 baliokide inguru aurreztu ditzakegu.

4. Auto hibrido edo elektriko bat erabiltzea

Auto hibrido entxufagarriek edo %100 elektrikoek, zuzenean gasik isuri ez arren, kontsumitzen duten energiaren araberakoa da eragiten duten kaltea. Hau da, autoak erregai fosiletatik eratorritako sare energia erabiltzen badu, emisio garbiak ez dira murrizten, beste nonbait sortzen dira soilik (Australian, adibidez, kaltegarriagoa da auto elektrikoa erabiltzea gasolina edo diesela baino, sare energia ikatz zentralen bidez sortzen duelako nagusiki). Gainera, auto berri bat erosi eta zaharra botatzeak ere ingurumen kostu esanguratsua dakar, berria eraginkorragoa izan arren.

Estatu espainolean auto hibrido edo elektriko bat hartzea aukera onuragarria da, autoak 70.000 kilometro baino gehiago egingo baditu. Kasu horretan, aldaketak gure urteko karbono aztarna 1,5 tona CO2 baliokide inguru murriztea eragingo luke.

Ondorioak

Badaude norberaren karbono aztarna murrizteko aukera drastikoagoak. Hegazkina inoiz ez erabiltzeak 4 tona CO2 baliokide murritz ditzake, eta autorik gabe bizitzeak, 3,6 tonatara arte, adibidez. Hala ere, hainbat aukera izateak ahalbidetzen digu bakoitzak bere bizimodura hoberen egokitzen direnak hautatzea, eta, gainera, urte batzuk ditugu oraindik aldaketak apurka aplikatzeko.

2030erako zure karbono aztarna %45 murrizteko konpromisoa hartzeko gai zara?

Helburua lortzeko, hurrengo astean gure dietaren bidez lortu ditzakegun emisio aurrezpenak aztertuko ditugu.

Datuak:

Igorpenen murrizketei buruzko kalkuluak: Diana Ivanova et. al. (2020)

Herrialde bakoitzaren karbono aztarna: Potsdam Institute for Climate Impact Reseach (2017)