Joana Garmendia

Kendu maskarak

Azkenaldian noiznahi eta nonahi entzuten dugu fake news edo faltsututako berriei buruz hau eta bestea. Ez dira, edo ez soilik, berri faltsuak, edo gezurrezko notiziak. Hartzailea desinformatzea helburu duten berriak dira, informazio ez erabat zuzena zabaltzen dutenak, sare sozialen eta teknologia berrien bitartez, nagusiki. Batzuetan, ondo orkestraturiko plan baten parte dira –klima aldaketari garrantzia kentzeko edo gizartea immigrazioaren aurrean izutzeko egin direnak, adibidez–. Ez dira zabarkeriaz okerturiko berriak, alegia datuak ondo ez biltzeagatik edo informazioa trakets eskuratzeagatik faltsuak. Bestelakoak dira. Desinformatzeko zabalduriko informazioa da.

Gisa horretako berriek bazka erraza aurkitu dute pandemia garaian. Azken hilabeteetakoa egoera erabat berria da gure herrialdeentzat. Gerrak urruti entzuten ditugu, goseak beste batzuei jotzen die, leku exotikoetakoak dira tsunami-lurrikara-tornadoak. Arriskuak beti iritsi zaizkigu sorgortuta, urrutiko lekuren batean talka egin ostean datozkigun oihartzun makalduen gisan. Orain arte. Birusa etxe atarira eta leungarririk gabe etorri zaigu. Eta beldurra da informazio faltsuentzat ongarririk eraginkorrena.

Beste elementu batzuk ere batu zaizkio beldurrari, fake diren berri horiei bidea errazteko. Horien artean bat garrantzitsua diskurtso fidagarri baten falta izan dela esango nuke. Guretzat berria bada egoera, sistema kudeatu behar duenarentzat ere halaxe izan da. Eta baldar ari dira. Etxean geratzeko, baina lanera joateko. Maskarak janzteko eta eranzteko; baina, badaezpada, gabe ez ibiltzeko. Gure herrietan turista izateko; baina hondartzarik, tabernarik, kontzerturik ez zapaltzeko. Gure axolagabekeriagatik berehala omen gara denok berriro etxean itxita, baina irailaren hasieran haur guztiak eskolara bidaltzeko.

Beldurra geneukan eta nahastuta gaude. Ez gaude, ordea, gerran, ez gaitu inongo tsunamik jo, eta, zenbaitzuen berrogeialdiak ikusita, ez diogu zertan beldurrik izan hurbileko goseteren bati. Gure gizartea irauli duena birus bat da, eta zientzia-ikerketak argituko du birus hori zertan den eta nola indargabetu daitekeen. Horren zalantzarik ez da. Non, nork eta noiz argituko duen, hori da zalantza bakarra. Eta zientziak, kasu hauetan, ez du nahi genukeena adinako erritmo bizirik. Idazle batek argitara dezake pandemiari buruzko liburua itxialdiaren bigarren astean, horrelaxe, hausnartu beharreko guztiak goizetik gauera hausnartuta. Horixe abilidadea. Ikerketa zientifikoan ezin da magiarik egin.

Beldurtuta gaude, nahastu gaituzte, eta hau guztia konponduko duenak pazientzia eskatzen digu. Bien bitartean, gure pantailetan, fake-ak dabiltza lasai ederrean; eskatu gabe ere hortxe jasotzen ditugu, saldoan, mundu mailako konspirazioen teoriak, maskaren aurkako argudio zentzugabeak, ardi otzanen gisara marrazten gaituzten trufa burlatiak. Eta, bai, beldurtuta eta nahastuta gaude, baina, halere, harrituta nauka ikusteak zein erraz sinetsi diren fake horietako asko eta asko.

Bineta bat jaso nuen atzo pantailaren batean: lagun batek besteari ohartarazten dio ez sinesteko irakurri berri duena, fake dela. Besteak, begiak arranpalo, zera erantzuten dio: nola izango da ba fake, nik entzun nahi dudan huraxe esaten badu?

Azken finean, maskarak gogaikarriak dira, aspertuta gaude etxean egoteaz, uda da eta ez dugu oporrik gabe geratu nahi. Hortik ere bada zerbait. •